Lehen, udalena zen eskolen gaineko eskumena eta euskara presente egoten zen, gutxi eta gutxitan bazen ere; baina Estatuak bere gain hartu zuenean eskolen aginpidea, euskaraz ez zekiten kanpoko maisuak eta maistrak ekarri zituztenean, ordura arteko ikasgelako elebitasuna zapuztu egin zen, euskararen kaltetan, eta zenbait gertaera politikok areagotu egin zuen Estatuaren zentralismoa sendotzeko eta euskal izaera zuen oro ikasgelatik kanporatzeko ahalegina. Horren erakusgarri, Zumaiako alkateak eta eskola publikoko maisuak elkarri idatzitako testu batzuk ekarriko ditugu hona, umeei dotrina zer hizkuntzatan irakatsi behar zieten mintzagai.
1882an gaude. Duela sei urte amaitu zen II. Gerra Karlista, baina oraindik ere bizirik diraute arrastoek, itxi gabeko zauriek. Gerra amaitutakoan, foruak deuseztatuta, karlistak edo haiekin aritu zirenak kendu edo baztertu egin zituzten irabazleek lanpostu publikoetatik, eta horixe gertatu zitzaion, baita ere, Leon Boneta maisuari.
1865ean hasi zen irakasle Boneta Zumaian, eta orduan ere ez zuen ezkutatzen bere pentsaera politikoa: kontserbadorea, katolikoa, foruzalea… Gerraren ondoren, 1876an, Aizarnazabalen hasi behar izan zuen irakasten, karlisten aldekoa izanik liberalek ez ziotelako utzi Zumaian jarraitzen, baina helegitea jarri zuen Probintziako arduradunen aurrean eta lortu zuen bueltatzea 1879an, udal agintariak aurka bazeuzkan ere.
Itzuli zenerako, hezkuntzan ere aldaketa nabarmenak gertatuak ziren; 1876ko Konstituzioa indarrean jarri zenean, gaztelania hizkuntza bakar izendatu zuten eta hezkuntzaren gaia Estatuaren mende geratu zen, lehen herriek eta probintziek hezkuntzan zeuzkaten eskumenak galdu egin zituzten, eta Estatuak hizkuntza eta historia espainola bultzatzeko erabaki irmoa hartua zuen; horrekin batera, Estatuak ahalegin berezia egin zuen haur guztiak eskolaratzeko, ikastea nahitaezkoa zen 6-9 urteren artean, eta Estatuak udal askoren ezinbesteko laguntza izan zuen ahalegin horretan, Junta de Instrucción Pública izenekoen bidez; horren erakusle, 1876an Eusebio Gurrutxaga alkateak zumaiarrei egindako jakinarazpena:
"1º Desde el día 2 de Noviembre próximo serán recogidos todos los niños y niñas, que durante las horas de la escuela que serán de 08:30 a 11:30 por la mañana y de 13:30 a16:30 por la tarde, se encuentren por las calles y sitios públicos.
2º Los padres de los niños recogidos pagarán por su negligencia una peseta por la primera vez y se aumentará el castigo si no lo corrijen" 1 .
Horrela bermatu nahi zuten haur guztiak eskolara joatea eta gaztelaniaz ikastea. Garai hartan, 1880ko bueltan, eskola hauek zeuden Zumaian: mutilena (80-90 haurrekin) eta neskena (50-60 haurrekin), biak ere publikoak, herrigunean; Maria eta Jose ikastetxea, pribatua (mojen ardurapean), 1871n sortu berria (90-100 neskarekin); eta Oikiako eskola, publikoa (25-30 neska-mutilekin); ume txiki-txikientzat (parbuloentzat), berriz, eskola partikularrak zeuden, arautu gabeak; azkenik, helduen eskola ere bazegoen, gauetan, eta 20 lagun inguru zebiltzan ikasten.
1879an itzuli zen Boneta Zumaiara, baina begitan hartuta zeukaten agintariek, eta ez zioten ezer barkatzen; irakurtzeko modukoak dira garai hartako agintarien iritziak eta balorazioak, herriko haurren hezkuntza maila kaskarra zela eta; adibidez, hau, 1880koa: "(…) la instrucción en la escuela de niños se halla en un deplorable atraso segun se ha visto en la visita última jirada el dia de hoy, si bien el maestro alega que la asistencia de los discípulos deja mucho que desera" 2 .
Baina balorazioak balorazio, etor gaitezen harira, eta maisuaren eta alkatearen arteko gutunetara. 1882-01-24 da, asteartea, eta Boneta irakasleak ofizioa idatzi dio Nicolas Gurrutxaga alkateari:
"Esta mañana al presentarse los niños en la Escuela se han alborotado manifestando que no quieren aprender Doctrina en castellano, por haber llamado el Sr. Vicario que se haga en vascuence; ahora bien, teniendo yo órdenes terminantes de que por ningún concepto enseñe nada en vascuence, ¿qué hago en este conflicto? A V.S., como mi Autoridad inmediata, acudo suplicándole con el debido respeto, que tenga a bien disponer lo que debo hacer en el presente jaso" 3 .
Hitz gutxitan asko adierazten du maisuak: klaseak erdaraz ematen zituela eta euskaraz ezer ere ez emateko berariazko agindu zorrotza zeukala, baina bikarioak agindu ziela umeei dotrina euskaraz ikasteko. Artxiboko paperetan begiratuta, badaude eskolan euskarak lekua bazuela adierazten duten frogak: 1869an, faktura batean, "He recibido de Don León Boneta Maestro de Escuela de esta villa, veintiocho reales y treinta y dos maravedís, por el importe de 12 catecismos de bascuenze" 4 ; halaber, 1880an, eskolako baliabideen zerrendan: "Inventario de los enseres y libros que existen en la Escuela Pública de niños de la villa de Zumaya (…): 1 Diccionario manual de vascuence y castellano por Astigarraga en buen uso, y dos en mediano uso. 14 Iracurtzaren asierac edo lenasteac, en buen uso" 5 .
Bonetaren eskaera zela eta, Nicolas Gurrutxaga alkateak egun berean erantzun zion maisuari, beste idatzi baten bidez, eta lasaitzeko agindu: "ante todo lo que procede es que se haga respetar de los niños haciendo prevalecer su autoridad sobre ellos"6 . Alegia, gogor egiteko eta aginpidea errespetarazteko. Baina maisua seguru asko ez zen egongo lasai, eta segituan erantzun zion, urduri zegoen seinale: "creo muy necesaria su presencia en la Escuela para que pueda ofrecer los efectos que en la misma se indioa" 7 .
Egun hartan zerbait egingo zuten, baina ez nahikoa, nonbait; izan ere, astebete geroago, 1882-01-30ean, astelehenean, berriz idatzi zion Bonetak alkateari:
"Hoy han vuelto a alborotar los niños de la Escuela y en mayores proporciones que en la vez anterior, a consecuencia de haber manifestado uno de ellos que le ha ordenado el Sr. Párroco me diga no haga uso de la Doctrina, sino en vascuence, habiéndose negado varios de ellos a estudiarla en castellano, aunque tampoco la he permitido que la efectúen en vascuence: algunas madres se han presentado también con la misma cantinela; por consiguiente, urge poner fin a este estado de cosas, por lo que suplico a V.S. tenga a bien dar una vuelta a esta Escuela" 8.
Beraz, arazoak bere horretan jarraitzen zuen edo areagotu egin zen igandearen ondoren. Parrokoak kaskagogor jarraitzen zuen bere eskaerarekin, eta oraingoan, gainera, umeak ez ezik, gurasoak ere sartu zituen tartean, egoera gehiago behartzeko.
Handik hiru egunetara, 1882-02-02an, ostegunean, maisuak idatzi bat bidali zion alkateari: "Nota de los niños que alborotaron, desobedeciendo las órdenes de la superioridad" 9 , eta barruan 16 laguneko izen zerrenda, izenburu honekin: "Nota de los niños que no quisieron sujetarse a aprender la Doctrina en Castellano"; azken izenaren ondoan, gainera, oharra idatzi zuen maisuak: "Mariano Ibarra, el que, después de salir definitivamente de la Escuela, tiró una piedra a la mima". A zer amorrua, mutil harena, harrikada batean!
Astebete geroago, Gurrutxaga alkateak idatzia bidali zien probintziako agintariei:
"Debo al propio tiempo dar cuenta a V.E. que el día 28 del mes último tuvo que acudir esta Junta local a la escuela de niños, porque estos incitados por el Sr. Párroco a que no aprendieran la doctrina en castellano, desobedecieron al maestro armando un verdadero alboroto, viéndose precisado a castigar severamente a los principales culpables y a amonestar a los padres de todos los niños que faltaron al respeto debido al maestro y a los buenos preceptos que se deben guardar en la escuela, acordando además el jueves a la tarde hubiera en adelante clase dedicándolo ésta a aprender la doctrina en vascuence" 10 .
Beraz, eskaerak eta protestak ez ziren izan alferrikakoak, eta lortu zuten, azkenean, ostegun arratsaldeetan dotrina euskaraz irakastea eskolan.
1Zumaiako Udal Artxiboa, 76. kaxa, 1876-10-28.
2ZUA, 76. Kaxa, 1880-01-12.
3ZUA, 76. kaxa, 1882-01-24.
4ZUA, 76. kaxa, 1869-12-22.
5ZUA, 76. kaxa, 1880-06-30.
6ZUA, 76. kaxa, 1882-01-24.
7Ibidem.
8ZUA, 76. kaxa, 1882-01-30.
9ZUA, 76. kaxa, 1882-02-02.
10ZUA, 76. kaxa, 1882-02-07.