Orduan bai

Poz bat, zulo bat

Imanol Azkue Ibarbia 2022ko uzt. 22a, 14:00

Jaunartzea Oikian, 1944an (argazkia: Ibarbia sendiak utzia).

1936ko Gerran hildako Ignacio Lopetegi Oliden oikiarraren gorpua aurkitu dute Bilboko Begoñako hilerrian, eta asko poztu naiz; horrek akordarazi dit aspalditik baneukala zulo bat barrenean, eta zerbait idazteko ere bai.

Artikulu hau maiatzeko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Hedabideen bidez martxoan jakin genuen Bilboko Begoñako hilerrian 1936ko Gerrako hobi komun handienetako bat aurkitu zutela, 46 pertsonaren gorpuzkiekin, eta horietako bat soinean zeraman txaparengatik identifikatu zutela: Ignacio Lopetegi Oliden zen, oikiarra, Iparragirre baserrikoa. Senideek ez zekiten ezer hari buruz 1937ko ekainetik, Artxanda aldean hil zela besterik ez. Orain, DNA probak egingo dituzte egiaztatzeko, baina familia pozik da, 85 urte geroago akera izango duelako hezurrak Oikiara ekartzeko eta lurperatzeko. 

Ignacio Lopetegi Oliden (argazkia Baleike.eus-etik hartua)
 

Duela hiru urte pasatxo, Baleiken "Beti mendean" artikulua idatzi nuen, 1936ko Gerra Zibileko kontu batzuekin, gure aittittaren aitaren eta anai-arreben gorabehera batzuekin. Aittittaren bi anaia gudari ibili ziren, eta horietako bat, Antonio Ibarbia, Artxandan hil zen, eta senideek haren gorpuaren berririk ez zuten izan inoiz; gure amak dioenez, hitz egin ere, apenas hitz egiten omen zen gai horretaz familian, malkoa ez zelako urruti izaten, hainbesteko nahigabearekin.

Duela urtebete inguru, ordea, berriak izan genituen: Gogora institutuak Gerrako biktimen datu base bat jarri zuen Interneten, guztien eskura. Izena bilatuta, han aurkitu nuen Antonio Ibarbia Aldasoro; jartzen zuen Bilboko frontean hil zela, eta Oikiako San Bartolome hilerrian lurperatuta zegoela. Harritu nintzen, galdetuta, horretaz inork ez zekielako ezer ere familian, eta Zumaiako parrokoarekin harremanetan jarri ondoren, agiri ofizialaren argazkia bidali zidan.
 
Agiri hori 1937ko urriaren 29koa da, eta, bertan, Oikiako apaizak, Joaquin Dorronsorok, liburuan apuntatu zuen Antonio Ibarbia Aldasoro “en la toma de Bilbao” hil zela, eta hurrengo egunean “se le hizo el oficio de sepultura en esta parroquia de San Bartolomé”. Gainera, bi lagunen izenak (“vecinos de esta”) jarri zituen horren lekuko.

Antonio Ibarbia Aldasoro (argazkia: Ibarbia sendiak utzia)


Hori jakin nuenean, galdera asko sortu zitzaizkidan, bazeudelako nire logikarekin bat ez zetozen helduleku asko., baina kontu hura utzi egin nuen bazterrean, agian aurrerago beste zerbait jakingo nuelakoan; Begoñako hilerriko berriak, ordea, nire galderak eta zalantzak berpiztu eta handitu egin dizkit:

    • 1937ko irailean, altxatuak Oikiara ere sartu zirenean, orduko apaiza, Jose Ignacio Otaegi, atxilotu eta Zumaiara eraman zuten. Ederki kontatu zuen ahotsak.eus-en Bartolo Etxabe Olidenek: erreketeak nondik eta nola etorri ziren Oikiara;  komandanteak ia hil zuela apaiza frontoian, denen aurrean, pistolarekin; apaiz hark pistola bat gordetzen zuela aldarearen atzealdean, sakristauak pistola hura lurperatu egin zuela baina Bartolok berak lurpetik atera eta berriz ere ezkutatu egin zuela baserrian, teilatupean…  Apaiz haren ondoren etorri zen Joaquin Dorronsoro Oikiara. 
    • Garai hartan, Jose Ignazio Ibarbia, Antonioren aita, zen elizaren arduraduna; gero depuratu egin zuten, baina familiak mantendu egin zuen elizarekin zeukan harremana eta konpromisoa, inoiz ez zion utzi lotura horri: sakristautza, elizkizunak, eliza txukuntzea eta apaintzea, kanpaiak jotzea eta erlojua mantentzea, kanposantua…  Beraz, ez da oso sinesgarria inor hilerrian lurperatu eta ibarbiatarrek ezer ere ez jakitea; gainera, non eta Oikia bezalako herri txiki batean. 
    • Garai hartan, hilerria orain frontoi berria dagoen lekuan zegoen, elizaren kontra, eta ez zeukan panteoirik; hildakoak zuzenean lurrean sartzen zituzten, zuloa eginda, eta inor lurperatuz gero, oso nabarmena izango zen arrastoa. 
    • Bilbo inguruko borrokak 1937ko ekainean izan ziren. Bilbok Burdin Hesia (gaztelaniaz “Cinturón de Hierro”) zeukan defentsarako, bueltan-bueltan, baina altxatuek zirrikituak aurkitu, gogor jo eta hiria ekainaren 19an erori zen. Antonio borroka hartan hil zen, Ignacio Lopetegirekin batera, baina lau hilabete geroago eraman zuten gorpua Oikiara. Non egon zen ordura arte? Nork eta zergatik egin zituen gorpua eramateko gestioak? Ez zait buruan sartzen Bilbon hil eta Oikiaraino ekartzea Antonioren hilotza, Bizkaia osorik zeharkatuta, hainbeste denbora pasatu ondoren; berez, logikoagoa izango zen besteekin egin zuten bezala Begoñako hilerrian lurperatzea, eta agian hala egingo zuten… Baina lau hilabete geroago eramatea hilotza? 
    • Baina bada zerbait arraroagoa, ulertzen ez dudana: behin Oikiaraino ekartzeko erabakia hartu eta ahalegina eginda, hildakoa nor zen eta nongoa zen jakinda, familiari ezer ere ez esatea eta ez uztea familiari lurperatzen, lan horiek beste batzuek hartzea.
    • Lurperatzearen bi lekukoak: bata, apaizaren anaia, Jose Ignacio Dorronsoro; bestea, Vicente Larrañaga, altxatuen aldeko bat Oikian, Jose Ignazio Ibarbiaren aurkako depurazioan parte hartu zuena.
Elizako lurperatze agiria

 

Begoñako hilerriko berriak poza eragin dit, batez ere balioko duelako arintzeko familia batzuen orain arteko nahigabea, baina handitu egin dit lehendik ere handia neukan zuloa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide