Zaintzaren diagonostikoa osatzeko dei egin diete herritarrei

Intza Trula 2023ko ira. 14a, 11:19

Zumaiako Udaleko ordezkari politikoak, udal teknikari eta langileak, eta Prebentzio Mahaian parte hartzen duten herritarrak atzoko bilkuran. (Zumaiako Udala)

Zumaiako Udaleko ordezkari politikoak, udal teknikari eta langileak, eta Prebentzio Mahaian parte hartzen duten herritarrak bildu ziren atzo eguerdian Victoriano Arrate etorbidean, zumaiarrei zaintzaren inguruko diagnostikoa osatzeko prestatu duten galdetegia betetzeko eskatzeko.

Zaintzaren inguruko diagnostikoa osatzeko herritarren laguntza eskatu zuten atzo eguerdian Zumaiako Udaleko ordezkari politikoek, udal teknikari eta langileek, eta Prebentzio Mahaian parte hartzen duten herritarrek. Zaintzaren gaiari lotutako erronka nagusienak identifikatzeko eta lantzeko ardura hartu zuten urtearen hasieran, eta, horretarako, zaintzari buruzko diagnostiko bat egingo dute. Elhuyar ari da lanketa horretan, eta Prebentzio Mahaia ari dinamizatzaile eta gidari lanetan. 

Zaintzaren diagnostikoa osatzeko herri mailako errealitatea ahalik eta era zehatzenean ezagutu nahi dute, eta horretarako hainbat informazio iturri baliatuko dituzte; hala nola datu estatistikoak edota Zumaiako udal zerbitzu ezberdinetako partaidetza datuak. Horrez gain, informazio zuzena ere bildu nahi dute, eta herritar orori horretarako prestatu duten galdetegia erantzuteko eskatu diete. 10-15 minututan erantzuteko galdetegia da, eta aditzera eman dutenez, dagoeneko 240 herritarrek bete dute. Halaber, erantzunek errealitatea modu zehatz batean islatzea nahi dute, eta, hori bermatzeko, helburua da Zumaiako 500 herritarrek, gutxienez, betetzea. Zaintzaren inguruko galdetegia bete daiteke lotura honetan.

Zaintzaren gaia pil-pilean

Pandemia aurretik arazoa mahai gainean bazegoen ere, pandemiaren ondoren are ikusgarriagoa egin zen zaintzaren gaiari heltzeko beharra, eta gaiaren inguruan askotariko ekimenak sortzen ari dira. Zumaian eta eskualdean bertan, Prebentzio Mahaia eta udala egiten ari diren lanketaz gain, beste bi ekimen daude martxan: Emakumeon Etxeak, Malen Etxeak eta Mugimendu Feministak bultzatutako Zaintzen duen Zumaia irudikatzen ari gara prozesua, batetik; eta Urola Kostako Udal Elkartea egiten ari den diagnostikoa, bestetik. Zumaiako Udala zein Prebentzio Mahaia prozesu horiekin koordinazioan dago prozesu hau hasi zuenetik, eta hala jarraituko du hurrengo pausoak emateko ere, diagnostikoaren ondorengo faseetan pausoak elkarrekin emateko.

Zumaiako Prebentzio Mahaia 2010. urtean sortu zen eta Zumaiako herritarrekin lan egiten duten herriko hainbat erakunde elkartzen dituen sarea da. Erakundeen artean helburu komunak eta bateratuak definitzeko eta herritarren prebentzioan eragin dezaketen programak aurrera eramateko elkartzen da Mahaia. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide