Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Denon artean egin beharko ditugu aldaketa handiak"

Mikel Gurrutxaga 2023ko mai. 1a, 00:00

2050ean Zumaia nolakoa izango den galdetu diogu Miren Lasari, bereziki energiaren gaiaren inguruan.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
Denon artean egin beharko ditugu aldaketa handiak. Zaila da, baina denborarekin eta lan handia eginez pentsatzen dut lortu daitekeela. Bidean goaz, baina zaila ikusten dut, ikusiko dugu denborarekin zer gertatzen da.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Niri zaila iruditzen zait, baina energia berriztagarriak erabiliz agian klimaren aldaketa gelditu dezakegu.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin? 
Momentuan ezinezkoa iruditzen zait, baina aurrera begira ez dugu beste aukerarik izango lurra mantentzeko, bere iraupenari eusteko. Baina momentuan ezinezkoa iruditzen zait.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Niretzako energia berriztagarriak erabili beharko genituzke. Egia da itsasoan jarrita daudela eoliko asko eta mendietan ere bai. Mendi askotan badago, agian gehiegitan gauza onerako. Orain inguru honetan sartzeko asmoa dute eta uste dut non kokatzen den ondo begiratu behar dela. Ez dut ezezkoa esaten, baina ondo-ondo pentsatuta eta ondo hitz eginda denon artean.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Ezinbestekoa iruditzen zait. Gure familian hurrengo automobila seguru nago elektrikoa izango dela. Gainera gure etxean pentsatzen ari gara garajeetan denok batera obra egitea eta dena antolatzea kotxe elektrikoak jartzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide