Babestutako edukia

Begien bistakoaz gozatzeko planak

Aitziber Arzallus 2022ko uzt. 4a, 11:00

Udan Euskal Herrian gelditzen direnei zein bisitan datozenei primerako planak eskaintzen dizkie Begi Bistanek, eta horietako bi nabarmendu ditu Naiara Malave arduradunak: bata, Oria ibaiaren jaitsiera; eta bestea, Elkanoren Talaia izenburupean Zumaia eta Orio artean martxan jarri berri dituzten itsas zeharkaldi gidatuak.

Malaveren hitzetan, Oria ibaia "oso lasaia" da itsasoratu aurreko kilometroetan, "leku ezin hobea uretako kirolak probatzeko zein praktikatzeko". Eta ez hori bakarrik: "Errioaren ertzetan ez dago industriarik, oso ingurune naturala da, Euskal Herrian gutxi bezalakoa". Hori baliatuz, Begi Bistanek errioan behera zortzi kilometroko ibilaldia egiteko aukera eskaintzen die herritarrei, kayak bikoitzetan zein stand up paddlean.

Zailtasun baxuko jarduera da, edozeinek egiteko modukoa, haurdunek eta lesioren bat dutenek izan ezik. Igeri egiten jakitea da eskatzen duten gauza bakarra. "Familiak, lagun taldeak, bikoteak... denetarik izaten dugu, eta gozatu egiten dute". Izan ere, bezeroen beharretara egokitzeko gaitasuna dute. "Adibidez, bi ume dituen familia batek bi kayak bikoitz har ditzake, eta kayak bakoitzean heldu bana eta ume bana sartu, edo batean heldu bat bi umerekin eta bestean bigarren heldua bakarrik". Eta adina ere ez da oztopoa: "Urtero etortzen da 65-80 urte bitarteko lagun talde bat, eta ederki pasatzen dute".

Jaitsiera egin nahi dutenek bi gauza egin behar dituzte: webgunearen bidez erreserba egin, eta aukeratutako ordurako Orioko Arraunetxera azaldu, Begi Bistanek han baitu egoitza. "Trasteak Arraunetxen utzi eta furgonetaz Aginagako Txokoaldera joaten gara, uretaratzeko". Material guztia beraiek jartzen dute.

Jaitsieraz gain, errioan beste hainbat jarduera gauzatzeko aukera ere eskaintzen du Begi Bistanek: Arraunpotea; batelen, trainerilen, traineruen, kayaken eta stand up paddle taulen alokairua; eta abar.

Elkanoren Talaia

Beste plan bat izan daiteke Zumaia, Getaria eta Orio itsasontziz elkartzen dituen Elkanoren Talaia egitasmoan parte hartzea. "Elkano aitzakia gisa hartu dugu, hark ordezkatzen duena herriratzeko: zergatik izan ziren euskaldunak munduari bira ematen aurrenak, itsasoaz horrenbesteko ezagutza nolatan zeukaten, zer egiten zuten garaia hartan Sevillan, nola prestatu zuten mundu bira, bidaiako gorabeherak...".

Asteazkenero eta igandero egiten dituzte zeharkaldiak, marearen arabera, eta ibilbidea zatika egitea da Malaveren proposamena: "Plan bat izan daiteke Zumaiatik Getariara itsasoz joatea, han jaitsi eta herriaz gozatzea, eta autobusean itzultzea". 45 minutuko itsasldiak dira herri batetik besterakoak; buelta guztia segidan egitera, hiru ordukoak.

Kanpotarrentzat ez ezik, bertakoentzat ere plan interesgarria dela uste du: "Egunerokoan ez gara jabetzen gure herrietan ditugun altxorrez, eta horiek ezagutarazi nahi ditugu, horrela hobeto zainduko ditugulako".

Ordutegiak eta erreserbak

Oriaren jaitsieraren, Elkanoren Talaia zeharkaldiaren eta Begi Bistanek eskaintzen dituen gainontzeko zerbitzuen inguruko informazio guztia –ordutegiak, prezioak eta abar– eta erreserbak egiteko aukera, Begi-bistan.com webgunean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide