Zumaiarren doinuak

Oihana Rodriguezen doinuak

Erredakzioa 2022ko abu. 17a, 09:00

Piano klasikoa eta pop rocka. Biak uztartu ditu Oihana Rodriguezek bere zerrendan. Marlik eta Neona taldeetako kideak aukeratu dituen bost abesti dira hauek. 

Bost kanta aukeratzea ez zait erraza egiten. Batez ere, nire bizitzan nolabaiteko eragina duten musika eta musikariak etengabe aldatzen eta gehitzen doazelako. Horregatik, asko pentsatu gabe, burura etorri zaizkidan lehenengoak aipatuko ditut: batzuk niretzako "berriak", beste batzuk, aldiz, betidanik nere parte izan direnak.

1. Radiohead – Daydreaming

Lehenengo kanta Radiohead taldearena da. Beti mirestu dut beraien sormen ahalmena hain estilo desberdinetako abestiak egiteko, eta pertsonalki asko markatu dit beraien musikak. 

2. George Gershwin – Piano Concerto in F major

Bigarrengo hau txikitatik gustuko dudan obra bat da. Konpositore amerikar baten obra da, George Gershwinena, hain zuzen. Pianoa ikasten 4-5 urte nindoala, nire burua imajinatzen nuen obra hau jotzen orkestra osoarekin atzean eta jende askoren aurrean; eta oraindik ere gustatzen zait hori nire buruan irudikatzea. Pianista honen bertsioa bereziki asko gustatzen zait.

3. Izeberg – Zabaldu Atea

Beti pentsatu dut Euskal Herriko musikak altxor asko dituela ezkutuan. Urte hauetan musikari berriak deskubritzeko, ezagutzeko eta beraiekin lan egiteko aukera izan dut, eta oraindik ezagutarazteko eta merezi duen balorazioa emateko musika asko dagoela ohartu naiz. Hau horietako talde bat da, Izeberg. 

4. Frédéric Chopin – Ballade No. 4, Op. 52

Laugarren kanta konpositore famatu batena da, F. Chopin. Piano jotzaile bezala, nire ibilbidea asko markatu du. Batzuetan hilabete asko pasatzen dut entzun gabe eta bere obrak jo gabe, baina une batzuetan beti bueltatzen naiz eta momentu hori asko disfrutatzen dut. 

5. Dot hacker – Rest assure

Azkenengo kanta oso nirea kontsideratzen dudan talde batena da, ez dudalako ia inorrekin partekatu inoiz. Dot Hacker izena du taldeak, eta beraien musikaren izaera partikularrak harrapatu ninduen bete-betean. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide