Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Benetan behar duguna baino gehiago konsumitzen dugu"

OƱatz Etxabe 2023ko mai. 1a, 00:00

2050ean Zumaia nolakoa izango den jakiteko elkarrizketa bat egin diogu Ainara Iruretari, bereziki eneregiaren gaiari buruz.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
Kotxea gutxiago erabiliz, garraio publikoa erabiliz edo autoa partekatuz, adibidez.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Gaur gaurkoz oso zaila ikusten dut. Gero eta aparatu elektriko gehiago ditugu gure etxeetan, gero eta gehiago bidaiatzen dugu, denok darabilgu mugikorra poltxikoan... Bizimodua erabat aldatu beharko genuke.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Benetan behar duguna bakarrik gastatuko bagenu agian bai. Nik uste dut arazo handiena hor dagoela; benetan behar duguna baino gehiago konsumitzen dugu.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Ni aizarnarra naiz (Zestoa), eta Sainu gaina oso gertu gelditzen zait. Bertan eolikoak jartzeko proiektu bat dago. Nik ez dut nahi han eta inguruetan egingo diren txikizioak egiterik. Pentsatzen dut inork ez duela nahi halakorik bere lurretan. Itsasoan ere kalteak ekarriko dituelakoan nago.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Ez dakit. Bateria horiek kargatzeko ere energia behar da. Bestalde, ez dakit gerora zer ondorio ekarriko dituen horrek: ze gertatuko da bateria guzti horiekin hondatzen direnean?  Horiek ez al dute kutsadurarik sortuko? Ni ez naiz gai honetan aditua, eta adituak direnak interes ekonomikoek mugitzen dituztelakoan nago. Konponbide zaila, beraz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide