Txupinazoa, beste aldetik

Erredakzioa 2023ko api. 14a, 09:00

Batzuek festaz gozatu ahal izateko, beste batzuek lan egin behar izaten dute. Suziria jaurtitzeko uneak zumaiar asko elkartzen ditu, eta hainbatek lan egin behar izaten dute dena ondo atera dadin: bertso eskola, musika eskola eta Itxas Gain elkartea dira horietako batzuk.

Zapia, kasaka eta arropa urdinak jantzi eta marea urdina San Telmo ermitara bideratuko da apirilaren 15eko goizean. Festen baitako hainbat ekitaldi dagoeneko igarota izango diren arren, jaiak orduan egingo du ofizialki eztanda, eta horretarako prest izango dira zumaiarrak. Baleikek osatutako gehigarri honen azalean ageri den bezala, zaparradan aterako dira suziriak 12:00etan, eta Zumaia festa giroan murgilduko da.

Hala ere, batzuek festaz gozatu ahal izateko, beste batzuek lan egin behar izaten dute. Jaiaren beste aldea da, hain zuzen ere, lanean aritzen diren horiena. Txupinazoaren uneak, adibidez, zumaiar asko elkartzen ditu, baina herritar asko lanean aritzen dira jaien hasierako momentu hori beti bezain alaia eta ederra izan dadin: bertso eskolako eta musika eskolako kideak eta Itxas Gain elkarteko ordezkariak dira, besteak beste, horietako batzuk.

Hamaiketakoa

Festei hasiera ematen dien suziria jaurti ondoren, San Telmo ermita inguruan bildutako herritarrak kalejiran jaitsiko dira izen bereko kalera, musika eskolako trikitilarien laguntzarekin. Hara iristean, Itxas Gain elkartekoek dena prestatuta izango dute festa gosez dauden herritar horien sabelak betetzeko: 25 kilo haragi, 50 kilo txorizo, salda egiteko produktuak... "Une horretarako, gauza asko izaten dira erosteko eta egiteko. Edari aukera ere eskaintzen dugu, baina egun horretan txakolina izan ohi da Zumaiako erregina. Ura ere izaten dugu, baina ez digute eskatzen", dio barrez Ligorio Urruzunok.

2004aren inguruan hasi ziren Itxas Gain elkarteko kideak hamaiketakoa eskaintzen. Poliki-poliki hasi ziren, garai hartan ez baitzen jende gehiegi elkartzen. Urteak aurrera joan diren heinean, ordea, gero eta jende gehiago hasi da hamaiketakora hurbiltzen. Eta zenbat eta jende gehiago, are lan gehiago eskatzen die elkarteko kideei prestaketak. Dena den, Itxas Gaineko kideak ondo antolatzen dira, eta lanak ondo banatzen dituzte, hamaiketakoak arrakasta izan dezan. Hala esan du Urruzunok: "Talde ona sortu dugu. Ohitura hartuta dugu jada, bakoitzak bere zeregina du, eta denon artean lortzen dugu otordua aurrera eramatea".

Kalean eskaintzen dute hamaiketakoa, eta horrek begirada zerura bideratzera behartzen ditu Urruzuno eta lagunak. Izan ere, euriak hitzordua zapuzteko aukera erreala da. Dena den, orain arte "zortea" izan dutela esan du: "Oso gutxitan egin izan du euria. Hala ere, gogoratzen dut urte batean beheko arkupean egin behar izan genuela hamaiketakoa".

Bi urtean behin aldatzen da hamaiketakoa prestatzeaz arduratzen den taldea; izan ere, Itxas Gain elkarteak ere bi urtez behin aldatzen du zuzendaritza. "Urtero antzekoa izaten da hamaiketakoa, eta zuzendaritza batekoek besteei esaten diete zer eta non erosi behar duten. Zentzu horretan, ez da arazorik izaten. Gainera, 25-30 pertsonako taldea sortzen dugu hamaiketakoa prestatzeko, eta bakoitza bere zereginetan aritzen gara: garbiketan, hamaiketakoa jasotzen, prestaketan, banaketan...". Hori bai, elkarteko kideek beraientzat ere gordetzen dute hamaiketakoaren zati bat, eta ekitaldia amaitutakoan, dena garbitu eta jasotakoan, beraiek betetzen dituzte sabelak. "Lana bakarrik ez da egin behar; gozatu ere egin behar da, zer gero!", esan du Urruzunok.

Ondo pasatzen duten arren, hamaiketakoa festen egitarautik kentzeko gogoa ere izan dutela onartu du. "Lan asko egitea eskatzen du hamaiketakoa prestatzeak, eta orain, gainera, gastu denak-eta justifikatu behar izaten ditugu. Ulertzen dugu hala egin behar dela, baina, herriari laguntzen ari gara, festak antolatzen borondatez... Halakoek zaildu egiten dute guztia", kexatu da.

Hala ere, lan hori hartzeak eta herritarrentzat hamaiketakoa prestatzeak alde onak ere badituela esan du. Hark adierazi duenez, erromesak edota beharra duten herritarrak gerturatu izan dira hamaiketakora. Haien sabelak ere ondo betetzen saiatzen dira Itxas Gainekoak. "Herritarrek etxean edo kalean bazkalduko dute, baina horiek, horiek ez dute horretarako aukerarik".

Musikaz blai

Festa guztietan bezalatsu, musikak nagusitasuna izango du santelmoetan. Txupinazoa botako duten eguerdian ere izango du protagonismoa musikak; izan ere, herriko bertso eskolako eta musika eskolako euskal dantzen taldeko ikasleek parte hartuko dute ekitaldian. Hamaiketakoa izango den kale horretan bertan, bertso batzuk kantatuko dituzte bertso eskolako gaztetxoek eta ez hain gaztetxoek. Ikasturte hasieratik doinu desberdinak lantzen aritu dira horiek, eta santelmoak gerturatzen hastearekin, bertsoak edo koplak sortzen aritu dira. Bertso eskolako saioetan prestatzen dituzte koplak, irakasleak denak entzun eta zuzentzen ditu –beharra baldin badago–, eta eguna iristerako buruz ikasita izaten dituzte ikasleek horiek. Santelmoen inguruko gaiak izaten dituzte kanturako aitzakia: festen itzulera, barrakak, jaietako ekintzak...

Zenbait urtetan lau ikaslek eskaini izan dute bertso emanaldia, beste batzuetan zortzik ere bai, eta aurten, hamalau lagun inguru izango dira bertsotan. "Oso gustura gaude, ikasle txikienen kopurua hazi egin delako. Aurreko urteetan hiru ikasleko taldeak izan ditugu, eta aurten, ezustean, ume askok eman dute izena. Ederra izan da", esan du Irati Arakistain bertso eskolako irakasleak.

Ondartxon, aldiz, dantzari txikien ikuskizuna izango da. Asteak daramatzate emanaldia prestatzen, eta ez dira faltako aurreskua, arrantzale dantza, fandangoa, arin-arina eta Pirritx eta Porrotxen Telmo Deun abestia. "Urtez urte, hiruzpalau dantza aldatzen saiatzen gara, herritarrei emanaldi desberdina eskaintzeko", azaldu du Alain Maya ira- kasleak.

Ehundik gora umek parte hartuko dute aurtengo ikuskizunean; 102 haurrek, zehazki. "Umeentzat polita da emanaldian parte hartzea. Izan ere, kalean eskaintzen dugu, eta haurrek ilusioa izaten dute. Gustura egiten dugu emanaldia".

Zumaian euskal dantzak osasuntsu daudela esan du euskal dantzen irakasleak: "Ikusi besterik ez dago: santelmoetako saioan ehun umetik gora izango dira, musika eskolan 130 ikasle daude... Egia esan, gustura gaude".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide