Prest dira zumaiarrak berriz ere zapiak lepoan lotu, urdinez jantzi eta festa giroan murgiltzeko. Izan ere, gaurtik aurrera, repetizioak ospatuko dituzte herrian, eta haur, gazte nahiz heldu aterako da kalera zumaiarren festa kutunez gozatzera.
Jarduera andana izango da herriko txokoetan. Hutsik egiten ez dutenen artean, Beheko Plaza pentsiodunen elkarteak urtero antolatzen duen olagarro zopa lehiaketa izango da bihar; Elustondo trikitilariek girotuko dute ekitaldia.
Iaz baino bi talde gutxiago ariko dira aurtengoan edabe magikoa prestatzen, bederatzi talde, hain zuzen ere. Arritxu Bidasoro antolatzaileak dio giro «ederra» izaten dela, baina jendea "aspertu" egiten dela, "10:00etatik 13:00etara lana egin behar delako". Gainera, bi eltzekada prestatu behar izaten ditu bakoitzak, eta Bidasororen ustez, "ardura handia" da hori. Herritarren artean banatzen dituzte gero errazioak. Iaz, ia 700 banatu zituzten Torreberrira bertaratutako herritarren artean.
Bitxia bada ere, olagarro falta da lehiaketa antolatzeko oztopo nagusia. Izan ere, inguruotan ezin da arrantzatu, eta kanpotik ekarri behar izan dute: "Ez da hemengoa, eta ez du hemengoak duen kolorea, ezta zaporea ere. Zalantzan egon gara ekintza antolatu edo ez, eta beste lehiaketaren bat antolatzekotan ere izan gara. Olagarroa patatekin prestatzea pentsatu genuen, adibidez, baina ez da gauza bera", dio Bidasorok.
Kanpotik ekarri eta bertan lehortua da erabiliko duten olagarroa: "Granada [Espainia] aldean lehortzen dute, baina ez modu berean. Hala ere, joerak jarraitzen badu, olagarroak soberan izango ditugu datorren urtean: olagarroa bai, baina jenderik ez".
Hain zuzen, lehiaketa bera "galtzen" ari dela uste du Bidasorok, eta hori gerta ez dadin, funtsezkotzat jotzen du gazteek errezeta ikasi eta ohiturari eustea: "Gazte Eguna izan liteke aproposa horretarako. Aitona-amonekin edo gurasoekin elkartu eta egiten ikastea da kontua".
Parte hartzaile guztien artean zozketa egiten dute epaimahaia osatzeko. Aurtengoan, Anade, Indamendi, Inpernupe eta Txoaskina elkarteetako ordezkariak arituko dira, Beheko Plaza elkarteko kidearekin batera, olagarro zopak probatu eta epaitzen.
08:00etarako hasten dira lanean hamasei bat lagun. Goiko solairuan izaten dituzte beharrezko tresnak, eta gauzak jaisten hasten dira. 10:00etarako postuak esleituta izaten dituzte zozketaz. 13:00etan amaitzen da lehia, eta zenbakiak aldatu egiten dituzte, inork ez dezan jakin zer zenbakiri dagokion elkarte bakoitza. Gero, puntuak ematen ditu epaimahaiak, eta gehien biltzen dituena izaten da garaile; Gertu elkartearen bonua eskuratu ohi du. Zalantzarik gabe, urteko egun potenteena izaten da biharkoa Beheko Plazakoentzat.
Repetizioak
Gaur, ostirala
17:00. Rana eta Pote txapelketa irekia, Beheko Plaza elkarteak antolatuta, Eusebio Gurrutxaga plazan.
19:30. Poteo feminista.
20:30. Bertsofest, Oxford aretoan.
21:00. Bertsio Gaua, Txosnagunean: Vulpess, Sum 41, Zea Mays, Manu Chao, Glaukoma, Berri Zarrak, Tool, La Fuga, Deftones, Su ta Gar/Latzen, Eskorbuto, Los Zopilotes Txirriaus.
Bihar, larunbata
10:00. XXIII. Olagarro Zopa Lehiaketa. Ekitaldia alaitzeko, Elustondo anai-arrebak trikitilariak, Eusebio Gurrutxaga plazan.
11:00. Haur jolasak, Odieta plazan: Kulkiren Baserriko herri kirolak.
12:00. Beheko Plaza eta Lezoko Sutargi abesbatzak, herriko kaleetan zehar.
14:00. Denak etxera! lelopean talde argazkia, txosna eremuan.
14:30. Herri bazkaria.
14:30. IAk eta GKSk antolatuta, ikasle eta gazte bazkaria, Torreberrin. Bazkalostean, kontzertu akustikoa: Ktarsia.
17:30. Eneko magoaren Tilin-tilin ikuskizuna haurrentzat, Kofradian.
18:00. Urrezko aizkora txapelketa.
18:30. Jainekin txaranga.
19:00. Hamarru elektrotxaranga.
22:00etatik 01:00etara. Diskoteka Davila DJarekin, Kofradiako plazan.
22:00. Kontzertuak, Torreberrin: Animales Muertos, Rodeo, Mehatxuka eta Ukabil.
22:30. Kontzertuak, txosnen eremuan: Eire, Olaia Inziarte eta Soinuz Blai.
Etzi, igandea
08:00. Zumai txaranga.
11:30. Trikileku, Kofradian.
12:00. Zaldi lasterketa, Itzurunen.
12:00. Iraunkorrak txarangaren kalejira.
17:30. Porru DJa, haurrentzat, Eusebio Gurrutxaga plazan.
18:00. Iraunkorrak txaranga.
18:00. Trainerillen estropadak: XXXVIII. San Telmo Saria (gizonezkoak) eta IX. San Telmo Saria (emakumezkoak).
19:30. Erromeria Sukar taldearekin, Kofradian.
22:30. Sukar taldearen bigarren saioa.
Gauerdian. Bandera jaistea eta santelmoei agurra.