The Redys: "Garaipenaren parte handi bat taldean daukagun konexioak eragin duela"

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 30a, 11:30

Maiatzean Kataluniako ORBE dantza lehiaketako sari nagusia eskuratu zuen Zarauzko BZ dantza eskolako talde amateur batek: The Redys taldeak. Hamar lagun dira –Nerea Saldias irakaslea barne– eta horietako hiru zumaiarrak dira: Melanie Gonzalez (Zumaia, 2004), Nara Urbieta (Zumaia, 2003) eta Ane Zalla (Zumaia, 2004). Udan atseden hartu eta irailetik aurrera koreografia berri bati heltzeko irrikaz daude, berriz lehiatzeko grinatsu.

Elkarrizketa hau uztaileko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Nola iritsi zarete dantza munduan lehiatzera?

Nara Urbieta: Ane eta biok 4-5 urterekin hasi ginen dantzan herrian bertan.

Ane Zalla: Bai, Celinerekin ibili gara beti, baina duela hiru urte erabaki genuen dantzan gehiago sakontzea, eta akademia handiago batera joan ginen, Zarauzko BZ dantza eskolara. 

Melanie Gonzalez: Ni orain bi urte hasi nintzen. Surfean aritzen nintzen, baina osasun arazoengatik utzi egin behar izan nuen momentu batean, eta Anek eta Narak animatu ninduten dantza probatzera. 

Nolakoa izan zen lehiaketa?

Urbieta: Goiz bateko txapelketa izan zen. Talde bakoitzak koreografia bat egin zuen eta bakoitzak bere kategorian jaso zuen saria.

Gonzalez: Gu amateurrak gara, ez gara profesionalak, astean ordubete inguru egiten dugulako dantza. Burgosen (Espainia) amateur mailan gelditu ginen aurrenak, baina Tarragonan (Herrialde Katalunak) denak nahastuta aritu ginen, eta sari nagusia irabazi genuen.

Urbieta: Batere esperantzarik ez geneukan, eta gure izena esan zutenean... Burgoskoa ez genuen espero, eta hau gutxiago.

Zalla: Maila ona zegoen txapelketan. Igartzen zen taldeek beren orduak sartzen zituztela dantzan.

Eta zerk uste duzue eman zizuetela garaipena zuei?

Gonzalez: Pausoak, janzkera, aurpegiera, koordinazioa eta abar hartzen dira kontuan, baina guk uste dugu garaipenaren parte handi bat taldean daukagun konexioak eragin duela.

Urbieta: Tope elkartuta gaude denok denokin, eta askotan esan digute hori nabaritu egiten zaigula oholtza gainean. 

Zalla: Dena den, Burgosko lehiatik Tarragonakora sekulako garapena dago gure lanean.

Gonzalez: Lagunak gara, eta askotan elkartzen gara afaltzeko, parranda egiteko... Parranda onenak, zalantzarik gabe, taldearekin izaten dira.

Zalla eta Urbieta: Bai, bai!

Atentzioa emango duzue ba parrandan dantzan...

Urbieta: Eskolan eman dugun abestiren bat jartzen dutenean denok hasten gara dantzan, eta jendeak galdetzen digu, bai, ea dantzariak garen. 

Dantza eskolan astean behin elkartzen zarete, baina etxean jardungo duzue, ala?

Gonzalez: Bai, irakasleak esaten digu etxean entseatzeko, eta saiatzen gara.

Zalla: Kuadrilla berekoak garenez, askotan kalean musika jarri eta lagunei egiten diegu dantza.

Urbieta: Ia-ia bizitza dantzan, kar-kar.

Hiru minutuko koreografia zen zuena. Oro har, jendea konturatzen al da zer esfortzu fisiko eskatzen duen?

Gonzalez: Inolaz ere ez. Askotan lagunei esan eskola oso gogorra izan dugula, eta ez digute sinisten.

Zalla: Gorputz osoa lantzen dugu, eta beroketak oso gogorrak izaten dira.

Urbieta: Nerea irakaslea pixka bat umore txarrez baldin badago, are gogorragoak!

Irakaslea aipatuta, hura ere pozik egongo da, ezta?

Gonzalez: Bai, harro dago, baita gu ere. Asko sinistu du gugan. Gainera, Nereak ez zuen koreografia hau sortu lehiatzeko. Gero etorri da aukera hori.

Esan: zenbat bider ikusi duzue zeuen burua dantzan Tarragonako txapelketan?

Zalla: Ezin da kontatu, pila bat bider! Gehiegitan!

Gonzalez: Gosaritan, afaritan... Askotan!

Urbieta: Irakasleak audio-mezua bidali digu lehen, esanez goizero kafea hartu aurretik ikusten duela gure izena esan zuten unearen bideoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide