Irati Oregi: “Suizidioaz hitz egitea ere prebentzioa lantzeko modu bat da”

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 5a, 12:00

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Bidasoko ospitalean familia medikua da Oregi. Osasungintzari beste ertz batetik heltzeko asmoz, Suizidiologia masterra egin du. Gaia lehen lerroan dagoela dio, baina sinesmen okerrez zikinduta. Postbentzioan arreta jartzea beharrezkoa dela uste du, bere buruaz beste egin duen pertsonaren ingurukoengan, alegia. 

Familia medikua da Irati Oregi Belaustegi (Zumaia, 1993). Lanean zegoela ezagututako kasu bati esker heldu zion suizidioaren gaiari akademikoki, eta masterra egin berri du EHUren Leioako Campusean. Dena den, “gai soziala” dela uste du. 

Medikuntza amaitu eta Suizidiologia masterra egin berri duzu. Nolatan erabaki zenuen ikasketa horiek egitea?

Medikuntzan buru osasunari lotutako guztia Psikiatriaren barruan dago. Beste espezialitateetan ez da ukitzen. Mediku batek garatuago eduki dezake enpatia, edo jakin-mina izan buru osasunean. Traumatologo batek, esaterako, lesioak sendatuko dizkizu, baina gainerakoa ez da bere ardura. 

Suizidiologia ikasketak egitea erabaki nuen larrialdietan hogei urteko gazte baten kasua ezagutu eta gero. Pilulen gaindosi batekin artatu genuen. Berak esan zigun hiltzea nahi zuela, eta larrialdietara etorri zen amak harrapatu zuelako. 

Gai hori tabu bat da, eta ez dugu jakiten horrelakoetan zer egin. Horixe gertatu zitzaidan paziente harekin ere; ez nekien nola lagundu. 

Dena den, suizidioaren gaia ez da buru osasuneko kontu bat bakarrik. Suizidioa bera buru osasunaren barruan sar dezakegu, baina gai soziala da, berez. Gertatzen diren gauzek eragina baldin badute norberarengan, horrek ez du esan nahi nahitaez buru osasuneko arazoren batekin lotutako zerbait denik, baizik eta erreaktiboak garela gertatzen zaigunarekiko. 

"Suizidioa bera buru osasunaren barruan sar dezakegu, baina gai soziala da, berez"

EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean ikasi duzu, Leioako Campusean. Zein zen ikasleen profila?

Psikologoak eta gizarte hezitzaileak ziren gehienak. Medikuak ere bai pare bat, irakasleren bat edo beste, ertzain bat eta kazetariak. 

Espero zenuena ikasi duzu?

Suizidioa zer den definitzea ere kosta egiten zitzaidan hasi nintzenean. Ez nekien fenomenoa zer zen. Pertsona hil egiten dela bai, baina ez horretara zerk eraman dezakeen bat. 

Ikasi dugu historikoki nondik datorren, zein den munduan dagoen intzidentzia, eta arlo bakoitzean nola aurkezten den: hezkuntzan, osasunean, larrialdietan… Azkenengo zatian postbentzioaz aritu gara. Hor ikasi dugu familiak nola egiten dion aurre galerari. Dolu bat da, baina bereziki zaila: espero ez duzuna izaten da normalean, eta espero izanez gero, kulparen karga dakar berarekin. Badaude familiartekoak laguntzeko erakundeak. 

Postbentzioarena interesgarria da. Espainia mailan, esaterako, ez zaie segimendurik egiten familia horiei, eta babesgabe geratzen dira. Hitz egiteko gai zaila da, eta normalean, kanpotik ere leporatzen zaie familiakoei. 

Zeure ekimenez erabaki duzu gaia lantzea, beraz. Uste duzu osasungintzatik gai horri erreparatu beharko litzaiokeela?

Ez dugu formakuntzarik jasotzen gai honen inguruan. Profesionalek badaukate jakin-mina honen inguruan ikasteko, baina ez dugu tresnarik eskura. Badaude idatzitako protokoloak, baina beldurra daukagu norbaiti bere buruaz beste egitea pentsatzen ari den galdetzeko, baiezko erantzuna jasoz gero, askotan ez dakigulako zer egin behar den buru osasunera bideratzeaz gain. 

Baiezko horri zer jarraipen eman jakin nahi izan dut. Gabezia badago; nik, behintzat, ez dut Osakidetzan oinarrizko formakuntzarik jaso. Gertatzen dela jakin, badakigu, baina kasu batzuetan gaixotasun batzuen barruan gertatzen den fenomeno bat bezala, eta ez edonori gerta dakiokeen zerbait bezala. 

Gaian sakontzen joan ahala, zerbaitek harritu zaitu?

Estatuan hamar kasu izaten dira egunero, batez beste. Kasu horietako bakoitzeko hogei saiakera izaten dira, eta suizidio bakoitzak inguruko zazpi pertsonarengan izaten du inpaktua. 

Pandemia garaian hasi nintzen ikasten, eta asko entzun dugu asko igo direla kasuak azken hilabeteotan. Hori ez da egia. Eustaten edo INEn begiratuz gero, ikus daiteke joera goranzkoa dela, baina ez dela izan bat-bateko igoerarik. 2010ean eta 2020an heriotza maila antzekoa izan zen. Horrek harritu egin nau. 

Buru osasuneko arreta handitu da; jendeak eskatu egiten du osasungintza publikoan psikologoarengana joateko hitzordua. Baina suizidio tasak ez, ez dira handitu.

"Krisi garaian baino gehiago, krisi ondorenean igotzen dira kasuak. Krisian multzo bat eratzen dugu, eta elkar gehiago zaindu. Gero, “gerraoste” horretan nabaritzen da punta bat"

Gertaera historiko eta sozioekonomikoekin badauka loturarik tasaren gorabeherak?

Bai, eduki dezake. Krisi garaian baino gehiago, krisi ondorenean igotzen dira kasuak. Krisian multzo bat eratzen dugu, eta elkar gehiago zaindu. Gero, “gerraoste” horretan nabaritzen da punta bat.

Gabon inguruan ere igotzen dira. Ikusiko dugu zer gertatzen den datozen urteetan. 

Ez dakigu nola prebenitu, ezta gertatu ondoren gaiari nola heldu ere. 

Hori da. Prebentzioa eta interbentzioa lantzen dira, hala ere, gehien, eta postbentzioaz ahaztu egiten gara. Gainera, ikusi da postbentzioa bera tratatzea prebentzio mota bat dela; familiarteko batek bere buruaz beste egin eta gero gaia behar bezala lantzen ez bada, arrisku handiagoa dute familiakoek gauza bera egiteko. 

Gazteen arteko heriotzen kausa nagusia omen da. 

Ez dakit mito bat ote den. Egia da hori esaten dela, baina kontuan eduki behar da pandemiaren kontestuan zabaldu dela. Murrizketak eta neurriak direla medio, jaitsi egin dira istripuak, eta hori zen lehen gazteen heriotzen kausa nagusia. Horregatik azaleratu da suizidioa. 

Ohikoena 45-60 urte arteko gizona izaten da. Talde zaurgarriak dira nerabeak eta adineko pertsonak. Adinekoak bakarrik bizi direlako eta fisikoki mugatuta daudelako, eta nerabeak orduantxe daudelako lagun taldeak sortzen, sozialki garatzen… Eta, gainera, ez daukate hori kudeatzeko tresnarik garatuta. 

Arrisku faktoreak idatzita eta aztertuta daude, baina ez da lortu arrisku faktoreetatik suizidio maila jaistea. Buru osasuneko arazoak dituztenak, ezkongabeak, gizonezkoak, nerabeak, LGTBI+ kolektiboko pertsonak… Horiek dira arrisku faktore batzuk. 

Garai batean esaten zen: badakigu zeintzuk diren hiltzen direnak; bada, jar ditzagun talde horiek babesteko mekanismoak eta landu dezagun prebentzioa. Baina ikusi da prebentzioa horrela eginda ez dela tasa jaisten. Unibertsala izan behar du. Arrisku faktoredun pertsona horiei zuzendutako beste kanpaina bat ere egin daiteke, baina unibertsalak egon behar du. Ezin da jakin zer egingo dugun gizakiok, eta ezin da jakin bakoitzak nola erantzungo dion bere bizitzari. 

Zertan oinarritu beharko litzateke kanpaina unibertsal hori?

Telebistan iragarkiak eman daitezke, genero indarkeriarekin edo trafiko istripuekin egiten den bezala, eta telefono zenbaki bat zabaldu. Orain atera dute bat; laster jarriko dute martxan. 

Bestetik, jendea bere buruaz beste egiten ari bada menditik behera botata, kartel bat jar daiteke, telefono zenbakiarekin. Frogatuta dago horrelako oztopoak jartzen gutxitu egiten direla kasuak. Prebentzio unibertsala da hori. 

"Ezin da jakin zer egingo dugun gizakiok, eta ezin da jakin bakoitzak nola erantzungo dion bere bizitzari"

Eta zer egin behar da azkenengo oztopo horietara ez iristeko?

Hezkuntza emozionalak garrantzia handia du. Jakin behar duzu zeintzuk diren zure emozioak eta zer ari zaren sentitzen, hori azaltzen ez dakielako askok. Eskoletan eta etxeetan landu beharko litzateke. Uste dut martxan dagoela, eta hemendik aurrera gehiago entzungo dugula horretaz. 

Suizidioaren ideia saihestea uste dut ezinezkoa dela. Eta kontua ez da horren inguruan ez pentsatzea. Kontua da ideia horiek edukiz gero, zer egin jakitea. Identifikatzen jakitea eta laguntza eskatzea, alegia. 

Zeintzuk dira pertsona bat bere buruaz beste egitera eraman dezaketen sentimenduak?

Min gobernaezina aipatzen da askotan. Ebakiak-eta egiten dituzte min psikiko hori min fisikoarekin nolabait orekatzeko. Karga bat direla ere uste izaten dute, eta etsipena sentitzen dute. Hiru sentimendu horiek sintoma komunak dira bere buruaz beste egiten duen jendearengan. 

Gehiago hitz egiten al dugu orain buru osasunaz?

Bai, igo egin da arretaren eskaria. Nire lankideek ere nabaritu dute. Ez dakit esaten zergatik den. Lehen ere bazegoen igual, baina azaleratu egin zaigu. Harreman sozialak ere murriztu behar izan ditugulako, beharbada. 

Gure ezkutatzeko estrategiak ere izan daitezke. “Ez nago ondo, eta banoa lagunekin zerbait hartzera”. Guri geure buruarekin egotea tokatu zaigu. 

Ez dago profil zehatzik, edonori gerta dakioke. Generoari dagokionez, emakumezko bateko lau gizonezko hiltzen dira suizidioz. Baina saiakera horiek askoz altuagoak dira emakumeen kasuan. Zer pentsatua ematen du, azken finean, saiakera horiek dakartelako pertsona horri arreta eskaintzea. Iruditzen zait emakumeok badaukagula erraztasuna gure emozioen inguruan hitz egin eta laguntza eskatzeko, oro har. Gizonezkoek beharbada ez dute ondo identifikatzen gaizki egote hori, ez dute konpartitzen, eta erabiltzen dituzten metodoak hilgarriagoak dira. Badute lotsa bat hitz egiteari lotutakoa. 

"Generoari dagokionez, emakumezko bateko lau gizonezko hiltzen dira suizidioz. Baina saiakera horiek askoz altuagoak dira emakumeen kasuan"

Nola hitz egin suizidioaz, heriotza bera ere tabua denean?

Hitz egiten. Uste dut beldur handia ematen digula gaiak. Mito bat da, adibidez, suizidioaz hitz egiteak heriotza tasak handitzen dituela. Ez dakit zeren beldur garen. 

Tresna horiek emateak ez du sortuko intzidentzia handitzea. Egoera horretan dagoen jendea hitz egitera bultza baizik. 

Ez da galdetzeko beldurrik eduki behar. Egia da guri ere, osasun langileoi ere, asko kostatzen zaigula. 

Mitoak aipatu dituzu. 

Sinesmen oker asko ditugu gai honen bueltan. Hil nahi duena hil egingo dela, adibidez. Lehen esan bezala, heriotza bakoitzeko hogei saiakera egoten dira batez beste, eta oso barneratuta dugu asmoa arreta bereganatzea izaten dela. Hori ere gezurra da; zenbat eta saiakera gehiago egin, orduan eta altuagoak dira hiltzeko aukerak. 

Pentsa zer gogorra den zure semeak edo alabak besoa moztu behar izatea ohartarazteko. Akaso horretan ari da, baina zerbait gehiago dago horren atzean. Askotan banalizatu egiten da ohartarazteko kontu horrekin. Agian ez du heriotzaren nahi hori presente edukiko momentu horretan, baina horri eutsi egin behar zaio. 

Entzun beharrean, joera izaten dugu triste egote hori gutxiesteko. “Nola egongo zara triste, dena daukazu-eta”. Gehiago entzun beharko genuke. Tunel horretan sartuta zaudenean, ez duzu argirik ikusten. 

Komunikabideok hanka sartzen ari gara?

Medioek garrantzi handia duzue gai honen prebentzioan. Medioen bidez zabaldu da, lehen esan bezala, intzidentziaren igoeraren berria. Ez ditut titular horiek ulertzen. 

Egia da igual ez direla medio ofizialak. Medioak guztiok gara; denok dugu Facebook, Instagram, edonork idatz eta zabaldu dezake. Nik uste dut leku askotan ez dela behar bezala lantzen gaia. Datu pertsonalak ematen dira, eta ez da fokoa prebentzioan jartzen, morboan baizik. Askotan ezaugarri bati lotzen zaio: lanetik bota dute, eta, beraz, bere buruaz beste egin du. Hori ez da horrela, suizidioa multikausala baita. Sinplifikatu eta glorifikatu egiten da. 

Gai honi profesionalki edo akademikoki urrutirago joateko gogoz geratu zara?

Konturatu naiz gai honekiko interesa badagoela lan egiten dudan eremuan. Asmoa nik ikastea eta eguneroko bizitzan erabiltzea zen, baina bultzada bat nahi diot eman lanean. 

Larrialdietako paziente harekin gertatu zitzaidana ez gertatzea da asmoa. Horrelako kasu bat gertatuz gero, gu hain galduta ez egotea, alegia. Espezialista batengana bidaliko dugu seguru, baina lan asko dago egiteko detekzioan. Saiakera bat eginda etortzen bada norbait, segituan erantzuten dugu. Asmoa da hankeko minarekin datorren norbaitek halako ideia bat badu, detektatzeko kapazak izatea. 

Nahi eta nahi ez jarraituko dut. Gaia pil-pilean dago. 

Lehen lerrora atera da gaia, baina ikuspegi egoki batetik?

Uste dut entzun egiten dugula, baina ez dakigula oso ondo zer den. Gainera, ez da egia intzidentziaren igoera hori. Beldurra daukagu, saiakera asko ikusten ari garelako eta nola kudeatu edo zer irtenbide eman ez daukagulako garbi. 

 

Postbentzioan laguntzeko elkarteak:
Biziraun
Bidegin

Euskal Suizidiologia Elkartea:
Aidatu

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide