1. Itoiz – Hilzori II
Haur nintzela, etxean, apenas entzuten genuen musika euskaraz. Hala ere, Itoiz edo Sorotan Bele bezalako taldeak baziren salbuespen. Gure amak sarri dioen moduan "El cassette de Itoiz nos lo grabó Joxerra del bar Itzurun". Aitortu beharra dut Hilzori II kantaren hasierako organoa entzutearekin batera, gogora datozkidala aitaren Opel Kadett zurian egindako bidaiak. Ziur nago taldea amerikarra balitz, mundu osoan zehar entzuna izango zela.
2. Mark Knopfler – Song for Sonny Liston
Hamabost bat urte izango nituen telebistan Mark Knopfler abesti hau jotzen ikusi nuenean. Gogoan dut Canal Plusek irekian emititzen zuen Lo Mas Plus izeneko programan izan zela. Kantua akustikoan interpretatu zuen arren, atzamarrekin jotzeko daukan modu berezi horrekin ez nuen beste instrumentuen faltarik sumatu. Abestia amaitu bezain laster, logelara joan nintzen ziztu bizian, telebistan entzun nuen hura gitarra españolean jotzeko asmoz. Orain ez bezala, garai hartan ez zegoen bideoak grabatzen zituen mugikorrik edota YouTubeko tutorialik, beraz, buruan geratu zitzaidan melodia hori atera beharra neukan. Espero bezala, lortutako doinuak ez zeukan entzundakoaren antzarik, baina ordutik behintzat, pua alde batera utzi eta eskuin eskuko hatzen mugimendua lantzen hasi nintzen.
3. Lucinda Williams – Dust
Bourbona eta kearen ahotsa. Quique Gonzalezi egin zioten elkarrizketa batean jakin nuen disko honen berri. Arrazoia zeukan, hasieratik amaierara diskotzarra baita, lehen kantutik azkenekora etenik gabe entzutea merezi duen horietakoa. Onartu beharra dut, bere azken diskoetako ahotsa zirraragarria iruditzen zaidala. Hala eta guztiz ere, abesti hau kantu guztian zehar gitarrek sortzen duten jolasagatik aukeratu dut. Izan ere, L eta R stereoan elkarrizketa batean baleude bezala doaz kantu guztian zehar, ziurrenik zuzenean grabatu izanaren seinale.
4. Tom Waits – Lucinda / Ain't Goin Down To The Well
Anaiak Tom Waitsen berri eman zidanean egun sortzen dizkidan sentsazioen oso bestelakoak izan nituen, arrotza egin baitzitzaidan kantaera. Gaur egun, ordea, helduago naizela, orduan gorrotatzen nuen musika mota hura maitatzera ere heldu naiz. Esango nuke, gainera, Waitsen soinu gordin eta esperimentalaren jarraitzailea naizela, atsegingarri baitzaizkit bere ahots ia guturalak, mailukatutako objektuen zaratak, reverb amaiezinak, ahotsa baliatuz egindako perkusioak, etab. Aukeratu dudan kanta anaiak oparitu zidan Glitter and Doom Live zuzeneko LPkoa da, musika gordina gordinagoa bihurtzen delako zuzenean. Jatorrizko bertsioak Orphans diskoan aurkitu ditzakezue.
5. Señor No – Llámame
Disko hau ere anaiak ekarri zuen etxera unibertsitate garaian. Egun, BAMMS taldean aritzen den Mikelek pasa zizkion beste askorekin batera (Lobo Eléctrico, NCC, Obligaciones…). Hasiera samarretik erakarri ninduen beraien musikak eta esango nuke zuzenean gehien ikusi dudan taldea dela. Eta, nola ez, datorren abenduaren 30ean ere, Dabadaban izango gara Señor Noren 30. urteurrena ospatzeko egingo duten zuzenekoaren grabazioan.