Hemendik 30 urtera proportzioan heldu ala gazte gehiago egongo dela uste duzu? Zer arazoren aurrean egongo gara horrela izaten bada?
Aurreikuspenek esaten dutenen arabera populazioa zahartu egingo da. Horrek esan nahi du proportzioan zahar gehiago egongo dela gaur egun baino. Eta horrek zer arazo eragin ditzakeen… Batetik, gazte jende gutxiago egoteak seguruenik arazoak sortuko ditu lanpostu batzuk betetzeko, gizarteko ardura batzuk betetzeko. Eta bestetik, zahar asko egoteak beste behar batzuk sortuko ditu. Zaintza aldetik, pertsona zahar horiek zaindu egin beharko dira, osasun-arazoak edukiko dituzte, eta hortik sor daitezke arazoak.
Bizi-itxaropena luzeagoa edo laburragoa izango da?
Nik uste dut bizi-itxaropenak luzatzen jarraituko duela. Hor gakoa izango da zahartzaro osasuntsua izango dugun ala ez; alegia, gure azken urteak asko luzatzen badira, zahartzaro aktiboa eta osasuntsua edukiko dugun edo urte asko pasako ditugun gaixo eta besteen menpe.
Ekonomia aldetik, prezio egoera honek jarraitu egingo du?
Gorabeherak izan ditzake, baina epe luzeko joera nik uste dut goraka izango dela.
Eta horrek ohiturak aldatuko ditu?
Nik uste dut kontra planteatu behar dela, ez baditugu gure kontsumo ohiturak aldatzen prezioek etengabe gora jarraituko dute. Eta hori da mundua eta baliabideak mugatuak direlako. Zenbat eta gehiago kontsumitu, orduan eta gehiago garestituko dira prezioak, ez baitago denontzat. Baliabide gutxi daudenean, eta danok nahi dugunean gehiago, prezioak garestitu egiten dira. Ondorioz, gutxiago kontsumitzera ohitu behar gara, prezioak pixka bat kontrolatzeko.
Baserritarrek beraien produktua saltzen jarraituko dute edo dena industrializatuta egongo da?
Joera da dena industrializatzea, baina horrek ez dauka etorkizunik nire ustetan.Nik uste dut baserritarrek badutela aukera bat, azkenean, ez zaigulako aukerarik geratuko, bertako produktuak kontsumitu beharko ditugu, eta hor baserritarrek dute etorkizuna.
Jasangarritasunaren aldetik, kotxeak gasolinarekin erabiltzen ditugu, zure ustez aurrerantzean gizartea kotxe elektrikoak erabiltzen hasiko da?
Bai. Badirudi kotxe elektrikoen aldeko apustua egiten ari direla erakunde guztiak, eta baita industria ere. Niretzat garrantzitsuena ez da kotxea gasolinarekin edo elektrizitatearekin ibiliko den. Hor bi kontu hartu behar dira kontuan, bat da elektrizitate hori nola sortuko den eta bestea da zenbat elektrizitake kontsumituko dugun. Hau da, berdin-berdin ibili behar baditugu kotxeak kilometro pila bat eginez, ba azkenean, energia asko beharko da, eta ez dugu gauza handirik konponduko.
Zumaian biztanleria igotzen bada, lekua egongo da denok bertan bizitzeko?
Zumaiak leku gutxi dauka hazteko. Herri txikia da eremuz, eta egia da kostaldean egonda, nolabait, jende asko erakartzen duela barnealdetik. Gaur egun jada badago arazoa etxebizitza bat lortzeko Zumaian, eta pentsatzen dut etorkizunean ere arazo horrekin jarraituko dugula.
Eta janari nahikoa egongo da denontzat?
Janari faltaren arazoa, ez dut uste gaur egun behintzat. Beste kontu bat izango da janarien prezioa, eta hortik etor daitezke arazoak. Janari faltaren arazoa beste leku batzuetan dago gaur egun, tamalez, Afrikan eta horrelako herrialdeetan; baina bai, seguruenik lehen esan dudan bezala, kontsumo ohiturak aldatu beharko ditugu, gutxiago eta gertuko gauzak kontsumitzen ikasi.
Klima-aldaketari dagokionez, hemendik 50 urtera uraren kalitatea berdina izango dela uste duzu?
Horrela jarraitzen badugu ez. Nabarmena da itsasoa kutsatzen ari garela, plastikoz betetzen ari garela, eta horrela jarraitzen badugu, arrainak baino plastiko gehiago egongo da itsasoan.
Eta zure ustez ur hori bainurako arriskutsua izango da?
Izan daiteke, ez baditugu neurriak hartzen. Irits daiteke momentu bat bainua ere arriskutsua izan daitekeena.
Klima-aldaketaren ondorioz tenperatura aldaketak izango ditugula uste duzu?
Hori ez da uste bat, hori gertatuko den gauza bat da. Zientzialariek diotenez tenperaturak igo egingo dira, kontua da zenbat igoko diren, horren arabera, ondorioak arinagoak edo larriagoak izango direlako.
Eta jendeartearekin jarraituz, zure ustez sexu-eraso kasuak igo egingo dira, berdin jarraituko dute, edo jaitsi egingo dira?
Ez dakit. Nik uste dut gaur egun gehiago salatzen direla. Ez dakit lehen baino gehiago dauden, nik ez dut uste. Gertatzen dena da gizartea aldatu egin dela, eta gaur egun ez direla ezkutatzen lehen egiten zen bezala. Eta espero etorkizunean ere egoera hobetzen jarraitzea.
Eta azkenik, zure ustez euskararen erabilerak berdin jarraituko du?
Euskarak beti izan du borroka handi bat aurrera segitzeko, eta aurrerantzean ere ez du erraza izango. Mundu digitalak aukerak zabaltzen dituen bezala, arriskuak ere zabaltzen dituelako, eta sare sozialetan dagoen euskararen presentzia oso txikia delako. Bertan mundu osoko hizkuntzekin lehiatzen du, eta ahalegin handia egin beharko da euskara ez galtzeko mundu digitalean, baina nik uste dut esfortzuarekin aurrera atera dezakegula euskara.