Aurreko batean publikatak ikusi genituen, edo nola agintariak elizako apaizez eta pulpituaz baliatzen ziren herritarrei zerbait jakinarazteko edo eskatzeko. Baina XIX. mendeak aurrera egin ahala, garaiak aldatzen joan ziren, gero eta jende gehiagok zekien irakurtzen, gero eta zumaiar gehiagok zekien gaztelaniaz, eta Udala bestelako baliabide batzuk ere erabiltzen hasi zen: ediktuak, pregoiak, bandoak, prentsa idatzia… Horietako adibide batzuk ekarriko ditugu, eta egiaztatuko dugu euskara presente zegoela horietan.
Santa Klara ezin saldu
1771n itxi zuten Santa Klara ermita, eta 1841ean Udalak erabaki zuen hura saltzea, diru premian zegoelako, San Pedro eliza berritzeko lanak finantzatzeko. Saltzeko, lehenengo Udalak baimena eman zuen, eta ondoren enkantea antolatu zuten; aurretik, horren berri eman zieten herritarrei "[con la] fijación de edicto en el pasage publico y acostumbrado de esta villa".
Enkanteko ekitaldian, idazkariak argi eta garbi eta denek ulertzeko moduan adierazi zuen zer preziotan eta zer baldintzatan zegoen salgai: "se procedió a la venta en público remate de la casería de Santa Clara y sus pertenecidos, y aunque yo el Secretario leí y dí a entender en lengua vulgar a los concurrentes a dicha sala de la tasación y evaluación de dicha casería no hubo postor alguno". Alegia, herritarren hizkuntzan (euskaraz) azaldu zien idazkariak herritarrei, denek behar bezala ulertzeko.
Publikatetatik banakolara
Udal agirietan begiratuta, XIX. mendearen amaieran ere oraindik azaltzen dira publikatak: 1886an, Pasaian marinel batzuk ito eta haien familiei laguntzeko dirua bildu nahi zutela-eta, "se le manda copia al Señor Vicario de esta villa para que el Domingo publique desde el púlpito"; 1906an, komisio probintzialak nekazaritza sindikatuaren eta kutxaren estatutuak bidali zituela-eta: "cada ejemplar se les remita a los señores curas párrocos del Valle de Oiquina y barrio de Artadi con el fin de que le enteren de su contenido a sus feligreses".
Baina denborarekin, publikatak urritu eta bandoen erreferentziak ugaritu egiten dira udal agirietan; adibidez, 1894an: "Acordaron se publique un bando prohibiendo limpiar los pescados en las fuentes, lavaderos ni otros lugares públicos fuera de la ría". Gainera, bandoen berri emateko, Udalak arduraduna izendatu zuen, eta hark zer hizkuntzatan jakinarazten zituen ebidentziarik ez baldin badaukagu ere, pentsatzekoa da euskaraz (ere) egingo zituela; hauxe da 1907ko zita bat: "De la cuenta de los bandos oficiales publicados por el pregonero Don Pedro Arrizabalaga y que importa pesetas 8,50"; urte batzuk geroago, 1931n, zertxobait gehiago ordaindu zioten: sei hilabeteko pregoiengatik, 25,50 pezeta. Horiez gain, Udalak paperak jartzen zituen leku jakinetan: "quedan enterados y acuerdan que dos ejemplares se expongan al público en sitios acostumbrados de anuncios".
Pixkanaka, lehen idatziz gaztelania hutsean egiten zirenetako batzuk euskaraz ere egiten hasi zen Udala, eta horren adibideak dira dokumentu batzuk, banakolea izenburupean. Horietako zenbait hirigintzako paperen artean daude Udal Artxiboan, eta euskaraz eta gaztelaniaz daude: 1916koan, Udalak jakinarazi zuen Arbustaingo basatza edo lokaztia betetzeko lanak errematera aterako zituela; 1917koan eta 1918koan, Zumaiako alkateak, Arrangoletako zenbait lursailen subasta iragarri zuen. Euskarazko bertsioan, gaurko begientzat (eta ordukoentzat?) ulergaitzak zaizkigun zenbait hitz ageri dira: bazku (elkarte), endore (alkate), idazkola (administrazio), ikurritz (goiburu), ilbeltz (urtarril), ingurratz (plegu)… Hauxe 1917ko garilaren (uztailaren) 26ko agiri baten hasiera, Arrangoletako lurrak zatika enkantean salduko zituztela jakinarazteko:
"Errico Banakolea
Zumaya'ko Udala
Bazkuk onen erabakiz, datorren Irailla’ren 1º eguneko goizeko amaiketan izango da Udal’etxian, hamasei etxaleku, geyena demanari saltzia, erriyak dauzkenetatik "Arrangoleta’ko Zabalduran" Endore edo onen ordezko ziñegotzi’ren bat maiburu dala; izakera eta ganerako argibidiak egongo dira egun aurre arte agiriyan erriko idazkolan, aztertu nau dituanentzat (…)".
Bandoak
Bestalde, bereziki aipagarriak dira II. Errepublikaren garaian, 1931tik 1936ra, Udalak argitaratutako bandoak. Izan ere, gehien-gehienak eskuz idatzita eta euskaraz eta gaztelaniaz daude jasota Udal Artxiboan. Gai ugari eta desberdinak jorratzen dituzte: Estatutuaren plebiszitua onartu zelako jai egingo zela hurrengo egunean, karabineroek tiro-praktikak egingo zituztela Debako hondartzan eta kontuz ibiltzeko itsasoan, solfeora joan nahi zuten mutilek izena emateko, Errepublikako lehendakaria zetorrela eta ongietorria emateko deia, kontribuzioa oraindik ordaindu ez zutenei abisua lehenbailehen ordaintzeko, denboraleak kaltetuei jakinarazpena, abesbatzak emanaldia egingo zuela, herriko lanen arduradun izateko lanpostua atera zuela Udalak, txertaketak, obrak, ur mozketak… Bando horiek urtez urte oso antzekoak dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta etenaldi edo aldaketa izan zen Gabriel Vallejo Bretón alkate izendatu zutenean, 1935ean, garai horretan ez baitago euskarazkorik.
Hauxe da, adibidez, 1932ko bando bat, akordarazteko leku ofizialetan baimendutako banderak edo oihal zintzilikariak baino ezin zirela jarri:
Azken bando edo agiri horiekin, suma daiteke aldaketa nabarmen bat: lehen, publikatak egiten ziren herritarrak jakinaren gainean egoteko eta ezinbestean euskaraz, herritarrek besterik ez zekitelako; XX. mendearen hasieran, berriz, jakinarazpen horiek idatziz ere egiten hasi ziren, gero eta herritar gehiagok zekielako irakurtzen eta idazten, eta idatzizkoan euskara bere lekua hartzen joan zen, bazegoelako euskararekiko kontzientziazioa eta euskara bultzatzeko eta indartzeko borondatea eta nahia.