Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Beste energia mota batzuk gehiago aprobetxatu beharko genituzke"

Danel Mujika 2023ko mai. 1a, 00:00

Jesus Juan Mujika Aizarnazabalgo herritarrari elkarrizketa egin diogu, Zumaia 2050ean nolakoa izango den galdetuz energiaren gaian.

Europan daukagun energia kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?
Ez, gehiegizkoa iruditzen zait, uste dut energia berriztagarriak, eolikoak eta abar gehiago erabili beharko genituzkeela gasarekin energiarekin, argindarrarekin... hainbeste gehiegikeria egin gabe. Beste energia mota batzuk gehiago aprobetxatu beharko genituzke edo beste ideia bat sortu beharko litzatekeela iruditzen zait.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Ziur nago gutxitu ahalko genukeela; adibidez, energia berriztaezinak gutxituz, erregai fosilak, nuklearrak horiek gutxiago erabiliz gero, uste dut jarraian beste pausu batzuk hartuko genituzkeela.

Herri bakoitzak bere energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?
Uste dut herri bakoitzak bere energia sortu beharko lukeela, aprobetxatuz eolikoak dauzkagula, uraren indarra, eguzki panelak jarriz... Uste dut kanpotik ekarrita diru pila bat alferrik gastatuko genukeela bertan egin beharreko gauzak bertan ez egiteagatik.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Nahiago nuke eolikorik jarriko ez bagenu; iruditzen zait mendiari zati garrantzitsu bat kenduko geniokeela, mendiaren eta herrien irudia aldatu, eta hegazti eta abereentzat kalte handia izango litzatekeela.

Itsasoan mendian baino egokiago iruditzen zait; hala ere, iruditzen zait itsas faunari kalte handia egingo geniokeela, baina bai, mendian baino egokiagoa eta errezagoa iruditzen zaidala.

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?
Ez, ez daukat ohiturarik, kotxea edukita ez dut faltan botatzen, gainera, iruditzen zait garesti samar dagoela eta nire egunerokorako kotxea daukadala baliatuz, ez dut faltan botatzen nahiz eta pena izan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide