Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Kostaldean bizi garenok parke eolikoak izan ditzakegu eta aireko eta itsasoko energia aprobetxatu"

Daniel Moure 2023ko mai. 1a, 00:00

2050ean Zumaian nolakoa izan den jakiteko hainbat elkarrizketa egin ditugu. Hemen daukazue Mercedes Galianori energiari buruz egindakoa.

Europan daukagun energia kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?                                                              Jendeak etxe bakoitzeko kontsumoa apur bat gehiago neurtu beharko luke, nahi dugun guztia gastatzen utzi gabe.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?                                                                                                                             Bai, murriztu daiteke, adibidez, norberak etxean dituen gailu elektronikoak egun osoan zehar erabili beharrean, behar denean bakarrik erabiliz. Horrez gain, teknologiaren gehiegikeria neurtu egin beharko genuke. Teknologiek abantaila handiak ekartzen dizkigute, baina kontsumoa ere oso handia da. 

Herri bakoitzak bere energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?                                                                                                        Kostaldean bizi garenok parke eolikoak izan ditzakegu eta aireko eta itsasoko energia aprobetxatu. Eta horrela, energia ekoizten badugu, beste herrialdeetakoa gutxiago kontsumituko dugu.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?                        
Bai. Kontua da ekologistak betiko kontuekin etorriko direla, mendietan egiten duten kaltea aipatuz. Kontua da ez dutela energia nuklearrik edo energia fosilik nahi, baina itsasoak sortzen duen energia garbia izateak ere gogaitzen ditu, energia hau lortzeko gailuek sortzen duten irudiak naturarekin talka egiten duelako.

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?                                                              Zorionez, garraio publikoko gidaria naiz, eta gaur egun, dauden prezio merkeak direla eta, duela bi urte baino askoz jende gehiago ibiltzen da. Horrek esan nahi du autoak errepidetik ateratzen ari direla; hori dela eta, jendeak gutxiago kutsatu dezan laguntzen dut. Arazoa da denok ezin dugula beti garraio publikoa hartu, adibidez, nik neuk lanera joateko autoa hartu behar izaten baitut. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide