Nolako herria: elkarrizketak 2022

"kotxea gutxiago eta bizikleta gehiago erabiltzeko aukera emango nioke jendeari"

Aritz Garikano 2022ko eka. 30a, 10:21

Zumaia 2050ean nolakoa izango den jakiteko elkarrizketatu dugu Itziar Mora.

Langabeziaren portzentaia gazteen artean handiagoa edo txikiagoa izango?
Badirudi gero eta gazte gehiago egongo dela langabezian, ez dakitelako zer bide hartu, eta ez badute soluziorik aurkitzen, geroz eta gehiago handituko da.

Etxebizitza kopurua handiagoa ala antzekoa izango da hemendik 25 urtera?
Ba, honetan ere, munduan geroz eta jende gehiago baldin bagaude, etxeak geroz eta gehiago beharko ditugu. Etxe desberdinak nola egin pentsatzen hasi beharko dira. Orain artekoekin ez garelako kabitzen.

Petrolioa agortu egingo da edo erabiltzen jarraituko dugu?
Nik uste dut ez bat eta ez beste. Nik uste dut petrolioa agortu baino lehenago beste energia mota batzuk erabiltzen ikasiko dugula, eta gutxitu egingo dela petrolioaren erabilpena.

Gasolinarik ez badago, nola mugituko gara? Zein baliabide natural nagusituko da?
Nik uste dut argindarrak irabaziko duela, kotxeak eta, elektrikoak izango direla gehienbat. Hemen haize asko egiten du, hori aprobetxatzen ikasiko bagenu, eta eguzkia ere bai. Gero eta eguzki gehiago egiten du hemen. Horiek biak nagusituko lirateke nire ustez.

Zumaiar guztientzat nahikoa lan egongo al da herrian?
Auskalo! Nahiago nuke! Ez dakigu industriarekin zer pasako den. Zumaian oso inportantea izan da beti. Zerbitzuek nik uste ondo jarraituko dutela, baina zerbitzuekin zer pasako den ez dakigu.

Dirulaguntzen beharra duten herritarren kopuruak gora egingo du ala behera?
Zoritxarrez gora, nik uste. Lana dagoen bezala jendeak soldatarekin dauzkan arazoekin eta bizitza garestitu denarekin, gero eta behar gehiago egongo da.

Zure ustez zer egin beharko litzateke Zumaian klima aldaketaren aurrean?
Galdera interesgarria. Lehenbizi kotxeak gutxiago erabiltzeko bideak jarriko nizkioke jendeari, eta bizikleta erabiltzeko aukera. Esate baterako, beste leku batzuetan jendeak erabiltzeko bizikleta elektrikoak. Edozeinek erabiltzeko moduan, txartel bat jarrita jendeak erabili dezan, horrelako gauzak. Gero, kontzientzia gehiago landuko nuke, bai birziklapena, bai erosketa egiten dugunean begiratzea produktuak nola datozen ontziratuta…Horrelako gauza pila bat egin daitezke. Uste dut agintariek gehiago landu beharko luketela jendeak kontzientzia eduki dezan.

Klima aldaketaren erruz zein izango da kalterik handiena Zumaian? Ur maila, suteak, tenperatura igoera…
Ba esaten dutenez, ur maila arazo handia izango litzateke Zumaian. Kontuan hartuta, esate baterako, etxeak uretatik oso gertu dauzkagula eta lehen ere itsasoari eta ibaiari leku asko kendu diegula etxeak egiteko. Beste aldetik, tenperaturaren igoera arazo handia iruditzen zait, erabat aldatuko delako ekosistema horrela jarraitzen badugu. Esate baterako, euri oso gutxi egiten du, oso nabarmena da. Guk txikitan geneukan oroitzapena euria zenbat egiten zuen, eta orain zuek ikusten duzuenak ez dauka zerikusirik niretzako. Orduan, bi horiek agian. Eta tenperatura igoerak suteak ere ekarri ditzake, baina nik uste Zumaian inportanteena ur-mailarena eta eta tenperatura igoerak ekosistema aldatuko lukeela.

2050. urterako bermatuko al da berdintasuna?
Denon artean saiatzen bagara bai; kontua da berdintasuna egoteko arlo guztietan parte guztiek hartu behar dutela parte. Pakeak egin behar dituztela alde guztiek. Batek ezin dio inposatu hau. Orduan, denen artean egin beharreko lana izango da.

Gobernu sistema berdina izango al da Zumaian? Demokratikoa, monarkikoa ala inperiala? 
Berdin jarraituko dugula iruditzen zait edo antzeko. Kosta egiten zaigu normalean horrelako gauzak aldatzea. Zumaian antzeko jarraituko dugula iruditzen zait, ez bada beste maila batera aldatzen eta horrek guri eragiten badigu, printzipioz guk erabakita horrela jarraituko dugu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide