Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Ez dut pentsatzen energia kontsumo kopurua murriztuko denik"

Arhane Iruretagoiena 2023ko mai. 1a, 00:00

Jon Iruretagoiena Egaña, Zumaiako biztanle batek, energia kontsumoari buruzko iritzia eman digu. Horretarako hainbat galdera egin zaizkio.

Zientzialariek diote iturri fosiletatik (petrolioa, ikatza, gasa) lortzen dugun energiak CO2a isurtzen duela atmosferara eta horregatik ari dela gertatzen klima aldaketa. Zer iritzi daukazu horren inguruan?
Munduko historia guztian klima aldatzen joan da; baina egia izan daiteke arrazoi horregatik gauzak azkarrago joatea; baina aldaketak beti egon dira. Afrikan garai batean, dena oihana zen, eta orain basamortua da; hau da, klima beti joan da aldatzen. Baina noski, arrazoi horrek gauzak azkartu egingo ditu.

Zure ustez zer egin beharko litzateke aurrena, kontsumitzen dugun energia kopurua murriztu edo energia iturri garbiak erabili?
Nire ustez, energia iturri garbiak erabili beharko genituzke. Gaur egungo bizimodua daramagun bezala, murriztu ez dut pentsatzen egingo denik, guztiz kontrakoa, gero eta gehiago erabiltzen ari gara. Orduan, energia iturri garbiak erabiltzea zentzuzkoagoa iruditzen zait.

Etxean energia kontsumoa murrizteko neurririk hartu al duzue? (Adibidez: berogailua gutxiago piztea, etxea hobeto isolatzea (leihoak aldatuta edo fatxada berrituta), argia gutxiago piztea, kotxea gutxiago erabiltzea...)
Bai, neurri horiek hartzen ditugu; baina ez bakarrik egiten den kalteagatik, baizik eta poltsikoari begiratzen diogulako; hau da, faktura handiagoak iristen direlako. Beti kontu handiarekin ibiltzen gara gauza horiekin.

Zure etxeko argindarra eguzki plaken bidez sortutako energiarekin lortzeko aukera bazenu, egingo zenuke?
Bai, noski, egingo nuke, baina horretako laguntza beharko litzateke. Energia garbia da, eta energia fosilaren beharra ez izatea beti da askoz ere hobea.

Zure kotxea elektrikoa al da? Ez bada, zergatik ez duzu aldatu? Baldin bada, zergatik aldatu duzu?
Ez da elektrikoa, eta ez dut aldatzen prezioak ikaragarriak direlako. Hau dena aurrera joateko laguntzak emango balituzkete errazagoa izango litzateke. Baina klimarentzako eta naturarentzako hobeagoak diren gauzak beti garestiagoak izaten dira. Ekarriko nuke, baina guretzako ia ezinezkoa da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide