Nagore Belastegi legazpiarrak (Gipuzkoa) hamahiru ipuinez osaturiko liburua argitaratu berri du. Koldo Landaluze Zumaiako bizilaguna aritu da haren ipuinei marrazkiak jartzen, eta haren hitzetan, "jolas liluragarria" da hitzak eta marrak tartekatzea.
Liburu ugari idatzitakoa zara, eta bat edo beste ilustratu izan duzu. Nola sortu zaizu azken lanean parte hartzeko aukera?
Nagore Belastegiren dei bat jaso nuen, eta bere proiektuan parte hartzera gonbidatu ninduen. Bere kabuz argitaratutako eta kontakizun laburrez osatutako liburu bat kaleratzea zuen buruan. Esan zidan ilustrazioak gehitu nahi zituela, akonpainamendu soil gisa funtzionatzen ez zutenak, testuari zerbait eransten ziotenak. Esan nion pixka bat pentsatuko nuela, errespetu handia ematen didalako arrotza zaidan mundu batean bete-betean sartzeak. Hori esan nion, baina tematu egin zen. Beraz, ez nuen arrazoirik izan ezezkoa emateko.
Nola egin duzue lan Belastegik eta biok? Hark ipuinak pasa dizkizu eta zuk ilustratu, ala...?
Hori da. Hasiera batean, askatasun osoa nuen marrazkiak egiteko. Eginak nituenak bidaltzen nizkion, eta batzuek ez zuten galbahea pasatu, zorionez, birplanteatzera behartu ninduelako. Ariketa interesgarria izan zen; elkarrenganako errespetua nabaria zen. Ipuin batzuk aldatzen joan ziren. Nagorek oso ondo definitzen zuen lerroa, eta horrek lagundu zidan haren munduan sartzen eta haren ipuinek niri esaten zidatena birsortzen edo zirriborratzen.
Nolakoa izan da sormen prozesua?
Hasieratik, liburuak Zirriborroak, kontatu behar ez nituenak izenburua izan aurretik ere, irudiek ia zirriborroak izan behar zutela pentsatu nuen. Estilo azkarra izatea nahi nuen, asko zehaztu gabea, Nagoreren testuen irakurketak ematen zidanaren isla. Bizkorrak eta usteetara irekiak izatea nahi nuen irudiak, batzuk zuzenagoak, beste batzuk sinbolikoagoak.
Marrazkera librea aukeratu nuen, asko kargatu gabea, eta batzuetan arkatza bakarrik erabili nuen. Kolore tonuak emozioak indartzeko soilik baliatu nituen, eta lerro okerrak jarri nituen testuak amets edo ezegonkortasun moduko zerbait adierazten bazidan. Batzuetan gogaikarria den sentsazio hori sortzen saiatzen gara, seguru edo lasai ez sentitzea eragiten diguna.
Ipuinak dira, baina helduentzat.
Hala da. Behinola Nagoreri kontatu zizkioten edo hura protagonista izan zen istorioak dira. Hark sentimendua eta emozioa eman dizkie, eta hori oso ondo irudikatzen da hizki motetan edo liburuaren egitura narratiboan. Nire ilustrazioez haratago, oso liburu ederra da, sinplea, baina zuzena eta mingarria tarte batzuetan. Eguneroko kronika txikiak dira, tarteka tonu argitsu eta grisetan iraultzen direnak.
Zer nahiago duzu, istorioak hitzez ala margoz kontatzea?
Zeinen galdera zaila. Pentsatzen dut egoera edo bizi etapa bakoitzean gorputzak zerbait ezberdina eskatzen dizula; batzuetan nahiago dut hitzekin kontatzea, eta beste batzuetan, ilustrazioekin. Idazten ari naizen bitartean irudiek erasotzen naute, eta marrazten dudanean, hitzak etortzen zaizkit. Jolas liluragarria da bi elkarrizketak tartekatzea, hitza eta marra.
Zer-nolako harrera izan du lanak?
Liburua ofizialki Legazpin aurkeztu zuten herenegun. Hamahiru istorio, hamahiru ilustrazio, hilaren 13an aurkeztuak. Beldurra ematen dit zenbaki hori hainbeste aldiz errepikatzeak, baina idazleari izugarri gustatzen zaio haren tabu testuingurua. Salgai jarri diren liburuek, oraingoz, oso harrera ona izan dute. Susmatzen dut idazleak baduela zerbait buruan.