Ismael Manterola: "Asko kostatu zaigu aldarrikatzea Arte Ederretan ikerketa egiten dela"

Amaia Urbieta Arruti 2023ko urtarrilaren 8a

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Duela 32 urtetik Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle da Ismael Manterola (1966, Zumaia), eta duela hilabete gutxi Arte Ederretako fakultateko dekano ardura hartu du. Azaroko BALEIKE aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain. 

Kudeaketa lana konplexua dela badaki Ismael Manterola EHUko Arte Ederretako fakultateko dekano berriak, eta aurreko dekanotzak ezarritako gidalerroei jarraika, fakultatearen presentzia lantzen jarraituko du, unibertsitatearen barruan nahiz bertatik kanpo. Egokitu zaion lana "itsusia" dela esan du, baina zuzendaritza ardurak txandaka betetzearen aldekoa da, jendeak jakin dezan kontuek nola funtzionatzen duten. 

Zein izan da zure ibilbidea EHUn? 

Gasteizen ikasi nuen, han zegoelako Historia eta Geografia diplomatura. Gero, espezialitatea egin nahi izan nuen Artearen Historian, eta Valentziara (Herrialde Katalanak) joan nintzen. Horregatik, nire lizentziatura Valentziako unibertsitatekoa da. Bukatu eta gutxira, lanpostu batzuk atera ziren Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle aritzeko, eta harrezkero, han egiten dut lan. 

Kuriosoa da, ikasle greba baten ondorioz atera zirelako lanpostu horiek. Euskarazko irakaslerik ez zeukaten ikasleek, gaztelaniazko lerroa bakarrik zegoen, eta horren ondorioz, 1989-1990eko ikasturtea oso gatazkatsua izan zen Arte Ederretan. Presio horri esker atera zituzten plaza batzuk. Ematen du beti izan dela horrela, baina borrokaren ondorioz lortu izan dira zenbait gauza, gaur egun normaltzat ditugunak. 

Gaur egun egin daiteke osorik gradua euskaraz, aukeratzen dituzun hautazko irakasgaien arabera. Batzuk ez daude euskaraz, jende kopuru txikia dutelako. Bikoizketa horrek eragingo luke are txikiagoa izatea irakasgaia, eta hori kalterako litzateke.

Nolakoa izan da dekanotzara jauzia? 

Une honetan, fakultatean oso momentu berezian gaude, belaunaldi aldaketan. Irakasle asko jubilatzen ari dira. Arte Ederren fakultatean irakasle asko aldi berean sartu ziren bere garaian. Berriak sartzen ere ari dira, baina horiek ezin dute dekano izan, pixka bat despistatuta dabiltzalako oraindik. Oso jende gutxi sartu ginen 1990eko hamarkadan. Talde oso txikia gara, baina guri zegokigun dekanotza hartzea. Inork pausoa ematen ez zuenez, erabaki nuen neuk ematea. 

Dekanotza, azken finean, zuzendaritza da, eta hori behar du fakultate batek. Taldea osatzea ez zen erraza izan, nahiz eta aurreko taldeko jende asko geratu den, eta eskerrak horri. 

Zergatik izan da zaila taldea osatzea? 

Gaur egun, unibertsitatean arazo handi samarra dago: jendeak ez ditu hartu nahi ardura karguak. Kudeaketa karguak ez dira baloratzen beste irizpide akademiko batzuekin alderatuta.  Jende gehienaren joera da karrera akademikoa egitea, hori delako erakutsi duena unibertsitateak, eta sistemak berak. 

Kargu hauetan diru gehiago irabazten da, baina ez du konpentsatzen. Ardura handiak dira, eta jendeak ez du nahi sartu lokatzetan; erosotasunera jotzen du. Gizartean oro har gertatzen da, inork ez du hartu nahi fakultate bateko zuzendaritza, baina ezta eskola edo institutukoa ere. Jendeak ez du nahi hartu etxebizitzako ardurarik ere. Eroso nahi du bizi jendeak, baina bateren batek egin behar du. Uste dut ez dela ideia txarra txandaka denoi egokitzea, horrela ezagutu daitekeelako zer gertatzen den. 

Zein dira dekanoaren ardurak?

Zuzendaritza, oro har. Erabakiak hartzea, eta kudeaketa lana. Administratzaile bat egoten da, baina azken ardura dekanoarena da. 

Asko aldatu al du horrek zure egunerokoa? 

Unibertsitateko irakasle denok hiru adar dauzkagu: irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa. Kudeaketak esan nahi du batzordeetan ere egon behar duzula. Orain, dekano izanda, pisu handiagoa hartzen dit kudeaketak, eta irakaskuntzak eta ikerketak gutxiago. 

Zer moduz joan dira lehen asteak? 

Iraila gogorra izan da, baina aurreneko urtea da, eta oraindik despistatuta nabil. Ea martxa hartzen dugun, oraindik zenbait gauzari tamaina hartzeko nago eta. 

Baduzu Arte Ederren fakultatean egin nahiko zenukeen aldaketarik? 

Aurreko dekanotza taldeak gidalerro batzuk markatu zituen, eta nire asmoa da horretan sakontzen jarraitzea, proiektu anbiziotsu eta handirik gabe. Bi helburu nagusi ditugu: Arte Ederren presentzia handitzea unibertsitatearen barruan, eta baita kanpoan ere, gizartean. 

Lehen asmoari lotuta, guri asko kostatu zaigu aldarrikatzea gure fakultatean ikerketa egiten dela. Beti dago topiko bat Arte Ederrekin lotuta: ondo pasatzen dugula, jendea berezia dela… eta egia da, baina irakaskuntza zentroa gara, eskolak ematen dira eta ikerketa egiten da. Unibertsitateak oso garbi eduki du beti zientziaren ikerketa zer den, baina arteetan ikertzea zer den jendeak ez dauka horren garbi. Gure lana izan da aldarrikatzea guk ere ikertzen dugula, eta gure jakintza akademikoa ere badela, ez gehiago, ez gutxiago. Baina jendeari iruditzen zaio zientzia inportanteagoa dela. Gauza batzuk aldatzen hasi dira, baina oraindik asko dago egiteko. Gure lanak askotan ez dauka ez presentziarik, ez errekonozimendurik. 

Esaterako, Komunikazio kabinetekoek eskatzen diguten gauza bakarra izaten da gure argazkia alaia izatea, koloretsua eta polita. Guk ez dugu irudi hori eman nahi. Ez da guztiz gezurra, baina topiko bat da, azkenean. Nik nahiko nuke unibertsitateko ikasle guztiek gozatzea egiten dutenarekin, ez guk bakarrik. 

Beste helburua kanpo proiekzioarena da. Inportantea da, guk harreman handia baitaukagu kultura instituzio publiko nahiz pribatuekin. Gure lana gizarteari begirakoa izaten da, komunikatzea du helburu. Artelanak ez dira fakultatean geratzeko, komunikatiboak izatea da helburua, eta harreman horiek mantentzea guretzat inportantea da. 

Jende kopuru aldetik, zer-nolako dentsitatea dauka fakultateak? 

Gutxi gorabehera, 1.000 ikasle inguru daude. Konplikatua da, ikasleen kolektiboa oso handia delako, baina ez daude oso antolatuta, ez dago interlokutore konkreturik. Badago ikasle kontseilu bat, baina jendeak ez du harreman handirik beraiekin. Kolektibo konplikatu samarra da, asko direlako eta atomizatuta daudelako. 

Beste kolektibo bat da irakasleena, horiek ere asko dira, 200dik gora. Hori ere kolektibo zaila da, bakoitzak bere berezitasun eta arazoak dituelako, eta dena zuzendaritzak kudeatu behar duelako. Hirugarren kolektiboa langileena da. Irakasle ez diren 40 langile dauzkagu. Administraziokoak, idazkaritzakoak, garbitzaileak, modeloak eta teknikoak. Horiek antolatuta daude sindikatuetan, eta ezberdina da. 

Esan duzu hiru adar dituela zure lanak; horietatik zein duzu gustukoena? 

Niri eskolak ematea gustatzen zait. Alde horretatik, pena pixka bat daukat, irakaskuntza alde batera laga behar dudalako, kudeaketaren alde. Dena den, masterreko klaseak mantenduko ditut, eskolak ematea gustatzen zaidalako. 

Nik uste dut kudeaketa lanak denon artean txandaka egin beharko genituzkeela. Hor zaudenean, konturatzen zara denok daukagula gauzak exijitzeko joera. Gaur egun, gainera, ohitura handia dago momentuan eskatzeko. Jendeak aldaketak orain nahi ditu, eta agian ez da posible. Fakultatean bi indarren artean gaude: behekoek gauzak eskatzen dituzte, eta goikoek esaten dizute ezin dela. Gure lana da hori moldatzea. Jende askok ez du ulertzen, jendea sututa ibiltzen da gauzak eskatuz. Ez dakite zenbat kostatzen den milimetro bat mugitzea horrelako instituzio handi batean. Mugatutako aurrekontu batzuekin funtzionatzen dugu, eta Eusko Jaurlaritzak ematen du dirua, guztion artean ordaintzen dugu. Finean, gure lana itsusia da. Jendeari esan behar diozu baietz, ahaleginak egingo dituzula gauzak aldatzeko, baina ezin duzu ezer agindu. 

Azpiegiturekin gertatzen da, esaterako. Gure fakultateak badauzka urte batzuk, zenbait gauza berritu egin behar dira, baina horretarako dirua behar da, eta guk ez ditugu gauza horiek kudeatzen. Fakultate batek maniobrarako daukan marjina ez da handia, dekanotza batek ezin ditu gauza asko aldatu. Jendea etortzen da nire bulegora ni Lourdes izango banintz bezala, baina oso mugatuta gaude.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide