Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Bada garaia, daukagun informazio guztiaki, denok gure esku daukaguna egiten hasteko"

Naroa Aduriz 2023ko mai. 1a, 00:00

2050. urtean Zumaiako egoera nola ikusten duen azaldu digu Ione Garciarenak. Energiataz galdetu diogu zehazki.

Zientzialariek diote iturri fosiletatik (petrolioa, ikatza, gasa) lortzen dugun energiak CO2a isurtzen duela atmosferara eta horregatik ari dela gertatzen klima aldaketa. Zer iritzi daukazu horren inguruan?
Lehenbizi esan, ni ez naizela gai honetan oso aditua, beraz, zientzialariek diotena, garrantzitsua iruditzen zait eta pisuzkoa. Hau kontuan izanda, bai iruditzen zait, klima aldaketak beti eman izan direla, lurraren existentziaren lehen egunetik eta ziur aski gizakiaren bizitza moduarengatik egiten ari garena da abiadura azkartu klima aldaketa horretan. CO2aren eragina atmosferan eta klimaren aldaketan zientzialariek behin baino gehiagotan adierazi digute, beraz, nik onartu besterik ez dut egin behar.

Zure ustez zer egin beharko litzateke aurrena, kontsumitzen dugun energia kopurua murriztu edo energia iturri garbiak erabili?
Nire ustez, bada garaia, bada momentua, daukagun informazio guztiakin, denok gure esku daukaguna egiten hasteko eta horretarako ezinbestekoa iruditzen zait, norberak, bere bizitza estiloa aldatzen hastea pixkanaka. Oso behar potoloak sortu ditugu guregan eta iruditzen zait bizimodu honekin ezin dugula jarraitu Orduan, lehenbizi norberak bere etxetik hasita egin beharko lituzken aldaketak, eta, aldi berean, zuk diozun bezela, agintzen dutenak legeak egin behar dituzte, eta lortu behar dira energia berriztagarriak edo iturri berriak, hondakinak hainbeste sortzen ez dituztenak. Baina uste dut denak elkarrekin joan behar dutela.

Etxean energia kontsumoa murrizteko neurririk hartu al duzue? (Adibidez: berogailua gutxiago piztea, etxea hobeto isolatzea (leihoak aldatuta edo fatxada berrituta), argia gutxiago piztea, kotxea gutxiago erabiltzea...)

Bai, duela hiruzpalau bat urte, leiho guztiak aldatu genituen. Gainera, hor ere, aditu batek esan zigun hobe zela kalefakzio sistema aldatu baino lehen, isolatze sistema aldatzea. Guk adibidez ez genekien hori oso ongi, eta orduan hori egin genuen, lehenbizi, leiho guztiak aldatu genituen, isolatu egin genuen. Azkenengo urte hauetan, bai egin duguna da hobeto erregulatu tenperatura, ez ditugu, berogailuak hain altu jartzen, adituek dioten tenperatura mantentzen saiatzen gara. Iruditzen zaigu gure esku dagoen zerbait izan dela. Argiak ere aldatu ditugu led-era.

-Zure etxeko argindarra eguzki plaken bidez sortutako energiarekin lortzeko aukera bazenu, egingo zenuke?

Nik uste dut baietz, egia da, gu bizilagunekin bizi gara, komunitate batean, eta ez da hain erraza. Gauza hauek instalatzea eta ikustea, aukera egongo litzakeen edo ez, adostasuna behar da. Etxea ere, ez da etxe berri bat eta instalakuntza, pentsatzen dut, aldatu egin beharko litzatekela. Baina bakarrik biziko bagina edo aukera izango bagenu eta eskaintza bat izango bagenu, proposatuz gero, aztertuko genuke eta nik uste dut baietz.

Zure kotxea elektrikoa al da? Ez bada, zergatik ez duzu aldatu? Baldin bada, zergatik aldatu duzu?

Nire kotxea da hibridoa deitzen dena, nahiko berria da, hiru urte ditu eta bere momentuan garbi neukan, nahi nuela, elektriko bat probatu. Baina elektrikoa guztiz, nahiz eta niretzako elektrikoa oso aukera ona izan, oso gertu egiten dudalako lana eta autonomia izango nuke egun guztirako. Ez nuen pauso hori eman, beste behin, komunitate batean bizi naizelako, bizilagunekin eta kargatu ahal izateko, baimena beharko nuke instalakuntza bat egiteko garajean, eta horrek suposatzen zidan oztopo dezente. Orduan erabaki nuen hibrido autorekargable bat erostea. Oso gustora nago, kontsumoa asko jaitsi da gasolinarena eta autonomia handia daukat. Orduan nik uste dut, etorkizuna kotxeetan hau dela, elektrikorantz jotzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide