Naroa Usabiaga eta Jone Adrian: "Ondo pasatzea eta disfrutatzea da taldearen aurtengo helburua"

Maria Maya Manterola-Urtzi Oteiza-Intza Trula 2023ko ira. 22a, 09:19

Urteak zeramatzan Pulpo Eskubaloi Klubak emakumezkoen senior talderik gabe, taldekideen falta zela eta. Aurtengoan, ordea, taldea osatzea lortu dute eta Gipuzkoako lurraldeko senior mailako ligan izango dira. Taldeko jokalarietako bi dira Naroa Usabiaga (Zumaia, 2004) eta Jone Adrian (Zumaia, 1998), biak zumaiarrak. Usabiagak ez dio inoiz eskubaloian jokatzeari utzi, baina Adrian kirol honetatik aldenduta egon da azken zazpi-zortzi urteetan. Datozen partiduak prestatzen dabil dagoeneko taldea, eta elkar ezagutzearen eta itzuleraren inguruan mintzatu dira biak elkarrizketan.

Naroa, urte asko daramatzazu eskubaloian, baina lehenengoa duzu senior taldean...

NAROA USABIAGA: Bai. Hamar urte daramatzat eskubaloian jokatzen, eta aurten sortu da senior taldea. Aurreko urteetan jubenilen taldean jokatu dut, ni baino gazteagoekin. Beste hiru senior izan dira urte hauetan nirekin batera, eta oso gustura gaude aurten senior taldea osatu delako.

Inoiz burutik ez al zaizu pasatu eskubaloia alde batera uztea?

N. U. : Joan den urtean izan nituen zalantza batzuk, azken batean, nirea ez zen maila batean jokatzen ari bainintzen. Hala ere, jarraitzea erabaki nuen; beste esperientzia bat bezala hartu nuen.

Urte asko zeramatzan Pulpok emakumezkoen senior talderik gabe. Nola sortu duzue taldea?

N. U. : Whatsapp talde bat sortu zuten taldea osatzeko interesa zutenekin. Pixkanaka, herrian zabaltzen joan zen senior taldea martxan jartzeko asmoa geneukala, eta jendea animatzen hasi zen.

Behin jokalariak elkartuta, zeuek jarri al zineten Pulporekin harremanetan?

N. U. : Bai, taldea osatzen joan ginen, eta ondoren, Pulpoko zuzendaritzarekin hitz egitea erabaki genuen.

Jone, eskubaloian ibilitakoa zara zu ere, baina azken zazpi-zortzi urteetan alde batera utzita eduki duzu kirol hori. Nolakoa izan da itzulera?

JONE ADRIAN: Hasieran oso urduri nengoen. Izan ere, eskubaloian ibili nintzenean, beti talde bera izan nuen, baita taldekide berdinak ere. Gero, eskubaloitik aldentzea erabaki nuen, eta beste gauza batzuetan zentratu nintzen. Gauza berriak probatu ditut urte hauetan. Hala ere, gero inbidia sentitu nuen, eta talde sentipen hori izateko gogoa etorri zitzaidan berriro. Hasieran pentsatzen nuen taldean jende gazteegia zegoela; nire adineko bakarra zegoen, ez nuen beste inor ezagutzen. Taldean nola hartuko ninduten pentsatzen nuen, eta ea ni nola moldatuko nintzen. Egia esan, oso polita izan da itzulera, eta ongietorria ere oso ona izan da; talde giro oso ona daukagu. Zentzu horretan, ezin naiz kexatu.

Lagunarteko partida batzuk jokatu dituzue jada. Taldekideok elkar ezagutzeko eta entrenatzailearekin harremana egiteko balioko zizueten hasierako partida horiek, ezta?

N. U. : Taldea egin genuenean, elkar ezagutzen joan ginen pixkanaka, baina partidekin ezberdina da; azken finean, lehiatzera joaten gara, eta entrenatzailearen erabakiak-eta zein diren ikusteko balio digute neurketek. Ordutik aurrera, elkar gehiago ezagutzen joan gara.

J. A. : Denboraldiaurrean egindako lan hori ikusten da lagunarteko partidetan. Zer mailatan gauden ikusteko aukera izan dugu, eta hobetzeko ditugun gauzak atzeman ditugu.

Hain zuzen, zer mailatan ikusten duzue taldea? Eta zer duzue hobetzeko?

N. U. : Galdera zaila da. Taldekideok elkar ezagutzen ari gara oraindik. Jone, adibidez, denbora baten ondoren itzuli da eskubaloira, eta itzulera zaila da batzuetan. Nik uste dut martxa hartzen joango garela.

J. A. : Taldekide bakoitzak nola jokatzen duen ikusi behar dugu orain; elkar ezagutzen eta horretara ohitzen joan behar dugu, bakoitzaren erritmoa ezberdina baita. Gauza asko ditugu hobetzeko, baina ez gaude kexatzeko.

N. U. : Gogotsu gaude.

Ba al duzue denboraldi honetarako helbururik?

N. U. : Batez ere, disfrutatzea eta ondo pasatzea da helburua. Ondo ari garela eta partidak irabazten ari garela ikusten badugu, zerbait handia lor genezake, baina oraingoz, gozatzera goaz.

Jone, urte batzuen ostean itzuli zara eskubaloira. Nola uztartzen dituzu kirola eta zure egunerokoa orain?

J. A. : Hasieran, zail samarra izan da masterra, lana eta kirola uztartzea, baina gogoa neukan eskubaloian aritzeko, eta taldeak oso ondo hartu nau. Irrikaz egoten naiz eurekin elkartzeko.

Denborarekin ez al da ahazten eskubaloian jokatzen?

J. A. : Egun hobeak eta okerragoak izaten dira; entrenamendu batzuetan dena ondo ateratzen zaizu, beste batzuetan, berriz, ez. Baina ez, hori ez da ahazten.

Noiz hasiko duzue sasoia?

N. U. : Datorren astean hasiko dugu Gipuzkoako lurraldeko senior mailako eskubaloi liga, eta gogotsu gaude.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide