Gaur arratsaldean egin du herri batzarra Zumaiako EH Bilduk. Maiatzaren 28 udal hauteskundeetara begira prestatutako programa aurkeztu du, baita koalizioak bozetara aurkeztuko duen lagun taldea ere. "Gobernatzeko anbizioa duen talde prestatua" aurkezten duela azaldu du Zumaiako EH Bilduk. "Talde prestatua, gobernutik arloz arlo ekarpenak egiteko gaitasuna sobera duena, eta aldi berean herrikoia, herriko kultur eta kirol elkarteetan zein eragile sozialetan presentzia handikoa" dela azpimarratu du koalizioak.
Hautagaiak:
1. Iñaki Ostolaza Esnal
Zumaiako alkate azken agintaldian. Industria ingeniaria da ikasketaz eta enpresa txiki baten sortzaile eta zuzendari izan da urte luzez. 2007-2011 agintaldian zinegotzi izan zen. Koalizioaren esanetan, "alkatetzaz gain, tokiko ekonomiarekin lotutako sailen ardura izango du, baita energia eta ingurumenarekin lotutakoak ere".
2. Argi Yeregi Egaña
Ikasketaz arkitektoa, Zarauzko estudio batean egiten du lan, eta, besteak beste, hirigintza feministan, Hiri Antolamenduko Plan Orokorren osaketan, eta jolastoki hezitzaileen inguruko proiektuak prestatzen aritzen da. "Hirigintza sailaren ardura izango du, baita gazteriari lotutako gaiena ere".
3. Aitor Manterola Garate
Euskal Filologoa da ikasketaz, eta Berria egunkarian eta Harmaila kirol aldizkarian aritu da lanean kazetari gisa. Futbol entrenatzailea ere bada. "Kirolak, eta euskara eta hezkuntzari lotutako gaiak eramango ditu".
4. Marina Bidasoro Arozena
Soziologia eta zientzia politikoetan lizentziatua. Zumaiako alkate izan zen, eta zinegotzi hainbatetan; aldi berean, Gasteizko legebiltzarkide. Enpleguratze enpresa bateko zuzendaritzan aritu da eta baita Aldundian ere, Giza Eskubide eta Oroimen Historikoaren zuzendari gisa. Azken lau urteotan Kultur arloko zinegotzia izan da. "Kultur saileko zinegotzi izateko aurkezten da, eta elkarbizitza eta memoria historiari lotutako gaien ardura ere izango du".
5. Asier Arakistain Alberdi
GKN-Ayra Durex enpresako langilea da, eta bertako komiteko langile ordezkaria LAB sindikatutik. Julene Azpeitia ipuin lehiaketan lau aldiz lortu du zumaiar onenaren saria. Zinegotzi moduan, pertsonal sailaren ardura izan du azken lau urteotan, besteak beste. "Pertsonal arloaren arduraduna izango da".
6. Maite Egaña Larrañaga
Lan arloarekin eta taldeen kudeaketarekin lotutako formakutza eta ikastaro egindakoa, Lan Harreman eta Okupazioko Gradua egiten ari da egun. Elhuyar fundazioan egiten du lan, Pertsonal sailean, eta Emakumeon* Etxeko lan-taldeko kidea ere bada; besteak beste, kirolari lotutako ekintzak koordinatzen ditu bertan. "Berdintasun, partaidetza eta aniztasun gaien arduradun izango da".
7. Unai Larrañaga Uranga
Enpresen Administrazio eta Kudeaketako tituluduna, duela 17 urtetik bankari bezala egiten du lan finantza-erakunde batean. Horrez gain, futbol entrenatzailea ere bada. "Ogasun sailaren ardura izango du".
8. Jose Maria Azkue Castillo
Oboe eta Ganbera musikako goi mailako ikasketak egin zituen, Donostia eta Baionako kontserbatorioetan lehenik, eta Londreseko Guillhall School Of Music and Drama eskolan ondoren. Europako orkestra askorekin lan egin du. Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako irakaslea da, Zumaiako Musika Bandaren zuzendaria da. Azken lau urteotan Gizarte Zerbitzuen ardura izan du zinegotzi moduan. "Gizarte Zerbitzuetako buru izateko proposatzen dugu".
9. Nerea Goiria Mendiolea
Euskal Filologian lizentziatua da, eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea da. Txiribuelta elkarteko kide izan zen, eta gaur egun Larraina euskara elkarteko kidea da. "Euskara eta hezkuntza arloen ardura izango du, Aitor Manterolarekin batera".
10. Itziar Etxabe Etxabe
Diseinu industrialean titulatua ikasketaz, enpresa arloan zein merkataritzan aritu da lanean; lankidetzan enpresa-ekimen propioa ere abiatu zuen. Gaur egun biltegi kudeaketako prestakuntza amaitzen ari da.
11. Unai Egaña Esteibar
Mekanizazio ikasketak amaitzearekin bat Mendiaraiz enpresan hasi zen lanean, eta azken urteotan LAB sindikatuko ordezkari izan da enpresa berean. Kirola eta natura dira bere afizioak, eta korrika aritzen da askotan.
12. Eider Manzisidor Arriaga
Gizarte integrazioko goi-mailako teknikari ikasketak amaitu ondoren, Gizarte Integrazioko Gradua ateratzen ari da egun. Gazte-gaztetatik zerbitzari bezala egiten du lan Zumaiako taberna batean.
13. Aitor Olaziregi Iribar
Mekanizazio ikasketak egin zituen. Bizikletak egiten dituen enpresa batean aritu da lanean, muntaian, eta gaur egun langabetua da. Ziklista izan da gazte-gaztetatik, eta gaur egun kirol bera du afizioetako bat.
14. Olatz Zulaika Alkorta
Zumaian bizi den oikiarra. Turismoan diplomatua, arlo horretan egin zuen lan zenbait urtez. Gaur egun Zarauzko Lizardi institutuan egiten du lan, atezain moduan.
15. Ainitze Aizpurua Barrena
Merkataritza eta Marketineko, eta Administrazio eta Kudeaketako heziketa zikloak egin zituen. Merkataritzan aritzen da egun, ekodenda bateko jabe eta langile moduan.
16. Karmelo Arroiabe Arakistain
Banku langile moduan egin du lan bizitza osoan, eta jubilatuta dago gaur egun. Mendia eta argazkilaritza dira bere afizioak.
17. Mari Bego Urkidi Ostolaza
Elikagai denda txiki bateko jabe eta langile izan zen urte luzez, eta gaur egun, garbitzaile bezala egiten du lan hotel batean. Astindu Dantza Elkartean aritzen da, ekitaldiak antolatzen zein dantzan.
18. Alazne Etxabe Salegi
Erizaintzako laguntzaile ikasketak ditu, baita kirol arloko goi mailako ziklo bat ere. Gaur egun dentista laguntzaile moduan egiten du lan Zumaiako klinika batean.
19. Arkaitz Aizpurua Agirretxe
Ingeniari industriala da ikasketaz. Muntaia-arduradun bezala egiten du lan Itziarko kooperatiba batean; lehenago kooperatibako lehendakaria izan zen, eta gaur egun bertako kontseilu errektoreko kidea ere bada. Txirrindularitza zalea, gaur egun mendi-lasterketa baten antolaketan ere aritzen da.
20. Juan Luis Alberdi Sesma
Mekanizazio ikasketak ditu, eta arlo horretan egiten du lan. Kirolari eta kirolzalea da, eta Astindu dantza elkarteko kide eta dantzaria.