Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Beharrezkoak ez diren gauza asko erosten ditugu momentuan gogoa dugulako"

Ane Hernandez 2023ko mai. 1a, 00:00

Eva de la Flor elkarrizketatuari galdera batzuk egin zaizkio energiaren gaiari buruz.

Europan daukagun kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?
Ez, herrialde garatuetan kontsumo maila oso handia dugu, gutxitu daitekeena. Beharrezkoak ez diren gauza asko erosten ditugu momentuan gogoa dugulako. Herrialde ez garatuetan hori ez da gertatzen, ahal dutena eta behar dutena bakarrik erosten dute.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Bai, ohitura batzuk aldatuz zerbait murriztu daiteke. Adibidez: elektrizitatea duten gailu elektronikoen erabilera murriztu, komertzioen erakusleihoen argi orduak murriztu, gabonetako argi gutxiago jarri… eta horrelako gauzatxoak aldatuz zerbait murriztu daiteke. Baina era orokor batean egin behar da, batzuk bakarrik eginda ez da gehiegi lortuko eta.

Herri bakoitzak energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?
Nire ustez onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea. Leku desberdinetan energia mota desberdinak sortzen dira, adibidez, petrolioa ez da edozein lekutan sortzen, eta beraz, esportatu egin behar da sortzen ez den lekuetara, eta energia eolikoa ere edozein lekutan ezin da jarri, haize-errotak, adibidez.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Bai, mendietan eolikoak jartzea ondo iruditzen zait, natura errespetatzen badute eta kontrol batekin jartzen badira. Eta itsasokoak, egia esan, ez ditut gehiegi ezagutzen. Iruditzen zait zailagoak direla jartzen eta kaltegarriagoak izan daitezkeela naturarentzat.

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?
Bai, nik garraio publikoa erabiltzen dut ahal dudan guztietan. Adibidez, lanera joateko Donostira autobusez joaten naiz, baina hala ere, leku batzuetara joateko kotxea behar da derrigorrez. Baina ahal izanez gero, gomendatzen dut garraio publikoa erabiltzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide