Dardara Euskal Herrira iritsi da

Mikel Elkoroberezibar Beloki - Berria 2023ko ira. 13a, 14:30

Marrakexko etxe bat asteburuko lurrikararen ondoren. (Asier Hilario)

Euskal Herrian bizi diren marokoarrek gertutik bizi dituzte lurrikararen ondorioak, askoren senideei zuzenean eragin baitiete. Laguntza bidaltzeko antolatzen hasi dira herritarrak zein gobernuz kanpoko erakundeak. Zumaian bizi den Halima Uafa horretan hari da eta Berria egunkariak harekin hitz egin du.

"Hilaren 3an itzuli ginen Marokotik Euskal Herrira. Kasualitatea. Bueno, kasualitatea baino gehiago, miraria!", esan du Halima Uafak. Euskal herritarra da, Zumaian (Gipuzkoa) bizi da, eta haren gurasoak eta gainerako senideak marokoarrak dira. Kezkatuta ari da egun hauek pasatzen, ostiral iluntzean Marokon izandako 6,9 graduko lurrikarak Marrakex hego-mendebaldea suntsitu baitzuen; gutxienez 2.901 dira hildakoak, eta 5.530 zaurituak. Azken hamarkadetan Marokon izaniko lurrikara handiena izan da, eta, haren dardara Euskal Herrian fisikoki nabaritu ez bada ere, bertan bizi den marokoar komunitateak gertutik bizi izan du gertatutakoa, haien senideetako asko jaioterrian bizi dira eta.

Uafak senide asko ditu Marokon: "Nire izeba-osabak, lehengusuak eta aitona Marokon bizi dira; gehienak, Rabaten". Haren senide bat ere ez da hil edo zauritu lurrikararen ondorioz, baina eragina nabaritu dute: "Nire izeba bat Marrakexen bizi da, eta han susto ederra hartu dute. Nire aitaren koinatuari, adibidez, etxea puskatu zaio. Zorionez, Rabaten zegoen lurrikara izan zenean".

Elkartasuna Euskal Herritik

Etxerik eta seniderik gabe geratu direnei laguntzeko moduak badaude Euskal Herrian, eta Uafa hasi da jada laguntza antolatzen: "Meskiten bidez bidaltzen ari gara janaria, dirua... ahal duguna. Haiek eramango dute Marokora. Egoera honetan, ahal duguna egiten ari gara", adierazi du.

Hainbat tokitan etengabe ari dira laguntzeko bideak eta egitasmoak abiatzen. Nafarroan, Caritasek kontu korronte bat zabaldu du dirua bidaltzeko, eta Ipar Euskal Herrian Baionako meskitak antolatu du laguntza; ostiralean eta larunbatean elikagaiak, arropa, sendagaiak eta oinarrizko beharrak asetzeko bestelako materialak bilduko dituzte hara bidaltzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide