Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Ezberdin bizitzen ikasi beharko genuke, baldin eta etorkizuna izan nahi badugu"

Maria Iribar 2023ko mai. 1a, 00:00

Kepa Iribar elkarrizketatu dugu, energia kontsumoari buruz duen iritzia ezagutzeko. 

Europan daukagun energia kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu? 
Ez, ez da bidezkoa. Ez da bidezkoa guk daukagun bizi-maila mantendu ahal izateko halako kontsumo maila behar izatea. Ez da bidezkoa, ez eta jasangarria ere. Nire ustez ez dauka etorkizunik. Ez dakit nola, baina aldatu beharra daukagu. 

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu? 
Ez. Iruditzen zait ezberdin bizitzen ikasi beharko genukeela, ez dugula beste erremediorik izango, baldin eta etorkizuna izan nahi badugu. Gure gaur egungo bizimodua dena kontsumora bideratuta dago, eta uste dut ez lukeela horrela izan behar. Iruditzen zait guk beste modu batera bizitzen ikasi beharko dugula, mundu osoan jendea pixkat hobeto bizi ahal izateko, eta iraunkorragoa izan dadin. Guk momentu honetan dauzkagun ereduak aldatu beharra daukate, nire ustez. 

Herri bakoitzak bere energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea? 
Ahal den neurrian nik uste bakoitzak bere energia sortu behar duela. Egokia litzateke norberak berea sortzea, baina onargarria ez dena da norberak energia hori sortu nahi ez izatea, energia hori sortzeak arrisku batzuk ekar ditzakelako, nuklearrak, adibidez, eta dirua izanez gero ondokoari erostea, kalteak berak pairatzeko. Nik uste bakoitzak ahal duen neurrian ahalik eta energia gehien sortu beharko lukeela, eta gero ikusi behar da zer bideetatik joan hau bideragarria izan dadin. Baina ez dut uste zilegi denik besteen gain ustea energia horren sorpena guk dirua dugulako. 

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan? 
Gai honek, niri behintzat, kontraesanak sortzen dizkit. Alegia, guztiok nahi ditugu gure inguruko mendiak, eta zer esanik ez itsasoak, edo maila berean itsasoak, eolikorik gabe ikustea. Baina iruditzen zait energia eredua aldatu behar badugu, beste bide batzutatik jo behar badugu, eta energia berriztagarri gehiago sortu behar baditugu, nahiz eta niri ez gustatu agian beharrezkoa dela gure inguruan ere eolikoak jartzea. 

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura? 
Nik pertsonalki ez dut garraio publikoa asko erabiltzen, lanak gehienetan kotxearekin mugitzea eskatzen didalako. Baina aukera izango banu gehiago erabiliko nuke, oso baliagarria iruditzen zaidalako CO2a murrizteko, eta erosoa ere bai. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide