Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Erabiltzen dugun energia kopurua murrizteko txipa aldatu beharko genuke berehala"

Iera Olaizola 2023ko mai. 1a, 00:00

Bibiano Olaizola zumaiarrari, energia kontsumoari buruzko elkarrizketa egin diogu, Zumaia 2050 nolakoa den jakiteko.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2  kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
Bi gauza egin ditzakegu. Alde batetik, kontsumitzen dugun energia murriztea eta beste aldetik, erabiltzen dugun energia hori iturri garbietatik sortutakoa izan dadila. Lehenengo puntua oso zaila ikusten dut, mundua gero eta garatuago dagoelako eta pertsona kopurua gorantz doalako. Bigarrengo puntua lortzeko lan egin behar dugu, hau da, erabiltzen dugun energia hori iturri garbietatik ekarri behar dugu.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Erabiltzen dugun energia kopurua murrizteko txipa aldatu beharko genuke berehala, beharrezkoak ez diren jarduera edo aktibitateak gutxitu neurri batean. Indibidualismoa baztertu eta kolektibidade sentimendua indartu beharko genuke.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Gaur egun, soilik energia iturri garbiekin asetzea ez da posible. Ikatza eta gasarekin lortzen den energia, oraindik beharrezkoa da. Energia nuklearra, hidraulikoa, solarra edo haizearekin lortzen direnak, oraindik ez dira nahikoak. Arazoetako bat da, energia iturri berriztagarrietatik lortutako energia ezin dela gorde. Beraz, energia iturri berriztagarrietatik sortzeko inbertsioak bultzatu beharko genituzke, baina oraingoz energia fosila beharrezkoa da.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Bai, nire ustez oso aukera jasangarria da energia lortzeko. Eoliko hauek, kutsadura kontuan hartu beharko dute. Nahiz eta milaka eoliko jarri ekilibrio bat lortu behar da ingurumenarekin eta abar.

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?
Bai noski, garraio publikoa erabiliz CO2 murriztu dezakegu. Orain dela urte batzuk gehiago erabiltzen nuen, adibidez, Donostiara lanera edo ikastera joateko. Egia da, gaur egun ez dudala gehiegi erabiltzen, herri txiki batean bizi naiz eta ez dago behar beste konexioa. Baina gauza gehiago ere egin ditzakegu garraio publikoa erabili ahal izateko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide