Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Energia kontsumitzeko gai baldin bagara, gai izan beharko ginateke energia hori sortzeko"

Bidane Manceras 2023ko mai. 1a, 00:00

2050. urterako, energiaren kontsumoari begira, zer aldaketa egin beharko ditugun galdetu diogu Olatz Mancerasi.

Europan daukagun energia kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?
Ez. Ez da bidezkoa. Nahiz eta Europa ez den gehien kontsumitzen duen kontinentea, ez da bidezkoa planetarentzako.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Nik uste dut beti egin dezakegula zerbait gehiago. Adibidez, garraio publikoa gehiago erabili, beste tokietara oinez joan edo bizikletan. Nik jende asko ezagutzen dut herritik ibiltzeko kotxea hartzen duena alde batetik bestera joateko, eta nik uste dut gehiago joan beharko ginatekeela oinez edo bizikletan, horrela gainera kirol gehiago egingo genuke.

Herri bakoitzak bere energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?
Nik uste dut herri bakoitzak bere energia sortzea izango litzatekeela onena, gai baldin bagara energia kontsumitzeko nik uste dut gai izan beharko ginatekeela energia hori sortzeko ere, eta horrela bidezkoagoa izango litzateke.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Mendietan bai, itsasoan ez dakit, uste dudalako ez dudala ikusi eolikorik itsasoan, baina mendietan nik uste dut baietz, toki askotan daude eta ematen du erantzun positiboak ari direla ematen.

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?
Bai, egia esan ni normalean toki guztietara garraio publikoan joaten naiz, jada ohituta nago, eta gainera Zumaia oso ondo dago komunikaturik beste herri guztiekin, eta orduan ez dut ikusi inoiz beharra gidatzeko baimena ateratzeko eta momentuz ez daukat intentziorik ere. Gainera kasu batzuetan bizikletan joaten naiz Zumaiako alde batetik bestera, eta nik horrekin nahikoa eta gustura.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide