Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Ahalik eta azkarren hasi behar gara aldatzen gure ohiturak"

Naroa Etxaide 2023ko mai. 1a, 00:00

2050ean Zumaia nolakoa izango den jakiteko hainbat elkarrizketa egin ditugu. Hemen daukazue Maitane Etxaberi energiaren gaiari buruz egindakoa.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
Nik uste dut gure ohiturak aldatu behar ditugula. Garbi dago zerbait egin beharra dagoela eta ahalik eta azkarren hasi behar gara aldatzen gure ohiturak. Kutsadura sortzeko daukagun erraztasun hori alde guztietatik murriztu behar dugu, elektrizitate gutxiago erabiliz, kotxearekin gutxiago mugituz, zaborra birziklatuz… Nire ustez, ohitura hauek guztiak aldatu behar ditugu. 

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Bai, posible da eta nire ustez, garraio publikoa eskuragarri jartzen hasi beharko ginateke. Nik gure kasua ikusten dut: gu Oikian bizi gara, beraz, arazo asko ditugu garraio publikoan ibili ahal izateko eta beharrezkoa dugu kotxea hartzea eta karreteraz bi kilometro egin behar ditugu Oikiako plazara iristeko eta autubusa hartzeko. Gainera, egunean lau-bost autubus daude Zumaiara joateko eta bueltatzeko. Horregatik, nire ustez, erraztasunak jarri behar dira eta garraio publikoa erabiltzera bultzatu behar da jendea eta energia gutxiago erabiltzera ere bai.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Nire iritziz posible da, ondo bideratzen baldin bada, baina ahalik eta azkarren hasi behar dugu zerbait egiten.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Konturatzen naiz orain bai izan daitekeela soluzio bat, baina ez dut ikusten etorkizunerako soluzio bat bezala. Azkenean, gauza onak badauzka, baina kalteak ere bai, adibidez, naturari kalte handiak egiten dizkio, animaliei ere bai eta inguruneari ere bai.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Ez, ez zait estrategia ona iruditzen. Informazio bila ibili naiz eta kotxe elektriko horiek bahar dituzten bateria horiek sortzeko kutsadura handia sortzen da. Kutsadura hori zenbatekoa den jakiten dugunean atzerakada handia ematen du eta gainera, bateria horiek gutxi irauten dute, bateria aldatu egin behar da eta bateria zahar horrek sortzen duen kutsadura oso kaltegarria da guretzat.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide