Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Derrigorrez murriztu behar dugu eta derrigorrez ekoiztu behar dugu beste modu egokiago batean"

Oihan Irizar Azurmendi 2023ko mai. 1a, 00:00

Energiari buruzko galdera batzuk erantzun ditu Maria Pilar Azurmendik.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
Energia konsumoa txikitu behar da eta horretan denok daukagu zeregina. Alde batetik, norberak hasi behar du ahal duenetik: garraio publikoa erabili, argindarra eta ura gutxiago konsumitu eta baliabide naturalak ahalik eta gutxien erabili. Murrizketa bukatzean energia iturri berriztagarriak sustatu behar ditugu, eta ahal den mailan eguzki argindarra erabili. Kasu honetan daukagun baliabide naturala urarena da, uraren indarra erabili behar dugu energia sortzeko.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Posible baino, beharrezkoa da. Bestela energia nuklearrarekin jarraitzen dugu, eta ikusi da arrisku asko sortzen dituela. Bestela eredua aldatu egin behar dugu. Derrigorrez murriztu behar dugu eta derrigorrez ekoiztu behar dugu beste modu egokiago batean.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Oraingoz ez, horrelako kontsumo altua daukagun neurrian. Ez da bakarrik etxebizitzetako kontsumoa, herri honetan erabiltzen den energia osoaren %25 da hau. Oso energia kontsumo handiak dira oso momentu puntualetan eta oso potentzia handiak behar dira, horretarako seguraski beste iturri batzuk beharko dira.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Ez dakit, beti esaten dugu eolikoa ona dela, baina urruti. Nik uste dut energia iturri guztiak beharrezkoak direla, eolikoa ere bai. Gauza da, errota erraldoiak izan behar duten eredua edo errota askoz txikiagoak antropizatutako guneetan, baina haizearen indarra erabili behar dugula garbi dago.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Ez, dagoeneko ikusi da, erronka handiena baterien beharra dela. Bateriak ez dira batere ekologikoak, bateriak sortzen dituzten hondakinak oso handiak dira eta gainera, bateriak ekoizteko baliabide natural handiak behar dira. Orduan, seguraski ez da soluzioa. Agian hidrogenoa edo bestelako baliabide batzuk egokiagoak izan daitezke. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide