Estatuko Natur Ondarearen eta Biodibertsitatearen Legearen arabera, geoparkeak forma geologiko apartak dituzten lurralde mugatuak dira, garrantzi zientifiko, berezitasun edo edertasun handikoak, eta Lurraren historia geologikoaren adierazgarri direnak. Hala ere, tokiko legeriak babes bereziko neurririk ematen ez badie, nazioartean ez dago geoparkeak kudeatzeko eta babesteko erregimen definitu eta partekaturik. Hala, praktikan, UNESCOk emandako izenak ez die babes eraginkorrik ematen.
EAEko parlamentuak 2021eko abenduan onartutako Natura Ondarea Kontserbatzeko Legeak ere nazioarteko tresnen arabera babestutako guneen artean kokatu ditu geoparkeak, baina izendatzeko prozeduraz gain, ez du eremuok arautuko dituen ezer garatu. Puntu honetan, gogoratu behar da UNESCOren aterpean izendatutako beste hurbileko toki batek, hain zuzen Urdaibaiko Biosferaren Erreserbak, lege propioa behar izan zuela aitorpen hura gauzatu ahal izateko.
Sarreran aipatu bezala, hortaz, Geoparkea ez da oso-osorik babeserako araututa dagoen eremua eta, gainera, kostaldetik urrun, bere mugak ondo barruratzen dira, Izarraizko mendietan gora egin arte. Alabaina, Geoparkeko 90 km2-etako bosten bat inguruk badu natura balioak gordetzeko erregelamendu bat edo beste; hala Natura 2000 Sarekoa, nola Biotopo babestuak ezarritakoa. Zerrenda horretan, Urolako itsasadarra, Arno eta Izarraitz mendikateak eta Zumaia eta Deba arteko kostaldea daude.
Leku horietan, Euskal Herriko isurialde atlantikoko habitat adierazgarrienak topa daitezke, eta hori izan da, besteak beste, gune horiek babesteko arrazoi nagusietako bat. Hori dela eta, kapituluka, babesguneok eta haietako habitat garrantzitsuenak azalduko ditugu. Hasteko, Deba-Zumaia tarteko itsasertzeko Biotopo Babestua izango dugu hizpide.
Flysch errepikariaren Biotopo babestua
Kostaldeko lerroan zehar hedatzen den babesgune hau 2009. urtean izendatu zuten eta 4.300 hektarea inguru ditu. Azalera horren % 87 baino zertxobait gehiago itsasoan da, eta, lehorrean, Biotopoko lurralde gehiena Deban dago. Jabegoari dagokionez, publikoak dira itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa eta Arantza-Aitzuri eta Galarreta-Makalalde izeneko mendi publikoak; lehorreko aldearen % 53, gutxi gorabehera. Udalen jabetzak ez dira aintzat hartzekoak, oso txikiak baitira.
Natura baliabideak antolatzeko planaren arabera, Biotopoak zazpi zona motatan banatuta dago: [Sic] erreserba zona, erabilera bereziko zona, itsas babeseko zona, landa paisaiaren babeseko zona, ekosistemak hobetzeko zona, lehengoratu beharreko zona narriatua eta, azkenik, nekazaritza eta abeltzaintzako zona eta landazabala.
Mugalariak, itsasoarekin etengabeko borrokan
Egia da naturagune babestu izendatzeko arrazoi nagusia bere ondare geologiko harrigarria izan zela, baina, milaka urteko prozesu geomorfologikoek moldatutako eszenatoki horretan, garrantzi handiko habitat naturalak ere nabarmenak dira. Horietako batzuek (marearteko urradura plataformek, esaterako) ez dute parekorik Kantauriko kostaldean. Bi munduren arteko mugan, bizirik irauteko bada, harraldeko eta labarretako bizidunek itsasoko eta lehorreko indar gupidagabeei aurre egin behar diete.
Zabalguneetako bizitza mareen joan-etorriaren menpe dago. Izan ere, egunean bi aldiz mareak atzera egiten du eta bertako bizidunak agerian uzten ditu, haizearen, eguzkiaren, euriaren edo ingurugiro tenperaturaren aldaketen nahierara. Egunean ordu batzuk baino ez, gorago bizi diren organismoak ia ez dira urpean egoten, eta bizimodua moldatu egin behar izan dute hezetasunari eusteko. Aitzitik, hain ondo egokituta ez dauden izakiak marearen mailarik baxuenetan agertzen dira, horietako hainbat urtean ordu gutxi batzuk baino ez, soilik marea bizi-biziak gertatzen direnean.
Haitzen gainean ez bezala, marearteko plataforman sortutako putzuetan algak dira nagusi eta ornogabeen eta arrainen komunitate zabal baten euskarri dira. Itsasoari tapakia kenduko bagenio bezala, putzu hauetan urpeko bizitza agerian da, kolorez eta formaz osatutako mundu bitxia begi bistan.
Itsasoak, haizeak eta euriak itsaslabarreko arroken kontra egiten dute, eta erraz imajina daiteke haietan bizi diren organismoen irauteko baldintzak nolakoak diren. Luiziak, lurzoru urria, olatuen talka, kresala, haizeak jaurtigai gisa botatzen dituen partikulak... Hemen bizitzari eusteko oso prestatuta egon behar da eta espezie gutxi batzuek baino ez dute arrakastaz lortu.
Sarritan, kaktusen antzera, labarreko landareek adarrak eta zurtoin lodiak izaten dituzte, barruan ura metatu eta haizeak eta gatzak sortzen duten lehorketari aurre egiteko. Behealdean, itsasoaren eragina oso handia da eta landaredi urriak lur pixka bat pilatzen den arrailetan baino ezin ditu sustraiak bota. Gorago, lauguneak sortzen dira, baita belardi txikiak ere; han urteko landare ugari dago, inguruko gazitasuna ongi jasateko gai direnak.
Bertakoek urteetan landutako paisaia
Lehorrean, itsaslabarretako landarediaz gain, sega belardiak eta txilardiak dira Biotopo babestutako habitat esanguratsuenak. Kontrara, oso baso urria dago Biotopoan (lehorreko azaleraren % 5 baino ez) eta erdialdeko mendi publikoetan pilatzen dira artadiak, haltzadiak edo erkameztiak.
Naturalak baino gehiago, gure inguruko paisaia gehienak kulturalak dira; gizakiaren eskuek itxuraldatutakoak, alegia. Biotopoaren kasuan, itsasoaren mugako deskribatutako habitatak izan ezik, beste guztiek nabarmen agertzen dute aldaketa. Eta nabarmenen artean nabarmenenak, baserriei lotutako belardiak dira; izan bazkalekuak, izan belarra hazten utzi eta ukuiluetan erabiltzeko segaz moztutakoak.
Belardi horien maneiua ez da beti modu berean egiten, baina, gehienetan, simaurtu eta urtean bizpahiru aldiz segatzen dira. Larreotan, arrauka, alka belarra eta antzeko gramineokin bat, txikoria belarra, basabitxilorea, lihoa, urrebotoiak edo hirustak agertu ohi dira. Baratzeak, fruta arbolak eta baso landaketak osatzen dute baserri inguruko landare mosaikoa.
Biotopoko habitaten aurkezpenarekin bukatzeko, txilardiak deskribatuko ditugu. Sastrakadi hauek sakonera txikiko lurzoru karetsuen (edo, batzuetan, tupatsuen) gainean hazten dira; baita baso desberdinak ordezkatuz ere, haiek desagertu diren lekuetan. Toki bakoitzaren ezaugarrien arabera, habitataren espezie nagusia aldatu egiten da. Hala, kostako txilardi lehor atlantikoetan txilar burusoila da nagusi, txilar kaltzikoletan otabera nabaritzen da eta txilardi lehor europarretan otea da gailentzen den espeziea. Hiru mota horiek Biotopoko azaleraren % 14 inguru osatzen dute eta han-hemenka sakabanatuta ikus daitezke.
Honaino Geoparkeko babesguneen habitaten ezagutzeko lehen kapitulua. Hurrengoetan, itsas bazterretik mendi gailurretaraino itzulipurdiak eginez, kostaldeko hondartza eta estuarioetatik, barnealdeko inguru karedunetako baso eta larre garaietara hurbilduko gara. Zuen konpainian izatea espero dugu.