guerdian jarri da Ludotekaz eta Gaztetxolaz solasteko hitzordua itsas kiroldegiko Ludotekaren lokalean. "Ludoteka zabaldu zutenetik bertan egon gara. Lekuz aldatzeko saiakerak egin dira: Torreberri egin zutenean zioten hara joango ginela, baina gero Gaztetxea sartu zen han; Erkibe zaharraz ere hitz egin zen. Orain Gaztetxola dagoen lokalera joateko proposamena ere heldu zitzaigun, baina espazio hura askoz ere txikiagoa da, txikiegia hemen dugun bolumenerako, eta azkenean, bertan geratu gara", kontatu du Araika Arrona Gonzalez (Zumaia, 1983) hezitzaileak. Hamazazpi urte daramatza Ludotekan hezitzaile.
Ludoteka 1992-93 ikasturtean zabaldu zutela du gogoan, "zazpi gurasok egindako eskaeragatik. Berez, 14 urteko nerabeekin, alegia. Haiek egoteko lokal bat eskatzen zuten guraso haiek. Ordurako Bartzelonan (Herrialde Katalanak) hasita zeuden ludoteken gaiarekin, eta Zumaiakoa proiektu piloto moduan abiatu zen. Denborarekin adina egokitzen joan da, eta 14 urteko nerabeekin hasi bazen, gaur egun 6 urtetik aurrerako haurrekin egiten dugu lan", esan du Arronak. Aisialdiko zerbitzu moduan hasi zen, baina denborarekin heziketa plangintza "askoz ere intentsuagoa" dela dio.
Ludotekaren jarraipen moduan ikus daiteke Gaztetxola. Izan ere, 12 urterekin bukatzen dute gaztetxoek Ludotekan, eta adin horrekin has daitezke gaztegunera joaten. Ludotekak bezala, Gaztetxolak ere aldaketa handiak izan ditu zabaldu zutenetik gaur egunera arte. "Hasieran, kale hezitzaileek eramaten zuten Gaztetxola bera. Gizarte Zerbitzuetatik bideratutako kasuak artatzen zituen, baita hezitzaileek beraiek detektatutakoa ere", esan du Irati Urrestilla Iraundegik (Zumaia, 1996). Urrestillak lau urte daramatza Gaztetxolan lanean. 2011n, kale heziketa eta gaztegunea bereizi egin ziren, eta horrek "aldaketa handia" suposatu zuen. "Gaztetxola behar sozial gutxiena zuten nerabeak erakartzen hasi zen". Erabiltzaileen profil aldaketa horrek zerbitzuaren izaeran eragina izan zuela dio hezitzaileak. "Askoz ludikoagoa izatera pasatu zen, eta lan hezitzailea egiteko zailtasunak ekarri zituen; denbora pasatzeko lokal baten bila joaten ziren gazteak". Urte askotan gazteguneko hezitzaile izan ziren Aitor Aizpuruak eta Koro Arrizabalagak egoerari buelta eman nahi izan ziotela esan du: "Heziketa lanak indartzeko apustua egin zuten".
Ludoketan zein Gaztetxolan borroka komun bat dutela diote bi hezitzaileek: gune hauek heziketako gunetzat ikustea, hain zuzen. "Aisialdian oinarritutako heziketa proposatzen dugu. Hezitzaileekin lortzen duten konfiantzatik abiatzen gara beraiekin lan egiteko. Ludotekan zein gaztegunean arazoak, oro har, berberak dira, baina adinaren arabera lanketa desberdinak eskatzen ditu", dio Arronak. "Gure lana prozesu hezitzaile bat aurrera eramatea da aisialdia oinarri hartuta, baina askotan beste modu batera ikusten da", gaineratu du Urrestillak. Bai Ludoteka, bai Gaztetxola "etengabeko moldaketak eskatzen dituzten zerbitzuak" direla uste du Arronak; "gizartea bera aldatzen doa, familia ereduak ere aldatzen doaz, eta guk ere aldatu behar dugu haiengana heltzeko, bai familietara, bai haur eta gaztetxoetara, Ludotekan nahiz gaztegunean".
Gizartea aldatzen doala diote bi hezitzaileek, baina gazteak denborarekin aldatu egin ote diren galdetu die kazetariak. Arronaren arabera, nerabeak ez dira aldatu, baina bai dituzten baliabideak eta ingurunea. Iritzi berekoa da Urrestilla. "Nerabezaroa denontzako berdina da. Oinarrian, talde baten parte izan nahi dute, maitatuak sentitu nahi dute eta besteen onarpena izan. Baina, Araikak dioen bezala, bitartekariak aldatu dira. Gaur egun, talde bateko partaide izatea Whatsappeko talde batean egotea da. Aitorrek [Aizpurua, Gaztetxolako hezitzaile ohia] esan zidan gazteek lehen izaera kolektiboagoa zutela, zaharragoak zituztela erreferente eta harremanetan adin desberdineko gazteak nahasten zirela. Orain indibidualagoak dira eta infantilizazioa ere nabarmena da. Nahi gabe, denon artean, haurtzaroa luzatzen ari gara eta nerabezaroa laburtzen", nabarmendu du Urrestillak.
Gazteen talde izaera aldatu dela ere nabaritu du Arronak. "Whatsappeko talde batean egotea kuadrilla bateko kide izatea bezala da beraientzako. Gazteen izaera ez da aldatu, baina bai moduak: harremantzeko moduak aldatu dira, aisialdirako moduak, horiek asko aldatu dira. Zaharrek esango dute beraiek harri batekin moldatzen zirela. Klaro, besterik ez zutelako! Orain gazteek mugikor berrienak dituzte, joko mordo bat dute. Oparotasunaren gizartean bizi gara".
Urrestillak aipatu duen infantilizazioa gizarte osora zabaldu du Arronak. Bere ustetan, "helduak garenok burbuilak sortzen ari gara ez dugulako nahi umeek sufritzea, ez dugulako nahi umeek negar egitea; baina bizitza, azkenean, ez da hori. Bizitzan frustrazioak daude, segurtasun-gabeziak daude, urduritasuna daude, eta horiek kudeatu egin behar dira. Aspertzea ere negatibotzat jotzen dugu. Baina, dena ez da festa, umeak ez daude beti emozionatuta. Guraso batzuei galdetzen diegu ea haien egun guztiak berdinak diren. Ez? Bada, zure umearena ere ez".
Sakelako telefonoekin zer?
Sakelako telefonoen gaia atera da solasaldian zehar, eta gaia nola kudeatzen duten galdetuta, hainbat kasu dagoela azaldu dute. Ludotekako erabiltzaileek debeketatuta dute sakelakoak erabiltzea, bai Ludotekan bertan zein antolatutako irteeretan. "Uste dugu oraindik txikiak direla eta geroago izango dutela mugikorrak erabiltzeko aukera, nahiz eta batzuek baduten jada 10 urterekin", dio Arronak. Egoera erabat desberdina da gaztegunean. "Ekintza konkretu batzuetan izan ezik –zine forum saioak, hitz egiteko momentua denean, etab.– Gaztetxolan mugikorra erabil dezakete; izan ere, gaur egun, nerabe bati mugikorra kentzeak nerabea bera galtzeko arriskua dakar", azaldu du Urrestillak. "Iruditzen zait teknologia ondo dagoela, harremantzeko modu bat dela, baina kezkagarria da harremantzeko modu bakarra bihurtzen denean. Une askotan ikusten ditugu gazteak elkarren ondoan bakoitza bere mugikorrera begira. Hori oso gogorra iruditzen zait. Saiatzen gara gerturatzen ikusteko zer egiten ari diren, eta askotan jolas berarekin dabiltza elkarren aurka. Hori ulertu ahal izateko gu ere beraiekin jolasean hasten gara", gaineratu du.
Mugikorraren erabilera egokia egitearen aldekoa dela dio Arronak: "Hemen 12 urteko gaztetxoak ditugu, eta mugikorraren gaia presenteago dugu. Musika jarri nahi dutela diotenean, Ludotekako mugikorra uzten diegu; taldeko argazki bat atera nahi dutela diotenean, atera dezatela Ludotekako mugikorrarekin, ez izateko batek besteek izango ez duten argazkia edo bideoa, gero benetan ez dakigunean zertarako erabiliko duten". Sakelakoaren presentzia adin txikiko pertsonetan "errealitate bat" dela iritzi dio Arronak. "Gure lana hori kudeatzea da. 2 edo 3 urterekin YouTubeko bideoak ikusten egoten dira mugikorretan; helduok sortzen dugun zerbait da, eta gero nahi dugu mugikor horiek ez erabiltzea 10 urte dituztenean".
COVID-19aren izurriteak eragin zuzena izan zuen haur eta gazteekin lan egiten duten bi zerbitzuetan. "Egun batetik bestera itxi behar izan genuen hau. Denok uste genuen hamabost egun edo hilabete iraungo zuela, baina luzatu egin zen", esan du Arronak. Haurrekin harremana ez galtzeko online bidez partekatzeko edukia sortzen hasi zirela gogoratu du. "Etxean egin zitzaketen gauzak proposatzen hasi ginen, zoriontzeko mezuak ere bidaltzen genituen, eta horrela, umeek ez zuten beste haurrekin kontakturik galdu. Gurasoek eskertu ziguten hori".
Gaztegunean ere hasi ziren online bidezko lanketarekin, baina ez zen esperientzia ona izan, Urrestillaren arabera. "Ikusten genuen gauza mordoa produzitzen genuela, baina ez zutela funtzionatzen. Eta horrek frustrazioa ekartzen zuen".
Behin konfinamendua amaitu zenean, kontrol neurri handiekin zabaldu zituzten ateak. "Hor noraezean ibili ginen, asko kostatu zaigu onlinetik aurrez aurreko egoerara bueltatzea", nabarmendu du Arronak. "Buelta izan zen okerrena, burbuila sistema horretara ohitzea, talde zehatzetara, aforoak mugatuta. Jendeak beldurra ere bazuen; ikusten genuen umeak ez zirela nahasten, beraien gelakideekin bakarrik harremantzen zirela. Adin desberdineko jendearekin nahasteak segurtasun falta handia sortzen zien", gaineratu du. "Umeen artean atzerapena ere sumatu dugu, haiek ere urtebete galdu dutelako; ez dituzte pauta berdinak izan, ezta estimulazio berdina ere". Aurtengo ikasturteko helburua 2019ko normalitatea berreskuratzea dela dio hezitzaileak. "Horretan ari gara, baina prozesu bat da". Pandemia garaian, egunean 10 eta 20 haur artean izaten zituzten Ludoketan –ohikoan 50-60 haur inguru bertaratzen dira–, baina gazteguneko egoera are okerragoa zela dio Urrestillak. "Ez hamar, ez bost; izan ziren egunak inor etorri ez zena ere. Arauak, mugak, distantziak gorde behar… horrela zein etorriko zen, bada?". COVID-19aren bi urteetan izen-emateetan beherada izugarria izan zutela gogoratu du Gaztetxolako hezitzaileak. "Iaz normaltasun antzerako bat izan genuen, baina aldatu dena da zaharrik ez dugula. Pandemiaren aurretik 15 urte inguruko gazteak etortzen ziren; orain ez datoz, eta hor adin tarte oso bat galdu dugu. Gazte batzuek ez dute ezagutu ere egin zer den Gaztetxola eta nola funtzionatzen duen. 12-13 urteko gazteak etortzen dira orain, eta jolastera etortzen dira. Pandemiak Gaztetxola berri bat sortu du; dinamika aldatu du, gazteak beraiek aldatu dira, dena aldatu da. Aurrera begirako lan hezitzailea berreskuratzeko lanketa betean gabiltza", esan du Urrestillak.
Eskolaz kanpoko jarduera ugari izan ohi dute haur zein gazteek, eta horrek zaildu egiten du gazteak zerbitzu hauetara erakartzea. "Eskolaz kanpoko jardueren gizartean bizi gara", iritzi dio Arronak. "Agian nahi dute etorri, baina kirol batean apuntatu dira; musika eta ingelesa dute, eta horiei azterketak eta ikasketak gehitzen bazaizkie, asteko egunak oso beteta izaten dituzte". Arronak esandakoa berretsi du Urrestillak. "Gurean ere oso gutxi dira eskolaz kanpo ezer ez dutenak".
Zerbitzu hauen defentsa egiten dute hezitzaileek gune aske gisa. "Ikusten duguna da 11 urteko umeak hona etortzen direla jolastera, beste inon ezin dutelako eta, klaro, jolastea gaizki ikusita dagoelako. 11 urterekin nola jolastuko dira, bada? Beti ere ardura puntu bat eman nahi zaio haurrari, baina jolastea gustatzen bazaie, zergatik ez dira, bada, jolastuko. Bai hemen, bai gaztegunean, badute askatasuna, ez dira epaituak sentituko, ez, behintzat, heldu batengandik. Eta babes hori sentituko dute. Askatasun hori ematea ere bada gure lana", dio Arronak. "Espazio hauetan eroso ez badira sentitzen, zerbait ari gara gaizki egiten. Saiatzen gara haien buruak irekitzen eta gizarteak bide batzuk markatzen baditu ere, esaten badirela beste bide batzuk. Norbaitengana helduko ote gara?", galdetu du Urrestillak. "Helduko zaie, erein duzun hazi hori noiz loratuko den ez dakizu, baina loratuko da", lasaitu du Arronak.