"Inguruko herriekin zerbait mugituko da datozen urteetan"

Onintza Lete Arrieta 2022ko eka. 16a, 13:00

Belen Uranga eta Ibon Manterola Larraina Euskara Taldeko kideak. (Onintza Lete Arrieta)

Udaren atarian, sasoiko dago Larraina Euskara Taldea: bertso afaria egingo dute bihar, Xabier Leteri buruzko solasaldia uztailean, eta udazkenerako gai potoloak dituzte prest.

2018an, lehenengo Euskaraldia lantzeko Zumaian bildu zen herritar talde batek sortu zuen Larraina Euskara Taldea. Euskaraldia amaitu eta lanean jarraitzeko gogotsu ziren, eta pandemia iritsi arte, hainbat ekintza egin zituzten jendaurrean. Orain, berriz aterako dira kalera. Bihar bertan, esaterako, bertso afari berezia egingo dute Pulpo elkarte gastronomikoan Unai eta Eñaut Agirre bertsolariekin. Hori, ordea, ekintza askotan aurrenekoa baino ez da, Belen Uranga (Zumaia, 1961) eta Ibon Manterola (Zumaia, 1978) taldekideek kontatu dutenez. 

Pandemia atzean utzita, berriz ere kalerako prest da Larraina Euskara Taldea, eta bihar duzue aurrenetariko hitzordua.

BELEN URANGA: Hala da. Talde gisa kalera ateratzeko gogoa dugu, eta euskal kulturaren inguruko jendea elkartu eta harremana hartu. Pentsatu genuen bertso afari hau elkarrekin festa giroan egoteko aukera polita izan zitekeela. Gainera, azpimarratu nahi dugu Pulpo elkartearekin elkarlanean egin dugula. Izan ere, bide bat hasi nahi dugu: ekintzak guk antolatu nahi ditugu, baina beste erakunde batzuekin elkarlanean. Hau aurrenekoa izan da; espero dugu beste elkarteekin jarraitzea.

Aurten zer ekintza eta egitasmo dituzue esku artean?

IBON MANTEROLA: Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa aurten bigarren urtez guk antolatuta egin da –orain arte udalak egiten zuen–; Korrikaren harira ere mugitu ginen; ikerketa bat ere martxan daukagu herrian HH eta LH zikloetako haurren hizkuntza sozializazioaren inguruan; eta orain, uztailean, Xabier Letez Joxean Goikoetxeak idatzi duen Hesia urraturik obrari buruz hitzaldi-elkarrizketa bat antolatu dugu Goikoetxearekin eta Alex Gurrutxaga zarauztarrarekin –Gurrutxagak doktorego tesia egin du Leteren obraren eta bizitzaren inguruan–.

Eta uda ondorenerako, zer?

B.U.: Udazkenerako baditugu plan batzuk, eta horietako bat da egoeraren azterketa soziolinguistiko batzuk egitea. Orduan aurkeztuko dugu haurrei buruz egindako ikerketa ere. Horrez gain, eta hau primizian esaten dugu, gazteak motibatzeko eta aktibatzeko ikus-entzunezko lehiaketa bat antolatuko dugu. Tartean dago, noski, Euskaraldiaren inguruko lanketa ere. 

Haurrei buruz egiten ari zareten ikerketaz, zer zehaztu dezakezue?

I.M.: Eskolako esparru batzuetan eta aisialdiko esparru gutxi batzuetan haurren hizkuntza erabilera nolakoa den aztertu dugu, eta etxeetako errealitatearen argazki txiki bat ere jaso da. Bere garaian jendeari galdetu genion ea non jarri nahi zuten arreta, eta gaietako bat hauxe izan zen. Ikerketatxoa egitea erabaki genuen, eta azkenean, ikerketatzar bilakatu da.

Zergatik?

I.M.: Tamainagatik. Geu ari gara egiten Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean, eta ikastetxeekin elkarlan oso interesgarri bat garatu dugu. 

B.U.: Bai. Udalari esker egin dugu, baina, batez ere, hiru ikastetxeei esker. Udazkenean aurkeztuko ditugu emaitza horiek, eta herri mailako beste datu batzuk ere egongo dira, eta egingo dugu egoeraren azterketa inportante bat.

I.M.: Uste dugu beharrezkoa dela etengabe aritzea argazkiak ateratzen eta egoera neurtzen, eta Larrainaren zeregin nagusia ez da hori izango, baina izango da eragile bat, ahal duen neurrian, neurketa horietan lagunduko duena. 

Atzera begiratuta, 2018ko Euskaraldian du abiapuntua Larrainak, ezta?

B.U.: Hala da. Guk ezusteko ikaragarria hartu genuen ikusi genuenean zenbat jende elkartu zen Euskaraldiaren bueltan, soil-soilik esateko hemen gaude. Emozio oso handia izan zen, Zumaian jende pila bat dagoelako  euskararen alde aktibatu nahi duena. Bestalde, 2018tik hona, Larraina taldea formalizatu egin dugu eta elkarte bilakatu gara. Orain tokatzen zaigu hori erabat zabaltzea eta daukagun sarea aktibatzea. Hainbat lan ildo ditugu, batez ere kultura esparruan, baina lurralde arteko harremanak ere sendotu nahi ditugu, eta aurten elkartrukeren bat egingo dugu Ipar Euskal Herriko elkarteren batekin. Hizkuntza eskubideen inguruan ere badugu alerta puntua jarrita.

Udalarekin ere hitzarmena sinatu duzue orain gutxi. 

I.M.: Hitzarmena berri-berria da, bai. Larrainak konpromisoa hartzen du bere helburuak aurrera eramango dituela: euskararen erabilera sustatzea, aktibazio sozialean eragitea, kulturzaletasuna sustatzea... Udalak, berriz, konpromisoa hartu du gure ekintza horiek, behar den neurrian, diruz finantzatzeko. Hitzarmen horrek gorpuzten du hasieratik helburuetan udalaren eta Larrainaren artean egon den elkarlana eta sinkronizazioa.

B.U.: Eta helburu nagusia da euskararen erabilera sustatzea Zumaian. Herrian euskararen erabilera sustatzea duzue helburu.

Zumaian errealitatearen zer irakurketa egiten duzue? 

B.U.: Oro har, euskaltzale guztiok Euskal Herri osoan nahiko genukeen zerbait da erabilera handitzea, eta Zumaian ere bai. Hemen beste leku batzuetan baino gehiago entzuten da, baina ez dago guk nahiko genukeen bezain sendo, eta hutsune handiak ikusten ditugu. Euskara normalizatzeko aktibo egon beharra dago eta kontzientzia linguistikoa eduki behar da; elkarri babesa eman behar diogu indar hori sortzeko. Ezinbestekoa iruditzen zaigu elkarteak sortzea eta radarra martxan izatea. Lurralde arteko harremanak aipatu dituzue.

Inguruko herrietakoekin ari zarete zerbaitetan?

I.M.: Ez genuke hanka sartuko esango bagenu laster zerbait izango dela. Ez dakigu zer forma hartuko duen, baina nik uste datozen hilabete edo urte gutxitan Urola Erdi eta Urola Kosta mailan zerbait mugituko dela, beste eragile batzuen buruan ere badagoelako hau. 

B.U.: Ni ere konbentzituta nago. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide