Hamaika argi gure euskarari

Euskararen argiak: batzuetan txinpartak, besteetan kandilak

Imanol Azkue Ibarbia 2022ko urr. 1a, 09:00

Ilustrazioak: Daniel Carballo Ostolaza.

Amama filmean, Asier Altunak oso irudi eta metafora ederrak erakutsi zizkigun, eta haietako bat denbora luzez iltzatuta geratu zitzaidan gogoan: Manu Uranga saltaka basoan zehar, amama bizkarrean hartuta. Oteizarekin eta haren 80 amamekin akordatu nintzen, uste baino gertuago dauzkagulako leize zuloetan bizi ziren gure arbasoak, eta aspaldiko ideia bat ere ibili nuen buruan: iraganari lotzen gaituen sokari tiraka, noraino iritsiko ginateke?

Zer dakigu guk bizkarrean daramatzagun amamez? Gure amama bai, eta asko jota haren ama, baina hortik atzera zer? Nahikoa izango dugu pare bat koska gora egitea dena ilun ikusteko, oso gutxi dakigulako gure arbasoez. Izan zirelako gara, kontziente gara geure aurrekoen ondorengoak garela, baina oso motza eta ahula da iraganari lotzen gaituen soka, gure ezaguera. Eta hori gertatzen zaigu non eta informazioaren gizartean, ia denaren berri di-da batean jakin dezakegunean pantailari begira.

Koldo Mitxelenak esan zuen euskararen benetako misterioa bizirik irautea zela, eta ez jatorria, gaur eguneraino iritsi zaigulako zailtasun, oztopo, gorabehera, mehatxu, debeku eta abar guztien gainetik. Baina euskara ez zaigu bakarrik iritsi; izan ere, euskaldunek ekarri digute, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi, eta guk euskaraz egiten dugu gure aurrekoek euskaraz egin zutelako, hizkuntza transmititu zutelako eta hizkuntzaren soka ez zelako eten. Baina zer dakigu iraganeko hizkuntzaz? Nola hitz egiten zuten Zumaian XV. mendean edo XVIII.ean? Zenbatek zekiten euskaraz edo gaztelaniaz? Zein zen hizkuntza nagusia? Zer funtzio zeukan hizkuntza bakoitzak? Seguru asko izango ditugu susmoak, izango dugu zerbaiten errezeloa, baina segurantzia handirik ez. Badugu intuizioa edo uste osoa gure aurrekoek euskaraz egingo zutela, baina zer froga daukagu hori egiaztatzeko? Ia ezer ere ez, ez bada agiri zaharretako hitz solteak, ia ahazturiko pasadizoren bat edo gaur eguneraino iritsi zaizkigun leku izenak.

Bittor Kapanaga Elorzak Amaren Sua terminoa sortu zuen, Arestiren Aitaren Etxea metaforaren parez pare jartzeko edo nolabait hura osatzeko. Kapanagak adierazi nahi zuen Aitaren Etxeak ezinbestean behar duela sua etxean argitasuna eta berotasuna izateko, euskaratik datorkigun izatasuna, eta su horren txingarrak belaunaldiz belaunaldi pasatu direlako ari gara gu ere euskaraz. Baina zer dakigu su horretaz eta su horri eutsi zioten amez eta amamez? Zenbat eta gehiago urrundu denboran, orduan eta lausoago edo beltzago ikusiko dugu gure euskararen iragana, ezer gutxi dakigulako gure hizkuntzaren historiaz, gorabeherez eta bilakaeraz.

Zumaiako Udalaren beka bati esker, 2018-2020 artean Zumaiako euskararen historia soziala aztertzeko aukera izan nuen, edo bestela esanda, ikertu ahal izan nuen noiz eta zergatik egon ziren euskara eta euskaldunak indartsu eta gogotsu, noiz ahul eta beldurtuta, zerk hauspotu zien gogoa eta zerk uzkurtu zien bihotza, eta egiaztatu ahal izan nuen zein izan ziren 1766-1966 artean euskarak bizirik irauteko gakoak eta zein izan ziren mehatxu nagusiak. Esku arteko material ugariari begiratuta, baieztatu ahal izan nuen Zumaia herri euskalduna izan zela epealdi horretan eta euskara nagusi izan zela gurean; gehienetan, ordea, ebidentzia horiek ez zeuden oso bistan edo agerian, ondo begiratu beharra zegoen batzuetan ezkutatuta zeudelako, eta hori azaltzeko oso irudi ederra bezain argigarria darabil Peio J. Monteano historialariak: “Si adoptamos como metáfora la figura de un iceberg, la documentación sería la fotografía obtenida desde la superficie del mar: nos muestra la exigua punta del castellano y nos oculta la enorme masa sumergida del euskera”; eta agerian daukagun hori ere ez da beti nahi bezain garbia, azaleko apaingarrien azpian bilatu beharra baitago euskara: “Ir más allá de las meras apariencias arañando el barniz con que los documentos escritos han cubierto la realidad social”; gainera, sarritan informazioa ezkutuan egoteaz gain, zeharka atera eta ondorioztatu beharra dago; izan ere, orain bezala orduan, ohikoa edo arrunta, egunerokoa, ez baitzen normalean kontatzen, jakintzat ematen zelako. Gainera, orduko inor ere ez daukagu bizirik zuzenean galdetu ahal izateko, eta euskararen egoeraz edo bilakaeraz ez dagoenez ia ezer ere propio jasota, ikerketarako gehienetan iturri idatzietara jo behar izan nuen euskararen arrastoen bila, batez ere administrazioko agirietara, gaztelaniazko testuetara.

Hemendik aurrera, atal honetan eta hurrengo zenbakietan, dokumentuen eta testigantzen bidez egiaztatzen ahaleginduko gara zumaiarrak euskaraz bizi zirela duela 250 urte ere, eta erabiliko ditugun testuetako asko epaiketetakoak izango dira. Bereziki azpimarratu beharra dago testu horien nolakotasuna, beste dokumentu askotan ez bezala, agiri horietan zumaiar xehe eta arruntak agertuko zaizkigulako hizketan. Honela arrazoitzen du Peio J. Monteanok agiri mota horien garrantzia:

“Porque por su naturaleza no permitían la selección de testigos y, en consecuencia, aparece involucrada en ellos la gente común y en especial las mujeres, habitualmente ausentes en otro tipo de procesos. (…) Para investigar estos delitos, las autoridades estaban obligadas a interrogar a todos los testigos, sin importar qué lengua hablaban o a qué grupos social pertenecían. La prioridad era el valor informativo de su testimonio. Esto marca la diferencia con los procesos civiles. En estos los testigos, más que información, aportan prestigio social y, por lo tanto, son cuidadosamente seleccionados por las partes”.

Hemendik aurrera, ikusiko dugu sarritan zumaiarren eta euskaldunen bidea ez dela gozoa eta erraza izan, sarritan kostata egin zutela aurrera euskaraz, eta historia aztertuta, makina bat gorabehera jarriko ditugu agerian. Izan ere, ahalegin kontzientea izan zen hizkuntza bat (euskara) ahultzeko eta azpiratzeko eta beste hizkuntza bat (gaztelania) indartzeko eta bultzatzeko: gaztelania hutsezko hezkuntza orokortzea eta euskarazkoa baztertzea, soldaduskara nahitaez joan beharra, foruak bertan behera lagatzea eta abertzaletasunaren sorrera, berpizkundeak ekarri zuen indarraldia, migrazioak, turismoaren sorrera, 1936ko Gerra eta Francoren diktadura, debekuak… Historiako gertakariak eta euskararen eta euskaldunen egoera elkarri estu-estu lotuta doaz, eta hiztunen gorabeheretako askok historiako gertakizunekin daukate zerikusia, onerako zein txarrerako. Denetarik ikusiko eta irakurriko dugu hemen: hitzaldiak pulpitutik, emakumezkoak Moilan gaizkiesaka, udaletxeko kartzelan preso daukaten zumaiarra hizketan, Patxikaandienekoaren dendako lapurreta, herrian apaiz euskalduna izatearen garrantzia, Zumaiako lehen medikua euskalduna izan zenekoa, Zumaiako etxeen euskarazko izenak eta medikuak egindako zerrenda herritarren izenekin eta ezizenekin, apaizak dotrina euskaraz eskatzen zuenekoa, kanpotarren etorrerarekin gaztelania nagusitzen hasi eta batzuk kezkatzen hasi zirenekoa, euskaraz idatzitako udal bandoak, debekuen gainetik euskaraz bizi nahia…

Datozen hilabeteotan, gure iraganean murgilduko gara, eta adibide argigarri batzuekin Zumaia euskaraz bizi izan dela egiaztatuko dugu. Orain begiratuta, dena ilun ikusiko dugu, ez dugu bereiziko ezer, baina laster piztuko dira pixkanaka argiak, batzuetan txinpartak, beste batzuetan kandilak, eta berriz ere orainera itzulita, ikusiko dugu badagoela euskararen ibilbide garbi eta argitu bat, gaur eguneraino ekarri gaituena; hau da, gauden tokian gaudela bide bat egin zutelako eta egin dugulako. Seguru asko, istorio eta kontakizun hauetan ez dugu aurkituko gure amamarik, baina bai gure amamarekin batera bizi izan ziren zumaiarrak, aldamenekoak, eta pentsatuko dugu gureak han ibiliko zirela, gu orain hemen gaudelako.

Ongi etorri eta hurren arte!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide