Iaz egin bezala, Europako funtsen bidez finantzatutako Next Generation dirulaguntzak jaso ahal izateko proiektuak eta proposamenak aurkezteko asmoa du Zumaiako Udalak. Orain urtebete Debegesa garapen agentziarekin hitzarmena sinatu zuen udalak, proposamen horiek Euskal Kostaldeko Geoparkearen izenean aurkeztu ahal izateko. Iaz, guztira, bost milioi euroko laguntzak iragarri zituen Espainiako Gobernuak Geoparkea osatzen duten hiru herrietan banatzeko. Zumaiako kasuan, Moilaberriko tren estazio zaharra eraberritzea eta Algorri Interpretazio Zentroko eskaintza berritzea jasotzen zen.
Aurten ere dirulaguntza horietara proposamenak aurkeztu nahi ditu udalak, eta iaz egin bezala Debegesarekin hitzarmena sinatzeko proposamena eraman zuen udal gobernuak ostegun arratsaldean egindako otsaileko ohiko plenora. Laguntzetara proposatuko dituzten proiektuak ere iragarri zituen Iñaki Ostolaza alkateak: Algorri Interpretazio Zentroaren inguruneari dagokiona bat, eta Estazioko industrialdean kokatuko den autokarabanen proiektua garatzea bestea. Horrekin batera, udal eraikin batzuetan eguzki plakak jartzeko asmoa ere azaldu zuen alkateak.
Iker Mardaras EAJko zinegotziak bere alderdiaren kontrako botoa aurreratu zuen, erabilitako prozeduragatik –proposamena azken momentuan eta presaka aurkeztu zelako kexatu zen–, baina baita edukiarengatik ere. "Eduki aldetik nahastuta gaude. Ez genekien Algorri eraikinaren ingurunea atontzeko beste proiektu bat zegoenik. Bestalde, autokarabanen gunea ere ez dugu ikusten. Halako leku ona erabilera puntuak baterako ez dugu ikusten, are gehiago kanpina ere hor dagoenean. Beste behar batzuk badaudela uste dugu. Horregatik, formengatik eta edukiarengatik ezezkoa esango dugu", adierazi zuen Mardarasek, eta udal gobernuari "fundamentu eskasa" izatea aurpegiratu zion.
Dirulaguntzak aurkezteko epea martxoaren 3an ixten dela erantzun zion Ostolazak, eta deialdiaren berri jakin zutela hiru aste ere ez zirela pasatu. "Defendatzen ditugun proiektuak aurkeztuko ditugu dirulaguntza deialdi honetara. Autokarabanen gunearena, esaterako, gure proposamena da. Guztira, 1,6 milioi euroko laguntza eskatuko. Hori bada fundamentu eskasa...", erantzun zion alkateak EAJko bozeramaileari.
Proposamena aldeko bederatzi botorekin onartu zen –EH Bilduren zortzi eta PSE-EEren bat–; EAJko hiru zinegotziek, berriz, kontra bozkatu zuten.