Bi hamarkada baino gehiagoz euskaraz aritu zara irratian; azken zazpi urteetan, gaztelaniaz. Euskaraz eta gaztelaniaz, kazetari bera al da Esther Aizpurua?
Ni erabat elebiduna sentitzen naiz; bietan daukat erraztasuna. Nire lana, berriz, aldatzen da, bai: unibertsoa aldatzen da. Euskarazko unibertsoan, euskaraz arituta, puntu bateraino irits gaitezke euskal hiztunekin. Radio Euskadin lanean hasi nintzenean, esan nuen: aiba! Zenbat jende elkarrizketatu dezakedan! Turkiaren enbaxadorea Espainian: hori eskatu dezakegu, gaztelaniaz badakielako. Gaztelaniaren unibertsoa zabala da. Hogei urtetik gora Euskadi Irratiako programetan lan egin izan dut, eta beti zailagoa izan da adituak aurkitzea.
Eta are gehiago duela hogei urte, ezta?
Zalantzarik gabe. Gaur egun mediku, dietista, dermatologo... euskalduna aurkitzea oso erraza da, gazte jendeak, zorionez, euskaraz ikasi duelako eta formaziodun jende asko dagoelako, zientzia munduan, edozein esparrutan, euskaraz ondo dakiena. Orain 20-30 urte, ni hasi nintzenean, oso zaila zen. Askotan gertatzen zitzaigun gai bati buruz hitz egin nahi edo zerbait kontrastatu nahi, eta ez genuela euskal hiztunik aurkitzen. Edo aurkitu bai, baina Google gabe. Pentsa...
Ia ahaztu zaigu nola egiten zen hori...
Bada, pentsa, telefono-aurkibidea hartu, euskal abizenak aurkitu, edo ezagunengana jota: 'nire amak ezagutzen du dentista bat euskaraz badakiena', horrela. Gogoan dut Egunkaria-k urtero argitaratzen zuela agenda bat, Euskal Agenda uste dut deitzen zela, artista, musikari, eskultore eta abarren telefonoekin; asko-asko erabiltzen genuen hori.
Baina, zeu aldatzen ote zara euskaraz edo gaztelaniaz komunikatzen?
Ez. Niretzat aldatzen den bakarra da errazagoa dela hiztunak aurkitzea gaztelaniaz arituta.
Iritsi da iraila, eta martxan dira ikasturte berriko programak. Non entzungo zaitugu?
Aurten, arratsaldez programa berria hasi du Radio Euskadik, Distrito Euskadi izeneko magazina, 16:00etatik 19:00etara. Estibaliz Ruiz de Azua da zuzendari eta esatari nagusia, eta programa horretan nago. Uda aurretik esan ziguten irailean jarraitu egingo zuela irratsaioak. Lankide guztiak daude Bilbon, eta ni naiz Gipuzkoako ahotsa.
"Asko ezagutzen dut lanarekin, jende asko ezagutzen da, eta aberastasun handia da hori"
Programetan egin dituzu urte gehien, baina informatiboetan ere batzuk bai. Zer duzu nahiago?
Ibilbidea osotasunean hartuz gero, gutxien informatiboetan aritu nintzen, baina asko gozatu nuen. Eta, orain bertan esango balidate bihar informatiboetara joan behar dudala, ez nuke batere penarik hartuko, tartean behin ondo etortzen delako astindu txiki bat eta beti egiten ari zaren hori utzi eta beste zerbaitetan hastea. Hainbat programatan aritu izan naiz, toki desberdinetan eta ardura desberdinekin, goizez zein arratsaldez, eta uste dut ona dela pixka bat denetarik probatzea, baita besteen tokian jartzeko ere. Esaterako, kaletik ari zarenean lanean, mila gauza gerta daitezke, eta batzuek ez dute hori probatu, eta erredakziotik eska ditzakete hau eta bestea, jakin gabe nolakoa den kaleko lan hori.
Kaleko lan hori aipatu duzunez, esan digute zure aurrenetarikoa Anoetaren inaugurazioa izan zela, ezta?
Anoeta 1993ko irailean inauguratu zuten. Ni 1992an hasia nintzen irratian, eta gogoan dut Kaixo Anoeta izeneko irratsaioa egin genuela Euskadi Irratian. Nekane Peñagarikano zegoen programa zuzentzen estudioan, eta kalean geunden bizpahiru lagun. Hura izan zen kaleko nire lehen konexioa. Furgoneta handiarekin joan ginen. Zuzenekoa egin behar, arrastorik ez zer esan behar nuen, jendeari iritziak grabatu, teknikoak bidali estudiora... Pentsa, orduz gero Anoeta berritu dute –gero egin zioten bueltako pista– eta orain berriro Reale Arena bezala inauguratu dute. 1992an hasi eta irail hartan, berriz, Zinemaldian izan nintzela ere gogoan dut, bekadun bezala. Ez nuen gauza handirik egin, baina niretzat izugarria izan zen jendeak lan nola egiten zuen ikustea. Maria Cristina hotelera sartu, eta hango sarreran ikustea komunikabide bakoitzak nola zeukan bere mahaia eta nola egiten zuten lan... Begoña del Tesorekin akordatzen naiz, eta baita Felix Linaresekin ere; gogoan dut ikusi nuela ordu erdiko jarduna egiten batere paperik gabe. Zer buru zeukan –gaur egun ere bai, gure programan kolaboratzen duelako–, nola egiten zituen pelikulen kronikak...
"1994 inguruan zuzeneko konexioa egin nuen Internet zer zen azaltzeko entzuleei"
Zurea erabat bokaziozkoa da...
Beti izan naiz hiztuna eta saltsera, eta letrak asko gustatu izan zaizkit, historia ere bai... Baina ez dizut esango 8 urterekin esaten nuenik kazetari izan nahi nuela. Gaur egun bai, asko gozatzen dut lanarekin. Irratiak, gainera, ematen dizu jende asko ezagutzeko aukera. Ez ezagunak bakarrik, edozein baizik; herri guztietan dago zer kontatua duen jendea, eta aberastasun handia da alde horretatik. Mila modutako jendea dago, eta mila modutako sorpresak hartzen dituzu irratian, gehienak onak.
Etxean ohiturarik bazenuten irratia entzuteko?
Bai bai. Gure etxean irratia beti izan da sukaldeko erregina. Egun osoa piztuta egoten zen. Gogoan dut 6-8 urterekin Mariano Ferrer egoten zela hizketan goizetan. Prentsa irakurketa egiten zuen El quiosco de la Rosi saioan, eta gogoratzen naiz gosaritan amari esaten niola: ‘Ama, baina gizon hau noiz jaikitzen da?’. Askotan gogoratzen naiz; nork esango zidan gero neu 05:00etan edo 02:00etan lanera sartuko nintzela irratira...
Irrati esatari bat baino gehiago aipatu duzu. Egon da bateren bat bereziki lagundu dizuna edo bereziki erreferente izan dena?
Euskadi Irratian hasi nintzenean Jaime Otamendiren taldean hasi nintzen, eta orduan oso jende ona zegoen talde hartan: Arantxa Iturbek eta Jaimek elkarrekin egiten zuten goizeko programa, Goizean behin. Nekane Peñagarikano, Ane Albisu, Manu Etxezortu, Tere Beloki... horiek zeuden goizeko talde horretan. Gero haurdun gelditzen hasi ziren taldeko emakumeak, eta amatasun bajengatik lan asko egin nuen eta asko ikasi nuen. Programa oso garrantzitsua zen, euskal gizartean pisua zuten gehienak hortik pasatzen ziren.
Hiru hamarkadatan kazetari batek kontatzeko albiste eta gertaera inportante asko pasatzen dira. Zein azpimarratuko zenituzke?
New Yorkeko Dorre Bikiena historikoa izan zen, noski. Arratsaldeko programan nengoen, Lauretan Babel zuen izena. Bazkaltzera 14:30 aldera jaitsi ginen, 16:00etan hasten zen programa, eta Odile Kruzeta jaitsi zen, informatibo burua zen orduan, eta esan zigun istripu arraro bat gertatu zela –hegazkin batek Dorre Bikietako bat jo zuela–, eta adi egoteko, igual programa aldatu beharko genuelako. Handik minutu gutxira jaitsi zen berriz, esatera dena aldatu behar zela, bigarren hegazkinak bigarren dorrea jo zuelako. Inork ez genekien zer izan zitekeen hura, eta gogoan dut Mikel Aramendi nazioarteko aditua orduan ere astean behin etortzen zela gure irratsaiora, eta Mikeli deitu genion. New Yorkera ere deitu genuen Olatz Arrieta berriemailearekin hitz egiteko, baina telefono linea guztiak kolapsatuta zeuden, eta ezin ginen komunikatu. Mikel etorri zen eta hura izan zen lehendabiziko aldia Bin Ladenen izena entzun genuena. Akaso bera izan zitekeela esan zuen Mikelek, eta Afganistango kontuak kontatu zizkigun. Hiru orduko programa egin genuen ahal genuen bezala. Hori 2001ean izan zen, eta gutxira, 2003ko otsailean, Egunkaria itxi zuten.
"Jende askok harritu nau onerako; Ruper Ordorikak, adibidez. Oso hurbilekoa da"
Hori ere gogoan iltzatuta daukazu, ezta?
Bai, noski. Izugarria izan zen hura. Erabateko danbatekoa izan zen, programa erabat aldatu genuen, eta orduko manifestazioa, itxieraren kontra Donostian egin zena, historikoa izan zen. Han ez zegoen ez kolorerik ez partidurik. Han geunden... ia denok. Oso atzera begira, horiek dira gertakari historikoak. ETAren jarduera armatuaren amaieraren behin betiko iragarpen hartaz ere gogoratzen naiz, oso egun seinalatua izan zen. Arratsalde batean izan zen. Orduan informatiboetan nengoen, eta gogoan dut zer espektazio zegoen. Mila telebista piztuta geneuzkan, BBCk bideo hori soltatu zain, ordurako bagenekien zer zetorren, iragarrita zegoelako, ordurako Berria-k esan zuelako. Sekulako ikusmina zegoen: nola agertuko dira, zein, zer esaten... historikoki esan nahi zuen guztiarekin, gainera.
Zuzenekoren batean inoiz emozionatu al zara?
Bai. Elkarrizketatuak bizipen gogorrak kontatzen dituenean, batzuetan kostatu izan zait emoziorai eutsi eta jarraitzea. Adibidez, COVID-19aren zurrunbiloan oso sartuak ginenean, Andoni Luis Adurizekin [sukaldaria] hitz egin genuen. Bere ama COVID-19ak jota hil zen, eta polita zen nola hitz egiten zuen amaz, esanez beti izan dela oso emakume gogorra eta borrokalaria, baina ezin izan zuela ama agurtu. Beste asko bezala, ama ZIUn, bakarrik hil zen horietakoa izan zen. Ezin eskutik heldu, agurrik esan... Hori nola kontatzen zuen, amak zer bizitza gogor izan zuen eta heriotza hori izateak zer pena ematen zion...
Badago harritu zaituen gonbidaturik, bere hizketarako gaitasunagatik edo beste zerbaitengatik?
Jende askok harritu nau onerako. Irratian hasiberria nintzela, gogoan dut Ruper Ordorika etorri zela disko berria aurkeztera. Elkarrizketa nik prestatu nuen, ordurako handia zen Ruper, eta gogoan dut zer pertsona hurbila eta apala iruditu zitzaidan. Eta orain, duela urtebete edo elkarrizketatu dut berriz, Bilboko Kafe Antzokian grabatu zuen disko baten harira, eta pentsatu nuen berdin-berdin jarraitzen zuela. Izen handiko norbait izan da gure artean, oso errekonozitua, eta beti ikusi izan dut pertsona hurbila, parez pare ikusten zaituena eta hala hitz egiten dizuna.
Bitxikeriarik ere izango duzu kontatzeko...
Begira, badaukat bat. Gaur egun ezin dugu sare sozialik gabe bizi, eta den-dena Google bitartez egiten dugu, eta sareek eskaintzen diguten guztiarekin egiten dugu lan. Horrekin lotuta, gogoan dut Euskadi Irratia Larramendi kalean zegoenean, 1994-1995a izango zen, konexio berezi bat egin genuela Internet zer zen esplikatzeko. Pentsa! Gaur barregura ematen du, baina orduan, Goizean behin programan nenbilen, eta Jaime Otamendik esan zigun goiz batean: ‘Badago gauza bat gero eta gehiago erabiltzen ari dena, Internet izena duena'. Non zegoen gauza hura? Inork ez geneukan, irratian ere ez zegoen, ordenagailu batzuk bazeuden baina Internetik ez, eta joan nintzen Koldo Mitxelena liburutegira, han bazegoelako ordenagailu bat delako Internet bazuena, eta hango arduradun batekin konexioa egin genuen, eta hark azaldu zidan zer zen Internet. Eta guk, ezin ulertu. ‘Baina zer aukera ematen ditu?’, galdetu nion, eta esan zidan, adibidez, New Yorkeko denda batean sartzeko aukera ematen zuela, denda horretan zegoena ikusteko... Askotan akordatzen naiz anekdota horretaz.
Azken urteetakorik?
Berriki-berriki, gure Pello Zabala hil da, Kandelaria egunean, otsailean. Pello irratian izan da denontzat laguna batez ere, eta oso pertsona maitatua, eta denetik zekiena. Aurten, bagenekien gaixo eta pattal zegoela, eta akordatzen naiz arratsaldean lanean nintzela iritsi zela bere heriotzaren berria. Egun hura ere berezia izan zen, jende askok idatzi eta deitu zuelako, baita audioak bidali ere, emozionatuta, baita Radio Euskadin ere, eta horrek harritu egin ninduen, uste nuelako Pello batez ere zela erreferente Euskadi Irratiko entzuleentzat, baina Radio Euskadin ere jende askok bidali zituen audioak.
Beste irratiak entzuteko ohiturarik baduzu?
Bai. Beste komunikabideak asko jarraitzen ditut, batez ere irratiak. Guk egiten duguna ezagutzen dut, baina besteek egiten dutena jakitea ere inportantea da, asko ikasten da: nola egiten duten, zer kontatzen duten, zenbat denbora eskaintzen dioten gauza bakoitzari... Mundua ezagutzea bezala da: besteak nola bizi diren eta zer kultura duten ikustea, bat egin ala ez kultura edo irizpide horiekin.
Zer irrati duzu gustukoen, kalitate gehien zeinek du?
Ser azpimarratuko nuke; hori da nire erreferente ezbairik gabea. Radio Nacionalen ere badaude zenbait programa eta esatari... Niretzat Angels Barcelo, bere garaian Iñaki Gabilondo...
Beste hainbat lanbidetan bezala, kazetaritzan ere ez da erraza lana bizitza pertsonalarekin uztartzea...
Nik aukera izan nuen, eta aukeratu egin nuen, umeak izan nituenean lanaldi erdia hartu eta asteburuetan lan egiteko. Gutxiago irabazten duzu, beste gauza batzuk galtzen dituzu, baina aukera hori egin nuen, eta hori gomendatzen diet haurdun dauden lankide guztiei. Zoritxarrez, lanbide guztiek eta lanean ari diren guztiek ez dute aukera hori. Lau urtez aritu nintzen lanaldi erdian. Kazetaritzak ordutegi txarrak dituela? Bai, baina erizain batek, mediku batek, beste hainbat ofiziok ere oso ordutegi aldrebesak dituzte, eta beharbada gureak baino okerragoak eta luzeagoak. Bestalde, emakumeak gara gure profesioari urte batzuez nolabait uko egin behar diogunak oraindik ere. Europako beste zenbait herrialdetan ordaindutako amatasun baja hamasei hilabetekoa da, eta gu lau hilabeterekin bueltatzen gara, hala moduz. Asko dago egiteko hor.
Interneti buruzko anekdota kontatu duzu. Lehen irratia zen komunikabide azkarrena telebistarekin eta egunkariekin alderatuta; gaur egun, hor daude komunikabide digitalak.
Nik uste dut irratiak eusten diola azkartasun horri. Errazagoa du notizia gertatzen den tokira iritsi eta han bertatik sartzea irratiak. Gaur egun, gainera, teknologikoki ere oso aurreratuta gaude. Quantum izeneko aparatuarekin egiten ditugu zuzeneko emanaldiak kaletik. Gogoan dut aurreneko kontakizuna, praktiketan nenbilenean, telefono kabina batetik egin nuela, txanponak sartu eta sartu. Gero, kalera ateratzen ginenean, unitate mugikorrarekin ibiltzen ginen. Furgoneta handi bat izaten zen, antenaz jositakoa, eta teknikoak esaten zigun herri bakoitzean zer partetan kokatu behar ginen, inguruko mendien eta antenen arabera. Gaur egun, unitate mugikorra ere erabiltzen dugu, baina izaten da goiz osoa pasatu behar badugu, adibidez, santotomasetan eta halakoetan. Gainerakoan, Quantum horrekin joaten gara. Maleta txiki bat da, eta wifia ondo dabilen tokian ederki funtzionatzen du. Eta, kalitatea... Ia estudiokoa bezalakoa da. Azkeneko elkarrizketa asko kaletik, bai zuzenean, bai grabatzeko, horrela egin izan ditut. Bertan editatu, eta zuzenean hizketan ari naizela korteak bertatik sartzen ditut, aparatuari play emanda. Hainbeste erraztu da hori guztia... lehen, ezinezkoa zen.
Irratiaren teknologia aurrerapen hauek noraino iritsiko ote dira?
Ez dakit.... Lehen gure lana zen gidoia prestatu, mikrofono aurrean esan eta produzitu; hau da, elkarrizketak, pertsona berriak... aurkitu... Gaur egun edukiak sortzen ditugu, eduki horiek webgunera geuk igotzen ditugu, webgunean ez bazaude ez zarelako existitzen, eta geroz eta gehiago bideoak ere egiten ditugu ez dakit nor elkarrizketatu badugu eta gero hori webgunera igotzen dugu. Baina, horrez gain, Instagramerako story txikiak egiten ditugu. Badugu lankide bat horretan oso abila dena, eta berak bakarrik elikatzen ditu sare guztiak: Instagram, Tik-tok... Jende asko ere sare sozialen bidez kontaktatzen dugu.
Informazioaren munduan dena doa azkar, dena da bat-batekotasuna. Kalitateari eragiten al dio?
Askotan aipatzen da ez ote garen arinkeriatan erortzen, baina nik uste dut kalitatean ere hobetu egin dela. Arrisku hori badago: batzuetan arinkerian geratu, eta gauzak oso azaletik eta oso azkar esatekoa. Baina uste dut gauzak hobeto kontatzen direla orain, bai kalitate aldetik, bai eduki aldetik. Azkarrago bai, baina oro har, onak eta txarrak kontuan hartuta, onak dezentez gehiago pisatzen duela uste dut.