Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Hiru planeta behar izatea ezinezkoa da eta esan nahiko luke oso gaizki gaudela gizarte bezala"

Maddi Mendiluze Sanchez 2023ko mai. 1a, 00:00

Zumaia 2050ean nolakoa izango den jakiteko hainbat elkarrizketa egin ditugu eta hau izan da Yolanda Sanchez Urraren iritzia energia kontsumoaren inguruan.

Europan daukagun energia kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?
Ez, noski. Hiru planeta behar izatea ezinezkoa da eta esan nahiko luke oso gaizki gaudela gizarte bezala. Zentzu honetan Europak erronka handia duela iruditzen zait. Egia da azken urteetan pauso handiak eman direla energia mailan, baina gaur-gaurkoz herrialde gehienetan lan asko dago egiteko. Nahiz eta herrialde asko energia berriztagarriaren alde dauden, ez da elektrizitatea ekoizteko modu printzipala gaur gaurkoz. Iruditzen zait hurrengo urteetan apustua hor egon beharko litzakeela eta erakundeen aldetik, hitzetatik ekintzetara pasa beharko litzatekeela.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Bai, noski. Gure eskutan dago hori; baina iruditzen zait, gobernu eta erakundeak ere hori bultzatu egin behar dutela eta horretarako argi indar sare jasangarriak erabili behar dituzte. Adibidez, eraikuntzetan isolamendu termikoak derrigorrez erabiltzea ezarri beharko lituzkete, tximeneak edo beste sistema batzuk jartzeko diru laguntzak eman beharko lituzkete, etab. Azken finean, energia murriztera eramaten gaituzten eta ekonomia zirkularraren inguruan hartu daitezkeen hainbat neurri herritarrei luzatzea eta erraztea. Herritarrei dagokigunez, iruditzen zait gure eskutik, ni neu ere herritar bezala, garraio publikoa edo norberaren kotxea erabili ordez bizikleta edo patinak erabiltzea, hau da motorrik gabeko garraioak, led argiak erabiltzea, kalefazioa erabiltzean termostatoak erabiltzea eta adibidez etxeko gailuak kontsumo baxukoak A+++ eta horietakoak izatea, edo  beste hainbat ohitura zerikusia dutenak gailuekin. Baita ere,  ordenagailuak, telebistak erabiltzen ez direnean alferrik piztuta eduki beharrean, itzaltzea.

Horrekin batera, usten duzu herri bakoitzak bere energia sortu beharko lukela, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?
Baietz iruditzen zait. Gaurko gizartean herri bakoitzak energia jasagarrien bitartez bere energia sortu beharko luke, Islandiak edo Norvegiak egiten duten bezala gaur egun. Pentsatzen dut Eusko Jaurlaritzak horretan apostu bat egin nahi duela eta ildo horretan orain dela hilabete edo urtebete baino gehiago izango da, jada agertu zen Ekiola iniziatiba. Adibidez, Ekiola inguruan helburua da Araban parke fotoboltaiko bat sortu dute bertatik energia garbia sortzen hasteko eta helburu negusiena da azkenean komunitate energetikoak sortu herritarrek bakarrik beraien oinarrizko beharrak asetzeko behar duten energia elektrikoa sortzeko. Orduan, uste dut hori aurrera begira pauso garrantzitsua dela baina azkenean erakundeek, gobernuak edo beste agente batzuk horren apustua egin eta bultzatu egin behar dute gero gizartean beste kontsumo jasangarriagoa izateko energia munduan.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Urte askotako eztabaida da hori eta iruditzen zait paisaiari eta ekosistemari begira inpaktua oso handia duela baina sakonago hausnartuta energia berriztagarrien erabilera bultzatu nahi badugu beharrezkoa da ekosistema erabiltzea. Orduan, balantza batean jarriz gero, iruditzen zait pena merezi duela jarri ahal izatea baina saiatu behar dena da, sistemak ahalik eta inpaktu gutxien sortzea ekosisteman eta mendian.

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?
Ez. Egia esan ez dut ohiturarik. Laneko bidea egiteko ez zait eroso geratzen garraio publikoan mugitzea eta aisialdian edo beste egin behar ditudanean ere ez dut ohiturarik. Egia da Aizarnazabalen praktikoago eta azkarragoa egiten zaigu kotxea hartzea, jakinda ez dagoela ondo eta gure eskutan dagoela kontsumoa murriztea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide