Udako okupazio tasaren merkurioa gori-gori

Mireia Galarza Bastida 2023ko ira. 13a, 12:00

Uztaila eta abuztua ez dira, batzuentzat, nahi bezain onak izan eguraldiari dagokionez. Urola Kostako ostatuetako okupazio tasa, ordea, "positiboki" baloratu dute sektoreko hainbat profesionalek.

Iraila iritsi da, baita ohiko errutina berreskuratzeko momentua ere. Gutxi batzuei hainbat opor egun geratzen zaizkie oraindik, baina gehienek ekin diote beren egunerokotasunari, eta ondorioz, turisten joan-etorriak lasaitu dira txoko gehienetan, baita eskualdean ere. Beraz, udako oporraldiak eman duenaren balorazioak egiten hasi dira eskualdeko negozio asko. Nolakoa izan da uda eskualdeko ostatuetan?

Urrategi Alberdi, Iñigo Lazkano eta Bakarne Zabala, Azkoitiko Abaraxka aterpetxeko kudeatzailea, Zumaiako Zelai hoteleko zuzendaria eta Zarauzko Egona etxebizitza turistikoetako zuzendaria dira, hurrenez hurren, eta denen hitzetan, uda "ona" izan da. Lazkanok azaldu duenez, hoteleko okupazio maila %100 izan da ia udaldi osoan, eta "oso pozik" agertu da horrekin. "Tabernako terrazan ez da horrenbeste jende ibili, eguraldi txarrak gehiago eragiten duelako arlo horretan", gaineratu du Zelaiako zuzendariak. 

Abaraxka aterpetxearen kasuan ere, "balorazio positiboa" egiten dute udako datuen bueltan. "Ekaineko asteburuetan eta uztailean mota askotako taldeak eduki ditugu gurean, eta oso ondo egin dugu lan haiekin", dio Alberdik. Zabalak ere azaldu du udako datuak "onak" izan direla, baina "arraroa" izan dela ere nabarmendu nahi izan du: "Nabaritu dugu bidaiariek azken momentuan egin dituztela erreserbak, eta lehen denboraz egiten zituzten. Gainera, ez zituzten horiek ezeztatzen, eta uda honetan ikusi dugu jendeak oso tarte gutxirekin utzi dituela bertan behera egindako erreserbak". 

Hiru leku horietan ibili diren profilek badituzte parekotasunak, baina baita desberdintasunak ere. Abaraxkaren kasuan, lan gehiena talde handiekin egin dute, Alberdiren esanetan, "azpiegiturak aproposak" direlako horientzat: logela handiak, hitzaldiak emateko areto zabala eta talde osoa sartzen den jantokia, esaterako. Zumaiako eta Zarauzko negozioen kasuan, familiak izan dira haien zerbitzuak gehien kontratatu dituztenak. Lazkanok adierazi du normalean ume bat edo biko familiak izan dituztela hotelean, baita bikoteak ere. Nazionalitateari dagokionez, hainbat leku aipatu dituzte elkarrizketatuek. Zabalak alemaniarrak eta frantsesak aipatu ditu; eta azken horiek ere nabarmendu nahi izan dituzte Lazkanok eta Alberdik. Dena den, turista espainiarren garrantzia ere azpimarratu dute, haien esanetan, "merkatuaren zati garrantzitsua" direlako. 

Eguraldia, aldeko faktore

Euskal Herrian bizi diren askok aipatu dute aurtengo uda ez dela nahi bezalakoa izan, uste baino eguraldi kaxkarragoa egin duelako. Dena den, Munduko Meteorologia Erakundeak orain dela egun batzuk argitaratutako datuen arabera, aurtengo ekaina, uztaila eta abuztua inoiz erregistratutako beroenak izan dira mundu mailan. Txosten beraren arabera, abuztuko batez besteko tenperatura 1,5 gradu altuagoa izan da industriaurre garaikoa baino, eta Antartikako itsas izotzaren hedadura gutxieneko historikoetan dago.

Hain zuzen ere, Iberiar penintsulako beste hainbat lekutan egin duen berotik "ihes egiteko" bertaratu dira hainbat turista eskualdera, elkarrizketatuen hitzetan. Zabalaren ustez, "freskotasuna" da Espainiako turistek inguruotan bilatzen dutena, eta eguzkirik ez izatea ez da arazoa haientzat. "Izerekin lo egitea eskertzen dute haiek", azaldu du zarauztarrak barrez.

Freskotasunaz gain, inguruko lekuak ezagutzea ere bilatzen dutela azaldu du Alberdik. "Asko iristen dira inguruko hiriburuetatik gertu gaudelako, baina gero konturatzen dira gure ingurua ere altxor bat dela, eta bat baino gehiago geratzen dira eskualdeko bazterrak ezagutzen", gaineratu du. Balorazioak balorazio, hurrengo urtera begira ere badaudela aditzera eman du Lazkanok. "Negua izaten da ondorioak atera eta hausnartzeko garaia, eta beti gaude zerbitzuak nola hobetu pentsatzen", dio Zelaiako zuzendariak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide