Eskuko telefonoa, ordenagailua, telebista, tableta... Pantailez inguratuta bizi da gaur egungo gizartea. Are gehiago: esan liteke haiekiko menpekotasuna garatu dutela herritarrek. Bada, gehiegizko erabilera horrek kezkatuta, taldea sortu dute Zumaiako zenbait adingaberen gurasoek. Izena oraindik erabakitzeke dute, nahiz eta elkarren artean antolatzeko baliatzen duten Whatsapp taldeari Zumaia Pantailak deritzon. Kontraesankorra eman dezake bide hori erabiltzea harremanetarako euren xedea aintzat hartuta, baina argi diote: "Gu ez gaude pantailen aurka, beraien erabilera kontziente eta kritiko baten alde baizik. Pertsonak pantaila kontrolatzea nahi dugu, ez pantailak pertsona".
Geroz eta goiztiarragoa ere bada lehenengo kontaktu hori pantailarekin; izan ere, haurrek txiki-txikitatik dituzte eskuetan. Kezkatuta dagoen guraso taldeko Jexux Ibarraren esanetan, gurasoek erantzukizun zuzena dute horretan: "Guk jartzen dizkiegu pantailak aurrean lehenengo aldiz, eta askotan erosotasunagatik egiten dugu: afaria lasai prestatzeko telebista pizten diegu distraituta egon daitezen eta ez gaitzaten molestatu, lagunekin kafe bat hartu nahi dugunean gauza bera, edo autoan bidaia luze bat egin behar dugunean... Horrelako ohiturek eragin handia dute aurrera begira".
Are gehiago ere badio Ibarrak: "Hezkuntza Saila ere ari da pantailak sustatzen; izan ere, eskolan bertan Chromebookak ematen dizkiete ikasleei LH4tik aurrera. Hasieran, ezin dituzte etxera eraman eta bertan erabiltzen dituzte, baina gerora, badute horretarako aukera bidaltzen dizkieten etxeko lanak egiteko. Haurrak ez dira ergelak, eta agindutakoak ez ezik, bestelakoak egiteko ere erabiltzen dute gailua". Iñigo Uribetxebarria ere kezkatzen du hezkuntzan hartu den norabideak. Taldeko kidea izateaz gain, irakaslea ere bada Uribetxebarria, eta "gehiegizkoa" iruditzen zaio ikastetxeetan gaur egin dagoen pantaila kopurua. Horregatik, beharrezkoa ikusten du digitalizazioaren inbertsioa murriztea: "Ekoizpenaren alorrean beharrezkoa da digitalizazioa eta oso gauza aurrerakoiak lortu dira hari esker, baina ez dakit zenbatean den aberasgarria giza balioei dagokienez. Uste dut ondo legokeela digitalizazioaren aurrekontuari % 5 kentzea desdigitalizazioari eskaintzeko".
Arri Chamorro ere irakaslea da, eta COVID-19ak eragindako pandemian eskolak ematen jarraitzea ahalbidetu zioten pantailek. Dena den, hartu behar izan zituen "mina eman" zioten erabakiren bat edo beste: "Senarrak lanera kanpora joan behar izaten zuenez eta nik eskolak etxetik online ematen nituenez, jarri izan nituen bi alabak telebista aurrean isilik egon zitezen nik nire lana egin bitartean". Horrek barne gatazkak sortu zizkion arren, Chamorrok dio pandemia garaian "onuragarriak" izan direla pantailak "nerabeei ere lagunekin konektatzeko aukera eman dietelako". Edonola ere, argi du lehengora itzuli eta zuzeneko harremanak berreskuratzeko unea dela orain, pandemiak utzi duelako arrastoa. Horren harira, Ibarrak azaldu du bere 16 urteko alabaren jarrera nabarmen aldatu dela pandemiaz geroztik: "Lehen eskolako gauzak egiteko erabiltzen zuen ordenagailua, eta zentzuzkoa zen erabilera. Pandemian, ordea, Internetek ematen dizkion aukera gehiago ezagutu ditu, eta harrezkero, askoz gehiago erabiltzen du".
Hain justu, pandemia amaitu eta normaltasunera itzulitakoan hasi ziren guraso taldeko kideak elkartzen eta neurriak hartzen. Dena den, Amaia Minerrek azaldu duenez, "kezka pandemia aurretik" bazuten jada. Lanketa konfinamendutik ateratakoan hasi ziren egiten, ordea, eta, zentzu horretan, azaldu dute ikastetxeka antolatzen direla; hau da, herriko ikastetxe bakoitzeko guraso elkarteek nahiz Zumaian bizi arren seme-alabak inguruko herrietan matrikulatuta dituzten gurasoek nork bere aldetik jarduten dute eraginkorragoak izateko. Bestela talde handiegia osatuko lukete, eta horrek antolaketa zailduko lieke. Edonola ere, badago guztien arteko gutxieneko koordinazioa. Elkarren berri dute, eta badakite zer ekintza ari den garatzen bakoitza. Gainera, ikasturte amaieran elkartu egiten dira balorazioa egiteko eta bizipenak partekatzeko.
"Talde konpromisoek indarra ematen dute mugikorra emateko adina atzeratzeko"
Formakuntza eta taldearen indarra
Aipatutako lanketa egiteko, –hau da, pantailen erabilera egoki eta on bat zein litzatekeen erakusteko eta arriskuez ohartarazteko– hainbat formakuntza saio egin dituzte ikastetxeetan ikasleekin, irakasleekin eta guraso elkarteen barruan. Izan ere, asko dira pantailek sor ditzaketen arazoak: "Ikusmenari lotutako gaitzak, hiperaktibitatea eta kontzentratzeko zailtasunak lo faltagatik, ziber-bullinga, eta beste asko", zerrendatu dute gurasoek. Formakuntza lan horretan, gaian aditua den Miren Ros zarauztarra izan dute bidelagun eta, diotenez, antzeman dute jarrera aldaketarik seme-alabengan.
Saio horiek egiteko udalaren laguntza ere izan dute. "Udalak badaki lanerako gogoz gaudela, eta harengana jo genuenean, hasieratik agertu zen gure proiektuaren alde. Laguntzeko prest daudela adierazi digute, eta formakuntzaren zati bat ere ordaindu digute", azaldu du Chamorrok. Horren harira, Ibarrak zehaztu du herena izan dela Zumaiako Udalak finantzatutakoa, eta eskertuta dagoen arren, laguntza "handiagoa" izatea nahiko luke: "Gurekin formakuntza egin duen Mikelek, adibidez, Donostian eta Irunen ere egin ditu saioak. Bi hirietan bertako udalak izan dira eskoletan saioak antolatu dituztenak, baita osorik ordaindu ere. Horrez gain, Azpeitiko Iraurgi ikastetxeko lagun bati zertan ari ginen azaldu nionean, beraiek ere mugitzen hasi ziren, eta herriko beste bi ikastetxeekin batera proposamen bateratua helarazi zioten bertako udalari. Horrek, egindako lana eskertu, eta aurrerantzean ardura osoa beregain hartuko zuela adierazi zien. Zumaian gu izan gara guztia antolatzeaz arduratu garenak".
Formakuntzaz harago, bestelako ariketak ere egin dituzte, eta horien inguruan ere hitz egin dute. Aurrera eraman zuten lehenengoa nolakoa izan zen azaldu dute, esaterako: "Seme-alaben adinaren arabera, hainbat mezu zabaldu genituen herriko guraso guztien artean Miren Rosek prestatutako bideo edo testuekin hausnarketa bultzatzeko. Bi astetik behin bidali genituen, eta bakarka edo seme-alabekin bete behar izan zituzten erronkak gurasoek. Hitzaldi ireki batekin eman genion amaiera. Horrela lortu genuen gurasoek gaiaz hitz egitea, eta nahikoa arrakasta bada guretzat", azaldu dute Chamorrok eta Minerrek.
2021-2022ko ikasturtearen bukaeran, berriz, gurasoentzat berebiziko garrantzia duen proiektua jarri zuten martxan: konpromisoena. "Lortu nahi genuena zen haurrek beren lehenengo eskuko telefonoa izateko adina ahalik eta gehien atzeratzea. Horretarako, gurasoei eskatu genien konpromisoa hartzeko irailera arte ez erosteko. Azken finean, taldeak indarra ematen dizu, zeren askotan gogoz kontra ematen diegu mugikorra seme-alabei. Ez diegu eman nahi, baina lagunek badute, eta ez dugu nahi gureak azkenak izatea edo ez duten bakarrak", zehaztu du Minerrek.
"Gurasoak dira eredu izan behar duten lehenengoak, denek baitute 'birusa' barruan"
Mugak
Hari beretik, Uribetxebarriak dio sakelakoak eta Internet erabili ahal izateko adin mugak zehaztu beharko liratekeela, beste gauza jakin batzuentzat "oso argi adierazita" dauden bezalaxe; "autoa gidatu ahal izateko, erretzeko edota alkohola edateko", aipatu ditu, besteak beste. Chamorrok, bere aldetik, gaineratu du adituek diotela "adin txikikoek 16 urte bete baino lehen" ez luketela mugikorrik izan beharko. Dena den, egungo testuingurua aintzat hartuta, Chamorrok dio berak alabei eskuko telefonoa emateko adina 14 urtera arte atzeratzea lortuko balu, gustura legokeela.
Mugekin lotuta, gaur egun gailu gehienek beren ezarpenetan eskaintzen duten guraso kontrolak erabiltzearen aldekoa da Ibarra. Are gehiago, "beharrezkoak" direla dio: "Liskarrak ekiditen ditu, zeren, seme-alabek egunero egiten dute ahalegina ezarri diezun muga zabaltzeko ordu gehiagotan mugikorra erabiltzeko eta handia da zureari eusteko egin behar duzun esfortzua. Guraso kontrolekin gailuak berak jartzen ditu mugak. Horiek eragin diezaiekete erabilpenaren orduei edo kontsumitutako Interneteko datu kopuruari, besteak beste".
Bestalde, guraso taldeko kideen esanetan, ezinbestekoa da seme-alabei mugikorra eman aurretik haiekin lanketa egitea ere, baita ondoren jarraipena ematea ere. Baina aurretiazko lanketa horretan jarri dute harremana. Era berean, diote eskuko telefonoak ezin duela oparia izan: "Kontratu baten modukoa izan behar du, nolabait, umeek argi izan dezaten baldintza jakin batzuen pean erabil dezaketela. Horiek orotarikoak izan daitezke: lagunekin geratzeko etxean erabiltzea baimentzea, kalera eramateko debekua jarrita; edozein momentutan zuk mugikor hori hartzeko eskubidea izatea gailua zertarako erabili duen ikuskatzeko... Azken batean, argi izan behar dute gurasook garela mugikor horren gaineko agintea dugunak".
Ohitura aldaketa
Halaber, gurasoek argi dute eurak direla seme-alabentzat eredu izan behar duten lehenengoak; izan ere, adin txikikoetan ez ezik, helduengan ere nabarmena da pantailekiko adikzioa, batez ere sakelakoarekiko. "Ez gara umeez bakarrik ari, denok dugu birusa barruan", iritzi dio Uribetxebarriak. Horregatik, uste du beharrezkoa dela ohiturak aldatzea eta "besteekiko konfiantza berreskuratzea". Horren harira, azaldu du gaur egun hitzorduak jada ez direla ordu eta toki zehatzetan egiten: "Jendea pixkanaka agertzen da mezua idatzi edo deia egin ondoren. Horrek eragiten du momentu oro mugikorra begiratzen aritu behar izatea, eta antsietatea eragiten du". Ildo beretik, Chamorrok dio batek baino gehiagok kargu hartu izan diola deia edo mezua denbora luzean erantzun ez diolako. Gainera, erantzun gabeko mezu horiek gehienetan "memelokeriak" izaten dira, bere hitzetan. Ildo beretik, gurasoek azaldu dute jasotako formakuntza saioetan hezitzailearen lehenengo galderetakoa zela ea etxetik irtetean eskuko telefonoa etxean ahaztuz gero, buelta ematen ote zuten bila joateko. "%99k erantzuten dugu etxera bueltatzen garela", zehaztu du Ibarrak. Era berean, mugikorrarekiko menpekotasunaz askatzeko ariketak ere proposatu dizkiete saio horietan: "Ostiral gauetik igandera arte, asteburu osoan itzaltzea proposatu ziguten, sekulako askatasuna sentituko genuelako". Hala ere, gurasoak kontziente dira "oso zaila" dela gaur egun hori lortzea. Horregatik, Uribetxebarriak uste du pixkanaka egin behar direla urratsak: "30 minutu aski lirateke hasteko, ikusi beharko genukeelako ea horretarako gai garen".
Belaunaldi arteko arrakala ere islatzen dute pantailek ekarritako ohitura aldaketa horiek. Ibarrak oroitzen du, esaterako, bera gaztetxoa zela egongelako telebistaren bueltan elkartzen zirela etxekoak telebista saio bera elkarrekin ikusteko. "Gaur egun, ordea, seme-alaba bakoitza bere gelan sartzen da atea itxita, eta ez dakizu zertan ari den. Atea zabaldu eta ordenagailu aurrean ikusten duzu. Gainera, atea ireki bezain pronto klik azkar bat egin du ordenagailuko saguan, eta zertan ari den ikustera gerturatzen bazara berandu da dagoeneko, ezkutatu duelako".
Itxaropena badago
Horregatik guztiagatik, pantailen zentzuzko erabilera eta "gailu elektronikoekiko ditugun ohituren gaineko hausnarketa" da Zumaiako guraso taldeak bultzatu nahi duena, arestian esan bezala, ez baitaude haien aurka. "Gure jardueren zabalpenerako ere erabiltzen ditugu sare sozialak, adibidez. Bide azkarrena da eta eraginkorrena ere bai askotan, jendearengana errazago iristen delako", aitortu dute. Antolatutako jarduera horien jarraipenari lotuta, kritiko ere badira; izan ere, kezka orokorra den arren, parte hartzea txikia izaten da gero: "Jendeak esaten digu interesa duela eta etorriko dela hitzaldietara, baina gero herriko gurasoen %20 baino gutxiago dira etortzen direnak. Ez da erraza jendearengana iristea".
Edonola ere, itxaropentsu ere badira, batez ere txikienekin, zeren eta DBHko ikasleen guraso asko etsita ikusten dituzte. "Oso gustura gaude LH6ko ikasleengan antzematen ari garen aldaketarekin. Irudipena dugu pixkanaka bada ere lortzen ari garela haurrei lehenengo mugikorra emateko pauso hori atzeratzea. Aldi berean, gaiarekiko kezka eta horrek dakarren hausnarketa kritikoa ere areagotzen ari da, gainera. Ez dakigu goia jo dugulako izango ote den, eta, ondorioz, atzera itzultzen ari garen, baina uste dugu duela hiru edo lau urte baino hobeto, behintzat, bagaudela", azpimarratu dute.
"Betetzen gaituzten gauzek ez dute preziorik baina balioa dute"
Donostiako Peñaflorida Institutuko irakaslea da Telmo Lazkano (Zumaia, 1994). Teknologiaren eta norbanakoen harremana aztertzen dihardu azken hiru urteotan, eta horren inguruko proiektu bat ere egin du ikasleekin: No Phone Challenge. Urrian liburua kaleratzekoa ere bada.
Nola sortu zitzaizun gaiarekiko kezka?
Batetik, akademikoki ikertzen hasi nintzen sare sozialen inguruan. Ilobak 2 urte zituen, eta negarrez hasten zenean sakelakoa eman eta magia, isildu egiten zen. Ikasleei galdetu nien zenbat denbora pasatzen zuten eskuko telefonoarekin, eta erakutsi zidaten bost-sei ordu igarotzen zituztela batez beste DBH 4. mailako ikasleek. Asteburuetan igo egiten zen ordu kopurua. Eskolan sei bat ordu pasatuz gero, eta lotan zortzi, kalkuluak ez zitzaizkidan ateratzen.
Eta kezka horri tiraka egin zenuen lanketa nerabeekin.
Bai. Peñafloridan ebaluazioaren amaieran film bat ikusi ohi dute ikasleek, eta El dilema de las redes sociales dokumentala jarri nien. Gero, hamar bat galdera erantzuteko eskatu nien beren artean gogoetatu bitartean. Ondorioztatu genuen produktu batengatik ordaintzen ez baduzu, zu zeu zarela produktua.
Azken finean, diruz ez baduzu ordaintzen, nola ordaintzen duzu? Horren handiak diren enpresek nola egiten dute dirua, doan eskainita? Bizikleta batek ez dizu erabiltzea eskatzen, baina honek bai. Zer teknika psikologiko daude horretarako?
Galdera horiei erantzunez ezagutza bat eraiki genuen, eta nik uste dut garrantzitsua dela azpimarratzea ezagutza horretan protagonistak ikasleak beraiek zirela.
Eta gero, zer?
Lehen fase horretatik iritzi kritiko bat jorratzera igaro ginen. Matematika erabili nuen horretarako, eta galderen bitartez gogoetatzera bultza. Galdetu nien, esaterako, ea filtroak debekatu beharko liratekeen. Ezetz erantzuten zuten, baina galdetzen banien gurasoei selfie bat bidaltzerakoan filtroa erabiltzen duten, ezetz esaten zidaten. Benetan ezagutzen ez gaituen norbait txunditzeko al dira? Edo, harago joanda, nork dio hori polita dela?
Galdetu nien ea zer izan edo eduki nahi zuten handitan. Hori dena eros liteke, baina denbora ez. Mantsio bat eros liteke, baina familia bat inoiz ez duzu erosiko. Sexua eros dezakezu, baina maitasuna ez dago salgai. Eta medikuaren zerbitzuak eros ditzakezu, baina osasuna, ez. Benetan betetzen gaituzten gauzek ez dute preziorik, baina izugarrizko balioa dute.
Idazlan bat egin zuten horren guztiaren inguruan, eta hirugarren pausoa ematea erabaki nuen.
"Liburuak tresna praktiko bat izan nahi du gauden hamarkadan"
Astebetez sakelakoak baztertu zenituzten norbere borondatez.
Bai. Eta bitartean eguneroko bat idatzi genuen, eta hor jaso esperientzia. Hori da oihartzun gehien izan duena.
Abstinentzia sintoma garbiak izan zituzten lehen hiru egunetan: gehiago jaten hastea, lo egiteko zailtasunak, pentsamendu intrusiboak, antsietate krisi txikiak, urduritasuna… Gero, ikus daiteke aldaketa bat izan zela laugarren eta bostgarren egunen artean, eta askoz ere lasaiago zeuden. Azken aurreko egunean, batzuk esan zidaten ez zutela sakelakoa berreskuratu ere egin nahi. Beste batzuk beldur ziren aurreko dinamikan erortzeko.
Presenteago egongo zineten, ezta?
Bai. Batzuk kontatzen zuten aiton-amonengana bisitan joan eta inoiz ez bezala konektatu zutela, esaterako. Edo ilunabarra lagun batekin ikustera joan, eta lagunak grabatu bitartean, disfrutatu egin dutela ikusten. Sakelakoarekin, bizi beharrean, besteei erakusteko bizi gara. Kontzertuak sakelakoaren pantailan ikusten ditugu, eta jaten hasi aurretik, jakiei argazkiak atera. Otoitz berria deitzen diot nik. Kate bat moztu zuten, askoz ere lasaiago eta zoriontsuago sentitzen ziren. Denbora jarduera osasuntsuetan inbertitzen hasi ziren: irakurtzen, mendira joaten, igerilekura… Bukaera eman genion hausnartuz nola izan dezakegun harreman osasuntsu bat mugikorrarekin. Teknologia hauek geratzeko etorri dira, eta ez dut uste konponbidea debekua denik; ondo erabiliak oso aberasgarriak izan daitezke, baina harreman osasuntsu horretan arakatu beharra dago.
Eragina izan al du gerora lanketa horrek?
Bai. Aurrekoan elkartu nintzen horietako batzuekin, eta erabilera osasuntsuari eusten zioten. Irakaslea naizen aldetik, uste dut erreminta kaxa oso aberats bat beharrezkoa dela, eta gero ikasgela bakoitzean irakasle bakoitzak ikus dezala zer tresna erabili.
Zuk zeuk garatu duzu proiektua, kasu honetan. Beharrezkoa ikusten duzu irakasleen gain erori beharrean, lanketa nolabait sistematizatzea?
Hiritar konpetenteak sortzea da hezkuntzaren helburua, eta gizarte teknologizatu batean bizi garen neurrian, teknologian hezi behar ditugu haurrak. Teknologiaren heziketa horretan zer, noiz eta nola egiten ari garen hausnartu beharko genuke. Sistematikoki landu behar den gai bat da mugikor adimendunena, sistematikoki eragiten duelako gure txikiengan.
Inguruan gaiarekiko kezka sumatzen al duzu?
Bai, badago. Denbora librean formazioak ematen ditut ikastetxeetan eta guraso elkarteetan. Kezka nabaria da, eta ez sakelakoarekin pasatzen duten denborarekikoa soilik, baita horrek errazten dituen buru gaixotasunekikoa ere. Gai askok banatzen gaitu, baina honek beste ezerk ez bezala batzen gaitu: txikien ongizateak, alegia. Gaur egun asko baldintzatzen du ongizate hori sakelakoaren erabilerak.
Gai honen inguruan gehiago arakatzeko gogoz geratu al zara?
Hiru urte daramatzat ikertzen, ia karrera bat adina… Maila akademikoan artikuluak idaztea pentsatu nuen, baina bide eraginkorragoak bilatu nahi nituen jendearengana iristeko. Hedabideena izan da bata, eta liburuarena bestea. Urrian kaleratuko dugu zeresan nahikoa emango duen liburua, sakelakoaren kontu honetatik harago doalako. Maitane Ormazabal psikologoarekin ari naiz idazten azkenengo urte honetan. Psikologoekin, psikiatrekin, Gizakia Helburuko zuzendariarekin eta sortzailearekin, pedagogoekin… elkartu gara, eta liburuak tresna praktiko bat izan nahi du gauden hamarkadan. Gaur egungo nerabeen egoera ulertzeko balioko du buru gaixotasunen ikuspegitik, eta zati handi bat eskainiko diegu sare sozialei.
Liburuari buruz zer konta dezakezu?
Hasiera batean azalduko dugu gizarteak nola eragiten duen norbanako bakoitzaren nortasunarengan. Nerabezaroan du eragin gehiena gizarteak, eta aktore desberdinak daude hor: gurasoak, irakasleak, kirola, eskolaz kanpoko jarduerak, lagunak… Guk aktore horiek geneuzkan, baina orain berri bat dago, errealitate birtuala. Hortik jaiotzen da hurrengo zatia: nola eragiten ari den errealitate birtual hori nerabeen artean. Ikusten da nerabezaroa neurologikoki, identitate eraikieraren ikuspuntutik eta baloreen eraikierarenetik. Eraikuntza horretan sare sozialek nola eragiten duten aztertzen dugu gero. Hor jaso ditugu azken hiru urteotako ondorioak. Adibidez, jakinarazpenen soinua nola dagoen egina erakargarria izateko.
Hurrengo atalean aipatzen ditugu sakelakoaren erabilera goiztiarrak erraztu ditzakeen buru gaixotasunak; erraztu beharrean, sortu aditza ere esango lukete ni baino profesionalagoak diren batzuek. Etxez etxeko zerbitzuan, esaterako, 2009ra arte % 20 edo 30 ziren buru gaixotasunak. Pandemia baino lehen, jada bikoiztu egin zen datu hori.
Pandemia baino lehenagotik zetorren joera hori, beraz.
Bai, pandemiak berak dinamitatu zuen lehendik zetorren dinamika. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen heriotza ez naturalen artean, beren buruaz beste egitea da kausa nagusia. Sare sozialak ez dira erantzule, puzzle oso konplexu baten piezetako bat baizik. Liburuaren hurrengo atala da beste piezak zeintzuk diren aztertzea; buru gaixotasunen erroetara jotzen dugu. Azken atal bat dago guztiz praktikoa dena, eta plazaratu nahi ditu tresna ezberdinak orekatzeko eta sakelakoaren inguruan har daitezkeen neurriak proposatzen ditu. Azpitesia litzateke Paleolitoko emozioak ditugula, Erdi Aroko instituzioak, eta Jainkoen pareko teknologia. Nerabeen garrasia izenpean plazaratuko dugu.
Nori zuzendua dago?
Nik uste dut edukiarengatik helduei zuzenduta dagoela, 12 urteko batek ez duelako ulertuko, eta gainera, gaizki-ulertuak egon daitezkeelako. 16 urtetik gorako norbanakoei gomendatuko nieke irakurtzea, baliagarria izango da-eta oraintxe murgilduta gauden dinamika honetan laguntzeko. Baina, batez ere, guraso eta hezitzaileei zuzendua dago.
Buru gaixotasunak errazten dituela aipatu duzu. Teknologiak zenbateraino urrun gaitzake errealitatetik?
Ikaragarri. Zuk telefonoarekin denbora asko igarotzea zer da, mendekotasun-diseinu bat izatearen kausa? Drogekin parekatuta, izan daiteke zuk hori kontsumitu duzula, eta hor erori zarela. Eta bestetik, izango litzateke ea ondorioa den erabilera hori. Txikitatik zer ikusi du gurasoen inguruan? Emozioak anestesiatu nahi ditugunean pantailetan murgiltzen gara errealitate hori ahazteko. Txupete digitala deitzen diogu horri. Norentzat da? Beraientzat, ala gu bakean uzteko? Atsegin dut-en bilaketan zaude? Zertarako behar duzu halako errekonozimendu sozial puztu eta artifizial bat?
Drogekin ere gertatzen da: zerbait kontsumitzeak plazera sentiarazten dizu, baina gero, jabetzen zarenean txarra dela eta hala ere kontsumitzen duzunean, zerbait dago ez zaituena hortik ateratzen uzten. Eta zerbait hori, normalean, horretara bultzatu zaituena da. Hori konpondu artean, hor jarraituko duzu.
Atsegin dut-en dopamina dosiarekin hor zaude, edo drogekin, duten osagai kimikoak hor mantentzen zaitu. Baina askotan, haratago begiratu eta aztertu behar da zer faktorek eraman duen horra.
Aipatu dituzunak zer dira, gizarteak oro har jasaten dituen faktoreak, ala pertsonalak?
Jasotako inputen ondorio da norbanakoa. Adibidez, Danimarkan %19ko gizentasun tasa dago; Kentuckyn, %40koa. Irakurketa arrunt bat egin genezake, eta esan kentuckyarrek genetikoki gizenagoak izateko dohain berezi bat dutela, edo gustuko dutela gizenak izatea. Aldiz, Danimarkan, kontrakoa: genetika ona dute, asko zaintzen dira, eta norbanako bakoitza ikaragarri ona da bere osasuna zaintzen.
Aztertu beharko genuke zer irisgarritasun maila dagoen Danimarkan, non toki guztietara bizikletan hel zaitezkeen, eta gobernuek sustatzen dituzten elikagai osasuntsuak supermerkatuetan sagarrak musutruk jarrita. Kentuckyn, justu kontrakoa: kotxea behar duzu leku guztietara iristeko eta fast food delakoa sustatzen da. Adibidez, Norvegian 2019an lege bat atera zuten, eta kotxeko gidabaimena ateratzeko formularioan aukeratuta agertzen zen istripuan zenduz gero zure organoak emateko laukitxoa. Aske zara kentzeko, baina lehenetsita dago baiezkoa. Aldaketa txiki horren ondorioz puztu zen izugarri organo emaile kopurua.
Beste adibide bat da 1970eko hamarkadako esperimentuena. Sagu bat kaiola batean sartu zuten, eta ura eta ura heroinarekin jarri zizkioten; gaindosiarekin hil zen. Vancouverreko Bruce K. Alexander doktoreak etxegabeko asko ikusten zituen heroina kontsumitzen, eta ohartu zen denek bakardadea eta aterpe falta zituztela komunean. Sagu hura ere bakarrik zegoen. Hankaz gora jarri zuen esperimentu sorta bat egin zuten, Rat park bezala ezagutzen dena: sagu mordoxka bat sartu zituzten kaiola handi batean, nahi beste janarirekin, jostailuekin, sexua izateko aukerarekin, finean, sagu batek bere behar psikoemozionalak asetuta izateko behar zuen guztiarekin, baina baita heroina zuen urarekin ere. Kontsumitzen zuten, baina ez zen sagu bakar bat ere hil. Are gehiago, kaiola bakartuetan zeuzkaten sagu kontsumitzaileak hartu, eta kaiola handira sartutakoan, besteen antzeko kontsumo mailara igarotzen ziren.
Inon praktikan jarri dute?
Portugalen. Herrialde horretan 2000. urtean biztanleen %1a heroinazalea ziren. Pentsa zer nolako arazoa zen, aurkariak ziren alderdi politikoek bat egin baitzuten ondorengo kanpainan. Esperimentu horietatik jaiotako tesia aplikatu zuten. Adikzioa sortzen zien substantzia hori uzteko neurriez gain, horretara eraman duen testuingurua aldatu beharra dago. Ordura arte kriminalizazio politika bat zegoen Portugalen. Mezu hori aldatu egin zen hedabideetan ere. Maite zaituztegu, bueltan nahi zaituztegu mezua zabaldu zen. Indar polizialetan inbertitu ordez, pertsona horiek desintoxikazio prozesu batean sartu, eta bestetik, mikrokredituak sustatzeko programa nazional bat sortu zuten. Hau da, heroinazale mekaniko hori hartu, zeina banandua izan den eta etxetik bota duten, eta tailer batera eraman, eta kontratatuz gero, haren soldata erdia gobernuak finantzatu. Bizitza proiektu bat eman. Oso denbora gutxian jaitsi ziren heroinazaleak. Arazoa pertsona askorengan ematen bada, sistema da sendatu beharrekoa, ez pertsona.
Gobernuak eta boteretsuek jendarte otzana behar dutela uste duzu?
Esango nuke askatasuna arriskutsua dela ezagutzarik gabe. Ezagutzak egiten du askatasuna: batez ere, ideologia handikerietako trintxeretatik kanpo, umiltasun eta ezjakintasun baten leihotik eraikitzen den ezagutza, begirada kritiko batez. Nik nire borondatea ezartzeko asmoa badaukat, errazagoa egingo zait gizarte ezjakin batean. Pertsona arrazionalak izan nahi baditugu etorkizunean, orain hasi behar gara horretan. Zenbat eta gutxiago jakin, errazago manipulatzen da pertsona bat, eta sistemikoki ere gerta daiteke hori. Ez duzu erakutsi behar zer pentsatu, baizik eta pentsatzen. Hausnartu beharko genuke zer norabide hartzen ari den hezkuntza zentzu horretan.
Formazioetan kezkatuta etortzen zaizkit gurasoak, baina mezu lasaigarria bidali nahiko nuke. Normala da. Gu heziak izan garen moduak baldintzatzen du guk hezteko dugun era. Antzeko jokatu dezakegu, edo alderantziz. Aingura kognitiboa deritzo psikologian. Gure gurasoek ez dute teknologiarekiko aingura hori, ez dute erreferentziarik, eta normala da noraeza. Eta gainera, historiak erakusten du horrelako tresna garrantzitsuak plazaratzen direnean egoera ezegonkortzen dela baina horrekin bizitzen ikasi dugula. Inprenta sortu zenean ere gertatu zen: desinformazio ikaragarriak zabaldu ziren, eta gerrak sortu. Hortik gizarteak ikasi zuen arau batzuk ezarri behar zirela, eta kazetaritza unibertsitateetan sartu zen. Irratiarekin gauza bera gertatu zen, Alemania nazian eguerdian irratia entzutea derrigorrezkoa zen. Eta hortik ikasi genuen botere betearazle batek ezin duela hedabide bat kontrolatu, zuzenean, behintzat. Orain, pentsatu nahi dut ekar ditzakeen abantailak hartu eta albo ondorioak murrizten ikasiko dugula.

