Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Energiaren erabilera on bat egitea eta erabiltzen den kopurua murriztea beharrezkoa da"

Unai Subinas 2023ko mai. 1a, 00:00

Zumaia 2050ean nola izango den jakiteko elkarrizketa bat egin diogu Aintzane Del Pilarri eta hauxe esan du.

Zientzialariek diote iturri fosiletatik (petrolioa, ikatza, gasa) lortzen dugun energiak CO2a isurtzen duela atmosferara eta horregatik ari dela gertatzen klima aldaketa. Zer iritzi daukazu horren inguruan?
Hala dela uste dut. Gas horiek lurra estaltzen dute eta eguzkiaren beroa atxikitzen dute, eta horiek klima aldaketa eta aldaketa globala ari dira ekartzen.

Zure ustez zer egin beharko litzateke aurrena, kontsumitzen dugun energia kopurua murriztu edo energia iturri garbiak erabili?
Uste dut, erabiltzen dugun energia kopurua murriztea oso beharrezkoa dela; hala ere, energia iturri garbiak erabiltzea ere derrigorrezkoa bihurtu beharko litzatekeela diot.

Etxean energia kontsumoa murrizteko neurririk hartu al duzue? (Adibidez: berogailua gutxiago piztea, etxea hobeto isolatzea (leihoak aldatuta edo fatxada berrituta), argia gutxiago piztea, kotxea gutxiago erabiltzea...)
Ez dugu neurri berezirik hartu, zeren ez zait iruditzen energiaren erabilera desegoki bat egiten dugunik; gaur egun, argiak eta itzaltzearekin edo kotxea gutxiago erabiltzearekin, arreta gehiago jartzen dugu.

Zure etxeko argindarra eguzki plaken bidez sortutako energiarekin lortzeko aukera bazenu, egingo zenuke?
Bai, Ekiola izeneko proiektu batean izena emanda nago eta proiektu horrek energia fotoboltaikoa sustatzen du eta eguzki plakak jarri nahi dituzte, hemen Oikian, energia iturri hori izan dezagun bertan izena emanda gauden zumaiar guztiok.

Zure kotxea elektrikoa al da? Ez bada, zergatik ez duzu aldatu? Baldin bada, zergatik aldatu duzu?
Ez, ez da elektrikoa, ez dauzka urte asko eta oraindik ez dut nahi aldatu. Baina hurrengo erosten dudan kotxea gutxienez hibridoa izatea nahiko nuke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide