Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Gizartea ez gaude behar adina kontzientziatuta"

Urko Ostolaza 2023ko mai. 1a, 00:00

2050ean Zumaia nolakoa izango den galdetu diogu Mikel Ostolazari, zehazki energiari buruz, eta hau izan da erantzun diguna.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
Nire ustez, lehenengo, CO2a isurtzen duten enpresa handiek isurketa hori murriztuz, esate baterako: filtro bereziak jarriz beraien tximinietan, beraien produkzioan beste teknologia bat erabiliz CO2a sortzen ez duena…. Eta bigarrenez, erregai fosilarekin dabiltzan ibilgailuak murriztuz edo aldatuz, adibidez elektrikoak bihurtuz, hau da, kotxe, autobus, motor eta hegazkinen motorrak elektrikoak izatea.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Murriztu daiteke, baina gaur egun daukagun behar energetikoa oso handia denez oso zaila ikusten dut, batez ere gizartea ez baikaude behar adina kontzientziatuta. Energia gutxiago kontsumitzeko egin dezakegun gauza bat izan daiteke garraio publikoa erabiltzea, ahal bada bakoitzak bere kotxea ez erabiltzea, oinez edo bizikletaz ibiltzea…. Beste bat izan daiteke etxean aparatu elektrikoen erabilera murriztea, lanean behar ditugun makinak edo aparatuak bakarrik edukitzea piztuta eta gainontzekoak itzaltzea….

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Ez, gaur egungo teknologiarekin ez. Oraindik ditugun energia iturri garbiak oso urriak ikusten ditut dugun energia eskaerarekiko, eta energia iturri garbi gehiago edo berri gehiago garatu beharko genituzke.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Bai, uste dut lurralde bakoitzean daukagun energia iturri onena aprobetxatu beharko genukeela eta Euskal Herrian eguzkiarena baino haizearen indarra handiagoa dela. Hortaz, hau aprobetxatzea ondo egongo litzateke. Eta itsasoan eolikoak jartzearekin ados egongo nintzateke, baina gaur egun ez dut uste daukagun teknologia oso garatua dagoenik. Gainera, Kantauri itsasoan ez dut bideragarria ikusten eolikoak jartzea, ez baita oso lasaia.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Bai, baina susmo handiak sortzen dizkit. Kotxe elektrikoak ibiltzeko bateria bereziak behar dira eta bateria hauek lortzea ez da batere garbia material bereziz eginda baitaude. Gainera, denek kotxe elektrikoa edukiz gero, bateria guztiak kargatzeko energia asko beharko genuke eta nondik lortuko litzateke energia hori? Energia garbia izango al litzateke hori?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide