'Gari eta goroldiozko' liburuaz solasean Anarirekin

Juan Luis Romatet 2022ko abenduaren 22a

Alex Gurrutxaga eta Anari Alberdi Santesteban, Alondegiko ganbaran egindako solasaldian. (Juan Luis Romatet)

Gari eta goroldiozko liburua aurkeztu zuen atzo Anari Alberdi Santestebanek Alondegiko ganbaran egindako ekitaldian. Alex Gurrutxaga izan zuen solaskide, eta bere liburuaz gain, beste hainbat gaiez ere hitz egin zuten, beti ere literatura oinarri bezala hartuta.

Musika munduan duen ibilbideagatik da ezagun Anari Alberdi Santesteban azkoitiarra. 25 urteko ibilbide luze eta aberatsean sei disko eta beste lau ep edota single atera ditu Anari izenpean. Aurtengo Durangoko Azokaren atarian atera duen Gari eta goroldiozko (Susa, 2022) da, baina, bere lehen liburua. Argitalpen hau aurkeztu zuen atzo iluntzean Alondegia kultur etxeko ganbaran egin zen ekitaldian, udalak herritarren irakurzaletasuna bultzatzeko antolatutako ekitaldien barruan. Solasaldiaren eta elkarrizketaren artean mugitu zen saioan Alex Gurrutxaga EHUko irakasle zarauztarra izan zuen idazleak solaskide. Bi ordu luze iraun zituen ekitaldiak, eta bertaratu ziren herritarrek interesarekin jarraitu zuten.

Gurrutxagak azaldu zuen bezala, bere musikagatik, baina baita abestietako letrengatik errekonozimendu handia jaso du Anarik urte hauetan guztietan. Poesiagatik hurbil mugitzen diren hitzak dituzte Anariren kantek eta, hala, musikatik literaturara salto egitea ez zela sorpresa izan adierazi zuen Gurrutxagak, “aurretik ere harremana izan duelako literaturarekin”. Anarik, bere aldetik, gogoratu zuen literaturako irakaslea izan dela urte hauetan, tarteka izan bada ere, eta Filologia Hispanikoko ikasketak egin zituela, hein batean, literatura gehien barneratzen zuelako. Abestietako letrei dagokionez, azkoitiarraren ustetan “hemen baloratzen da, eta gehiegi, besteen poemak musikatzea. Letra propioak lantzeko orduan jendeak konplexua garatu du, eszena akonplexatu bat garatu da. Kanta batek kristorena izateko ez du poema bat behar”. Bere abestien kasuan, hasiera hartan letroa poetikoegiak idazten zituela azaldu zuen. “Poema izaera eskatzen nizkion, eta denborarekin despoetizatzeko gogo kontziente bat izan dut”, gaineratu zuen. 

Libururen bat noiz aterako ote zuen sarritan galdetu diotela esan zuen. “Galdetu izan didate ea noiz aterako nuen poesia liburu bat”, azaldu zuen Anarik. Hala, liburua ateratzeak bi sorpresa eragin dituela uste du: bat, liburua bera atera izana eta bestea liburua narrazioa izatea eta ez poema bilduma. Emaitza, Gari eta goroldiozko, literatura liriko bezala definitu zuen Gurrutxagak solasaldian zehar. Idazleak berak definizio horrekin bat egin zuen, eta liburuak “forma poetikoa” duela aipatu zuen. Laburra bezain dentsoa dela ere onartu zuten biek.

Liburuaren abiapuntua bi testu desberdin izan direla azaldu zuen Anarik. “Testuetako bat orain hamar bat urte hasi nuen, nire aita baino zaharragoa egin nintzenean. Aita etxeko gazteena zen eta 41 urterekin hil zen. Nik 41 urte bete nituenean hasi nintzen testu hori idazten eta horri tira egin diot”. Nahiz eta itxura pertsonala duen, bere familiari buruzko liburua ez dela azpimarratu zuen, “bizpahiru kontu badaude ere”. Familiaz hitz egiten duenean beste gai batzuez aritzen dela ere nabarmendu zuen.

Liburuko bigarren haria, berriz, Erriberrin (Nafarroan) hamahiru olibondo zaintzeko “oinordetza” jaso zuenean sortzen dela esan zuen. “Nire ama Erriberrikoa da, eta abandonatuta zeuden olibondo horiek zaintzeko enkargoa jaso nuen”. Hemen ere denboraren “joko” berak egin zuela esan zuen idazleak. “Aitonak gazte zela landatuko zituen olibondo horiek eta bera hil ondoren ere olibondoek hor jarraitu dute. Bada, bi testu horien emaitza da liburua”.

Liburuan zehar izen propiorik edo leku izenik agertzen ez badira ere, Zumaiako irakurleei liburuko pasarte bat, liburuak proposatzen duen bidaiko une bat, ezaguna egingo zaiela ere esan zuen. “Santiagoko hondartzara joaten ginenean, atzeko partean –paduran– hondoratutako ontzi bat zegoen. Bada, bale baten hezurdura baten antza hartzen nion, eta pentsatu izan dut ontziak egiterakoan ez ote duten baleen hezurduraren antzerakoak egin”, azaldu zuen Anarik. Zumaiarekin duen harremanarekin jarraituta, gogoratu zuen amona bat Zumaian jaioa zela, “Zendoia Sorazu familiakoa, nahiz eta gero azkoitiartu egin zen”. Liburuaren izenaren jokoa eginda, “Garirengandik, Nafarroako familiatik, olibondo batzuk jaso ditut oinordetzan, eta goroldiozkotik, berriz, goroldioz estalitako panteoi bat”, esan zuen umoretsu. 

Gari eta goroldiozko bi testu motaz osatzen dela esan zuen Alex Gurrutxagak. “Batetik liburuaren eskeletoa moduan definitu dezakeguna dago, eta gero disgrezioak daude –disgrezioen zalea zela onartu zuen Anarik solasaldiko une batean–; disgrezio horiek atsedenaldi bezala” ikus daitezkeela esan zuen unibertsitateko irakasleak. Liburuko pasarte batzuk idaztean gozatu egin zuela onartu zuen Anarik. “Saiakera metaliterario” moduan ere ikusten du idazleak berak liburua. “Izaera metaliterario hori oso presente izan dut, eta idazkera bera deskubrimendu bat izan da”, azpimarratu zuen. 

Idazlearen esanetan, “azaletik hasten den joko bat da liburua, egia eta fikzioaren artean mugitzen dena”. Liburua idazterako orduan arazo batekin aurkitu zela ere onartu zuen Anarik. “Ez nuen nahi testu denak bata bestearen atzetik pegatuta doazen narrazio amaigabe bat izatea. Egia bat behar nuen; benetako egia bat behar nuen testu horiek sartzeko”. Behin testua idatzi zuenean hilabeteak behar izan zituen egia hori lortzeko. “Gero lagunei bidali nien, Iñigo Aranbarriri, Eider Rodriguezi, eta galdetu nien ea hori liburu bat zen. Baietz esan zidatenean, pulitzen hasi nintzen”. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide