Aurretik ere aritu izan zara zinegotzia Zumaiako politikagintzan. Zinegotzia izan zinen orain urte batzuk.
1991. urtean sartu nintzen, ezkondu nintzen urtean. Eta zortzi urte ondoren utzi nuen.
Eta hainbeste urteren ondoren nola konbentzitu zaituzte alkategai izateko?
Kasu honetan politika hitza ez zait askorik gustatzen. Herrigintza hitza gehiago gustatzen zait. Urte asko pasatu dira, baina nire alderdiarekin kontaktuan egon naiz. Asanbladatan-eta parte hartu izan dut, eta Zumaiako egoeraz, behintzat, adi egon naiz. Herrigintzak konpromisoa eskatzen du eta ni behintzat konprometituta nago pertsonalki herriarekin, Zumaiarekin, eta Euskadirekin. Konpromisoa da benetan balio duena halako pauso bat ematerako orduan.
Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko presidentea ere bazara azken urte hauetan. Kargu horrek balioko al dizu alkate izateko? Edo gauza zeharo desberdinak dira?
Ez, ez, oso desberdinak dira. Federazioko lanak ez du zer ikusirik udaleko lan batekin. Udaleko lana askoz ere zailagoa da.
Eta zer ekarri diezaioke Josemi Antiak Zumaiako herrigintzari?
Proiektu batzuk baditugu. Esan nahiko nuke, jende askok hala azaldu digulako, herria zaharkituta dagoela, ez dela behar bezala zaintzen eta garbitzen. Pena da. Uste dugu inpultso falta dagoela. Bere garaian inpultsu hori izan zuen, baina orain beherakadan dagoela uste dugu. Herriari ilusioa sortu nahi diogu inpultso hori izan dezan.
Nola lortu daiteke hori?
Garrantzitsuena lan egitea da, baina eguneroko lana eginez. Alde batetik, herritarrei entzunez. Beti prest egon behar da herritarrekin egon eta bidaltzen dizkiguten mezuak entzuteko. Eta gero eguneroko lana dago. Ez dago besterik.
Hauteskundeetara aurkeztutako zerrendan jende gaztea duzue, baita esperientziaduna ere. Gustura al zaude taldearekin?
Osatu dugun taldea da alkategai aurkezteko beste arrazoietako bat. Talde oso polita da. Badago jende gaztea, baina baita esperientziaduna ere. Beste leku batzuetan dabilen jendeak osatzen du, eta horrek asko lagundu dit.
Erraza izan al da jende hau konbentzitzea zerrendako kide izateko?
Zerrendan doazen ia denak alderdikideak dira. Hauekin errazagoa da. Gaur bertan ez da erraza jendea politikan konprometitzea. Uste dut alderdi guztientzako izango dela zaila zerrenda osatzeko jendea lortzea, baina ni, behintzat, oso gustura geratu naiz.
Zein dira programan jasotzen dituzuen puntu nagusiak?
Etxebizitzaren gaia pil-pilean dago. Gai garrantzitsua da eta jendeak galdetu egiten dizu ea zer asmo ditugun. Etxebizitza babestuak egin behar badira, lehenbizi lur publikoa sortu beharko da. Zumaian egin diren etxebizitza babestu guztiak EAJren eskutik egin dira. Azken hamasei urtetan, ordea, eta horietatik hamabi urtetan EH Bilduko agintariak egon dira, ez da etxebizitza babesturik egin. 2009an bazegoen lurra Puntanuetan, eta Patxi Lopezen Jaurlaritzari –Arriola zegoen sailburu– saldu zioten. Hitzarmen hartan esaten zen etxebizitza babestuak eta alokairu sozialekoak egingo zirela, baina ez zen ezer egin. Orain beste hitzarmen batekin etorri dira, berriro ere Arriolarekin, eta diote berrehun etxebizitzatik gora egingo dituztela, eta futbol zelaia dagoen lekuan beste 160. Proiektu hori, egitekotan, oso luzera egingo lukete. HAPOak ez du uzten hainbeste etxebizitza egiten leku horretan. Bestalde, guk pentsatzen dugu 165 etxebizitza egitea astakeria dela. Itxura du aurreko mendean, 70eko hamarkadan egiten zen plan bat dela. Bai, guk nahi dugu Puntanoeta udalaren jabetzara pasatzea, baita futbol zelaia hara eramatea ere. Eta uzten duen lekuan HAPOk dioen kopurua egingo genuke, 60 etxebizitza. Gaur egungo gomendioek diote hektarea batean ezin direla egin 70 etxebizitza baino gehiago. Planteatzen dutena hektareako 200 etxebizitzako ratioa da. Hori ez dugu onartzen.
Gazteek emantzipatzeko arazoak dituzte. Alokairu sozialeko etxebizitzak egitea planteatzen al duzue?
Alokairu sozialeko etxebizitzak ondo daude, baina begiratu beharko da zer eskaera dagoen herrian. Legedi berriaren arabera, baremo batzuk daude eta nik uste Zumaian ez dagoela hainbeste jende baremo horietan sartzen denik. Alokairu sozialeko etxebizitzak eginda, gerta daiteke kanpoko jendea etortzea. Gure asmoa da etxebizitzak egitea, normalean egiten den bezala: %20 inguru alokairu sozialekoak izango lirateke, %40 tasatuak eta beste %40 libreak. Batak bestea finantzatuko luke, eta plusbaliaren bat sortuko balu, lur publikoa erosteko erabiliko genuke.
Gizartea zahartzen ari da, pandemia bat ere izan dugu. Gizarte zerbitzuen aldetik planteamendu berririk jasotzen du zuen programak?
Badakigu azken urteotan zenbat igo den Gizarte zerbitzuen aurrekontua, bai aldundian bai udaletan ere. Beti prest egongo gara gizarte zerbitzuak egokitzen eta ondo jartzen.
Hirigintza aldetik, instalazio aldetik, zer da planteatzen duzuena?
Beheko plazako gizarte zentrorako badugu plan bat. Eusebio Gurrutxaga eta Zuloaga plazak daude, baita gizarte zentroa eta Erkibe etxea ere. Oso gune garrantzitsua da. Herriaren erdi-erdian dago eta ezin ditugu gauzak modu inprobisatu batean egin. Azterketa bat egin behar dugu, lasai, eta jendearekin hitz eginda. Proiektu on bat egin behar dugu inguru hori biziberritzeko.
Komentua egiten ari dira eta hor arazo handiena da komentua dugula, Ubillos dugula, Foronda dugula, Kofradia dugula, Urolako estazioa dugula, eta hori guztia ordenatu beharko litzateke. Komentuko lanak bukatuko dituztenean begiratu beharko dugu udaleko zerbitzuak nola banatuko ditugun eraikin horietan guztietan.
Kirolerako baditugu proposamen batzuk. Itsas kiroldegitik Ludoteka atera nahiko genuke eta Erkibera eraman. Itsas kiroldegia erabiltzen duten elkarteen artean erabiliko lukete espazio hori. Itsas kiroldegiak, beste leku askok bezala, berrikuntza behar du; instalazioak berritu behar dira gaur egungo instalazio txukun batzuk izateko.
Kiroldegiak ere eskatzen du berritzea. 1998an edo 1999an, ni zinegotzi nintzela, inauguratu zen igerilekua, eta harrezkero ez da gauza handirik egin. Proiektu bat badugu, eta gaur egun okupatzen duen espazioan eskubaloira jokatzeko bi kantxa izango lirateke, bederatzi kaleko igerilekua, eta gimnasiorako hiru gela. Hori dena ezer itxi gabe egin daiteke. Proiektu horrekin hasiko naiz alkate aukeratzen nauten hurrengo egunetik. Hortan buru belarri sartuko naiz.
Futbol zelaia lekuz aldatzea ere aurreratu duzu.
Futbol zelaia Puntanoetara eramango dugu, baina eramango genuke zelai handia bakarrik. Orain futbol zelaia dagoen lekuan gure ideia etxebizitzak egitea da, baina 60 etxebizitza bakarrik. Hor espazio bat sortuko litzateke mutil koskorrek edo neska koskorrek futbolean edo beste kirol batzuetan jokatzeko. Nahikoa espazio izango litzateke futbol zelai txiki bat egiteko edo etorkizun batean kiroldegiak izango ditzakeen beharretarako.
Ekonomiara joanda. Industriari lotutako herria izan da Zumaia, baina azken hamarkadetan gora egin duena hirugarren sektorea izan da. Turismoak, adibidez, salto ikaragarria izan du, eta herritar batzuen artean badago kezka ea ez den herria masifikatuko.
Ulertuta daukat udalak baduela jada turismo plana. Nik ez dut uste Zumaiak inoiz izango duenik aipatzen duten turismo masifikatu hori. Bai ikusten dudana da, neguan eta astegunetan, bereziki, herria nahiko hilda dagoela. Komertzio gero eta gutxiago dago, eta turismoak komertzioak ere bultzatzen ditu, ez tabernak eta jatetxeak bakarrik. Nire ideia izan da beti turismoak gauza positiboak bakarrik dituela. Industria ere badugu –lehen sektorea ere bai–, eta oreka bilatu behar dugu industria eta zerbitzuen artean.
Merkataritzak beherakada bat izan du azken urteotan. Zer egin daiteke merkataritza berriro indartzeko?
Turismo plana eginda dagoen bezala, merkataritza plan bat ere badago. Plan hori aurrera eraman behar da. Turismoa aipatu dut lehen. Turismoa mota desberdinetan bultzatu daiteke. Herria txukuntzen dugu ez bakarrik herritarrentzako, baita kanpotarrentzako ere. Herri txukun, polit eta interesgarri bat eskaini nahi dugu.
Beste gai bat puri-purian klima aldaketarena da, eta horri lotuta energia krisiarena. Mundu mailako gai bat da, eta gurea herri txiki bat da. Hala ere, bere txikitasunean zerbait egin al dezake udal batek?
Lehenbizi, udaleko eraikinetan –oraintxe aipatu dut kiroldegi berri hori– eguzki plakak jartzea planteatzen dugu. Beste aldetik, EAJrekin hasi zen kaleko argiteria efizientea egiten, eta bigarren fasea agintaldi honetan egin da. Ez da bakarrik nola sortzen dugun energia; garrantzia du, baita ere gutxiago gastatzeak. Laguntzak-eta eman daitezke etxeak ere efizienteagoak izateko, eta ez hainbeste energia gastatzeko.
Josemi Antia Zumaiako alkate izango balitz, nolako Zumaia izatea nahiko zenuke?
Gustatuko litzaidake herri polita izatea, garbia, alaia. Badauzkagu ingurune ederrak eta horiek zaindu behar ditugu: hondartzak, mendi ibilbideak, ibaiak. Horiek zaindu behar ditugu gure ondarea delako. Baita ere, beti izan dut, nahiko nuke Zumaia eta Euskadi osoa berdintasunezko gizartea izatea. Zenbat eta berdintasun gehiago egon leku batean, egokiagoa izango da bizimodu on bat izateko.