Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Bateriak eta argindarrak ere kontaminazioa sortzen dute eta ez dakit zenbaterainoko hobekuntza izango dugun kotxe elektrikoekin"

Amaia Etxabe Salegi 2023ko mai. 1a, 00:00

Hainbat elkarrizketa egin dizkiegu pertsona ezberdinei beraien iritzia jasotzeko 2050ko Zumaiaren inguruan. Hauxe da Iñaki Etxabek esandakoa.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
Ahalik eta bidaia gutxien egin beharko genituzke eta posible denean garraio publikoa erabili, hortaz aparte gertuko produktuak kontsumitu beharko genituzke, zenbat eta gertuagokoa den hobe.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Oso zaila ikusten dut daukagun ereduarekin, baina energia sortzeko era berriak sortuko direla pentsatzen dut, bestalde energia murrizteko beharrezkoa dela iruditzen zait argindar kontsumoa murriztea.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Gaur egun ezinezkoa dela iruditzen zait. Baina energia iturri garbiak hobetzeko esperantzak ditut; eta hobetzen diren ahala, pentsatzen dut egunen batean lortuko dela energia iturri garbiekin gure energia beharrak asetzea.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Mendiak manipulatzea ez dut oso garbi ikusten, hemen dugun orografiarekin oso zaila ikusten dut eta ez dut oso egokia ikusten. Itsasoan egitea hobeto ikusten dut, erabiltzen ez dugun energia berriztagarri ugari dagoelako.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Egia esan ez dut oso garbi ikusten kotxe elekrikoak erabiltzeak ekarriko dizkigun onurak, usten dut horrek ere energia asko beharko duela. Bateriak eta argindarrak ere kontaminazioa sortzen dute eta ez dakit zenbaterainoko hobekuntza izango dugun kotxe elektrikoekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide