Herriko argiteriaren efizientzia hobetzeko bigarren faseko lanak abiatu ditu Zumaiako Udalak. Horretarako, 1.177.000 euro erabiliko ditu. Kopuru horren ia erdia (580.000 euro) IDAEren laguntza bidez ordainduko ditu udalak. Lan horiei esker, energia kontsumoan %75 aurreztea lortuko dela dio udalak, eta 446,41 tona CO2 gutxiago emitituko direla.
Herrian dauden 2.344 kale argitatik 1.503 kale-argi aldatuko dituzte, baita 111 semaforoen argi ere. Udalak azaldu zuenez, Itzurunbideko, Julio Beobide kaleko eta Korta industriaguneko argi guztiak aldatu dituzte dagoeneko, eta Ardantzabideko ataripetan lanean jarraituko dute orain.
Instalazio horiek guztietan jarriko diren argi berriak azken belaunaldiko LED teknologiakoak eta eraginkortasun handikoak izango direla gainerau du; "driver elektroniko programagarria izango dute, argi-fluxua ordutegiaren eta bide moten arabera egokitu ahal izateko", azaldu du udalak. Aginte-taulei dagokienez, 33 hobetuko direla –herrian dauden gainontzeko 13 aginte-taulak lehenengo faseak aldatu ziren– ere aipatu du. "Gainera, telekudeaketa-sistema bat instalatuko da, eta kableak eta egoera txarrean dauden zutabeak ordezkatuko dira. Azkenik, legeak aginduta, zenbait eremutan argi sistemak aldatuko dira".
Kale-argien potentzia 248,29KW-tik 59,52KW-tara jaitsiko dute, udalaren arabera; semaforoetan, berriz, 9,178KW-tik 2,31 Kw-ra jaitsiko da. "Potentziaren jaitsiera nabarmen horri esker, eta proiektuan aurreikusten diren aldaketa horiek guztiekin, energia kontsumoa asko jaitsiko da: %75. Gainera, 446,41 tona CO2 gutxiago emitituko dira atmosferara".
Proiektuaren helburua da, udalaren arabera, "herriko energia kontsumoa murrizteaz gain, energia eraginkortasuna bultzatzea, baita ingurumenari eragindako kalteak gutxitzea ere".