Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Garbi daukat energia gehiagoko eta jasangarriago izango den mundu bat lortuko dugula"

Lur Zubizarreta Arruti 2023ko mai. 1a, 00:00

Zumaia 2050. urtean nolakoa izango den galdetu diogu Ibon Zubizarretari. Gizarte ereduari, energiari, egunerokotasuneko ohiturei eta Europako mailari buruz galderak egin dizkiogu.

Europan daukagun energia kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?
Ez dakit bidezkoa den ala ez, baina horren alternatiba ez daukat garbi. Jendeak energia gutxiago kontsumitu eta hiru aldiz pobreago izan nahi  al du? Hori esaten duena gai al da Europan bizi den aberastasuna hirutan zatitzeko?

Nire ustez, egokiena teknologia hobetzen joaten uztea eta horrekin jasangarritasuna lortzea da. Ez dugu bat-batean lortuko, baina jasangarritasun hori beti aberastasuna inbertitzen sortzen da, eta horrela teknologia hobetzea lortuko genuke.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Teknikoki gauza bat egiteko, gaur egun orain dela hamar urte baino energia gutxiago erabiltzen dugu, denbora guztian ari gara energia murrizten.

Mundua garatzen ari da, gu garatzen ari garen moduan, Asia ere garatzen ari da, eta gero Afrika ere iritsiko da... Eta hala izan behar du, horrela, berriro esaten dut, teknologia hobetuta oso garbi daukat mundu jasangarriagoko eta energia gehiagoko  mundu bat lortuko dugula.

Oraintxe ari dira fusio nuklearra analizatzen, eguzkiak sortzen duen erreakzio kimiko hori lurrean egitea izango litzakeena, hau argindar infinitua lortzea izango zen. Eta hau lortzeko ez gaude hain urruti.

Herri bakoitzak bere energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?
Guztiz onargarria da, azkenean, merkatu librea da. Batzuek petrolioa mundu osoan saltzen duten bezala, beste energiekin berdina egitea guztiz onargarria da.

Herri bakoitzak bere energia sortzea niri astakeria bat iruditzen zait. 

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Nik ez dakit lur horiek zeinenak diren, estatuarenak badira, ondo. Baina lur horiek baserri partikular batenak badira, edo beste edozein pertsonarenak, pertsona horrek nahi duenarekin bat egongo nitzateke. Baserritarrak baiezkoa ematen duen bitartean, niri ondo iruditzen zait.

Itsasoaren kasuan desberdina da, hori estatuarena da eta... Baina jarriko balituzkete niri ez litzaidake axolako.

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?
Ohitura badut, ordutegiaren arabera, garraio publikoa erabiltzen dut. Baina berez kotxea erabiltzea erosoagoa iruditzen zait.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide