Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Kontua da ez daukagula neurririk, erosotasun batean bizi gara eta ahaztu egiten zaigu energia hau nondik datorren"

Garazi Linazisoro 2023ko mai. 1a, 00:00

Ihintz Linazisoro zumaiarrari energia kontsumoari buruzko galderak egin dizkiogu. Nola kontsumitzen duen, murrizteko moduak eta bere iritzia galdetu diogu. Hauxe da berak esan diguna.

Europan daukagun energia kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?
Ez, garbi dago ez dela bidezkoa. Azken urteotan daukagun kontsumoa, historiako handiena da alde handiarekin. Nire gurasoetatik, hau da, zuen aiton-amonetatik, gaur egunera ere, azken 100 urteotan, askoz gehiago kontsumitzen dugu. Kontua da ez daukagula neurririk, erosotasun batean bizi gara eta ahaztu egiten zaigu energia hau nondik datorren, gu nondik gatozen eta gu ere munduaren zati bat garela, eta horrela jarraitzen badugu munduan dauden energiak agortu egingo direla. Horregatik, zerbait egiteko ordua badugula iruditzen zait.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Egia esan bakoitzak bere hondar alea jarrita ere hasi gaitezke gauzak egiten. Etxeetan argiak gutxiago erabili, batzuk etxean kandelekin egoten dira, nahiz eta gehiegizkoa iruditzen zaigun. Adibidez orain, neguan, prezioak nola dauden kontuan hartuta, kalefazioa egun guztian piztuta eduki beharrean, bata edo jertsea jantzita egon gaitezke etxean eta sofan gaudenean, manta batekin adibidez. Hala ere, fokoa enpresa handietara ere bideratu behar litzake. Bertan gastatzen duten energia maila aztertu beharko litzake, nola bideratu edo… Ni honetan ez naiz aditua eta aditu asko egongo dira honi guztiari alternatibak bilatzeko prest eta hau guztia nola konpondu dezakegun aztertzeko prest.

Herri bakoitzak bere energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?
Onargarria dela esango nuke, agian beste puntatik ekartzea ez, baina inguruko herrietatik ekarri daiteke. Truke sistema bat izango litzateke egokiena, zerbait alboko herritik ekarri eta zuk beste zerbait ematea. Herri bakoitzak berea sortzea utopikoena izango litzake, baina nola sortu behar du energia hori? Eolikoetatik? Eguzki-plaketatik? Ikerketa handiak egin behar lirateke eta ikusi herri bakoitzean zer izango litzateken bideragarriena.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Orain dela urte batzuk Herbereetara bidaia bat egin nuen, eta itsasoan zenbat eoliko zeuden harrituta gelditu nintzen. Nire ustez Europa iparraldean gu baino aurreratuago doaz beti, eta itsasoko eolikoak alternatiba berriztagarri eta egokia izango litzakela uste dut. Mendietako eolikoak ere gero eta gehiago dauzkagu gure inguruan, adibidez Azpeitia eta Zestoan egin nahi dituzte, Zumarragan ere bai… Nahiko ika-mika sortzen ari da gai honen inguruan batez ere natur taldeek esaten dutelako mendietako paisaia suntsitu egiten duzula, bertako animaliak uxatu… Egia esan, ez da batere erraza erabaki hauek hartzea baina bestalde, energia berriztagarria lortu nahi badugu haizea erabiltzea egokia izan daiteke. Oso zaila egiten zait posizionatzea, informazio gehiago beharko nuke.

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?
Egunero erabiltzen dut, trenez edo autobusez ibiltzen naiz, oso gutxitan joaten naiz kotxez lanera. Garbi dago kotxea azkarragoa dela, baina kutsadura askoz gehiago sortzen da bakoitzak bere kotxea erabilita. Bestalde, gaur egun garraio publikoetan egin duten apustuagatik askoz merkeago ateratzen zaigu lanera joatea. Adibidez, nik kotxea martxan jarri eta Arroako biribilgunera iristerako gasolinan gastatu dudan dirua, Donostira trenez edo autobusez egindako bidaiaren prezio berdina da. Bestela egokiena kotxea partekatzea izango litzake, garraio publikoa ez baitago leku guztietara. Nire gizonak adibidez Oiartzunera goizean goiz ezin du joan garraio publikoa erabiliz, orduan kotxea behar du. Egin beharko litzatekena, eta orain ere lehengo eredua esatera noa, Herbereetakoa, garraio publikoa indartzea da, sarriago jarri, aukera gehiago eman eta leku guztietara jarri, han dagoen bezala. Herbereetan tren bat galduz gero hiru minutura beste bat zeneukan, orduan ez zen ezer gertazen galtzen bazenuen. Baina hemen ez da horrelakorik gertatzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide