Bidean sastrakak oraindik

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 18a, 11:30

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Kirol gehienetako denboraldiak jada martxan diren honetan, emakumeak esparru horretan izan duen garapenari erreparatu nahi izan dio BALEIKEk. Horregatik, kirolarekin lotura estua duten hiru belaunalditako emakume bana elkartu ditu haien testigantzak jasotzeko. Urriko aldizkariko artikulua da honakoa. 

Udako oporraldia atzean utzi eta urteko ohiturak pixkanaka berreskuratzen hasteko hilabetea izan ohi da iraila. Bada, hori ere gaindituta eta urrian sartuta, martxa hartuta dira jada herritar gehienak. Tartean, emakume kirolariak; izan ere, bakarka nahiz taldean aritzen diren gehienek dagoeneko abiatu dute 2023-2024 denboraldia. Arraunlariak dira salbuespenetako bat, estropadez beteriko uda gogorraren ondoren, non Kontxako Bandera eta Euskotren ligara igotzeko play-offa ere lehiatu dituzten, atseden hartzeko egunak baitituzte orain, azaroan indarberrituta berrekiteko entrenamenduei.

Denboraldi hasiera erritmoa hartu eta norbere buruari erronkak jartzeko garaia ere izaten da. Hala egin du Josefa Molina (Zumaia, 2004) piraguistak ere. Bigarren denboraldia izango du honakoa 23 urtez azpikoen mailan, eta "hobetzen jarraitzea" du helburu nagusi: "Joan den denboraldian nahiko emaitza txukunak lortu nituen, eta oraingoan ere hala izatea espero dut. Txapeldunorde izan nintzen K1ean Aranjuezen [Madril, Espainia] jokatutako Espainiako Ibaietako Txapelketan, hirugarren Espainiako Maratoiko Kopan K2an Eider Amundarainekin batera, eta brontzea ere lortu nuen Espainiako Esprint Olinpikoko Txapelketan K4 500 metroko proban Irati Osarekin, Eider Amundarainekin eta Begoña Lazkanorekin. Mila metrokoan, berriz, laugarren izan ginen".

Ane Osak (Zumaia, 1996), berriz, hamabigarren denboraldia jokatuko du Zumaiako futbol taldeko lehen taldean. Kapitaina da gaur egun, eta abiatu berri duten denboraldia "aurrekoaren antzekoa edo hobea" izatea espero du: "Iaz lehenengo bost taldeen artean sailkatzea jarri genuen helburutzat, eta laugarrenak izan ginen. Aurten, mailaz igotzeko borrokan jardun nahiko genuke. Lortzen badugu, ikusiko dugu zer egin; izan ere, duela zazpi bat urte lortu genuen Euskal Ligara igotzea, baina tokiari uko egin genion guretzat ez zelako bideragarria bi astetik behin Gasteizera edo Bizkaiko beste herriren batera joatea. Batik bat, entrenamenduetara sei lagun agertu ohi ginelako soilik".

Horri lotuta, aurten taldea osatzeko zailtasunak izan dituztela aitortu du kapitainak: "Oso jokalari gutxirekin abiatu dugu denboraldia, hamazazpik soilik dugu senior taldeko fitxa, eta horietatik bik epe luzerako lesioak dituzte. Horregatik, 15 urteak beteta dituzten kadeteak igo beharko dituzte gurekin joka dezaten. Dena den, Zumaiakon oso ohikoa izaten da hori, eta urteak dira klubak neska jubenilen talderik ez duela. Kadete mailatik zuzenean pasatzen gara senior mailara. Ziurrenik egongo lirateke jubenilen taldea osatzeko adina jokalari, baina hala eginez gero, ez litzateke seniorren taldea aterako, eta klubak nahiago dio bigarrenari eutsi. Gainera, modu horretan, nagusiagoak garen jokalariok jokatzen jarraitzeko aukera dugu".

Kontrara, Pulpo eskubaloi taldeak beti eutsi die harrobiko taldeei, nahiz eta emakumeak falta zituen seniorren taldea osatzeko. Hala eta guztiz ere, klubak eskaini die eskubaloian jokatzen jarraitzeko aukera adinez seniorrak ziren emakumeei; jubenil mailakoekin egin dute aurten arte. Izan ere, denboraldi honetan bai, klubak lortu du azken urteetan izan ez duen seniorren talde hori berreskuratzea. Ospatu egin du hori Zumaian bizi den Ainhoa Azurmendi (Hernani, 1978) kirol aholkulariak, eta espero du datozen denboraldietan jarraipena izatea. 

Zentzu horretan, emakumeek kirol taldeak gaztetan uzteko duten joeraren atzean dagoena ere azaldu du Azurmendik: "Askotan iruditzen zaigu ikasketak edo bestelakoak lehenesten dituztelako uzten dituztela kirol taldeak emakumeek senior mailara iristean, baina gizonek ere ikasten dute. Gainera, taldea utzi duten emakume horietako askok beren kasa egiten dute kirola gero, eta sarritan ez plazeragatik, estetika edo osasun arrazoiengatik baizik. Horregatik, uste dut gaztetatik klub baten barruan esperientzia positiboak izatea eta taldearen filosofiarekin bat egitea dela gakoa, horrek lagunduko dielako barneratzen zein diren talde baten parte izateak dituen onurak. Gustura badaude egingo dute ahalegina kirol taldea haien bizitzako gainerako kontuekin uztartzeko, hori posible delako. Iruditzen zait Pulpok lortu duela neska gazteek klubarekiko identifikazio hori izatea, baina horri eusten asmatu behar du orain".

Zumaia, eredugarria

Herriko diagnosi orokorragoa ere egin du kirol aholkulariak, eta emakumeek kirola egiteko duten aukeren aldetik, "oso osasuntsu" ikusten du Zumaia: "Eskaintza zabala du eta bolumen handia, aldi berean. Herriak duen tamainarako oso handia da partaidetza, zeren badira herri handiagoak kirol talde gutxiago dituztenak. Pulpok, adibidez, nesken talde pila bat ditu azpiko kategorietan, eta futbolean jokatzen duten nesken kopurua ere asko hazi da. Horrez gain, Emakumeen Etxeak antolatutako jardueren barruan gero eta gehiago sustatzen dute kirola, eta oso ongi iruditzen zait betiko lehiaketetatik aldentzen direlako eta helduagoak diren emakumeak direlako, gehien bat, parte hartzen dutenak. Betetzen ari dira mendi irteeretako jarritako gehienezko kopuruak, pala txapelketetakoak nahiz surf ikastaroetakoak. Era berean, korrika egiteko emakumeen taldeak ere osatu dituzte. Kirola ahalduntzeko tresna oso baliagarria da, eta baliatu egin behar da".

Halaber, Zumaiak "erreferente asko" dituela ere nabarmendu du Azurmendik: "Arraun taldea, Irati Osa, Janire Gonzalez-Etxebarri... sekulako emaitzak lortzen ari dira, eta hori oso garrantzitsua da neska txikiek ereduak izan ditzaten".

Horren harira, Molinak esan du "ohorea" dela beretzat Irati Osarekin ia egunero entrenatzea, eta asko ikasi duela harekin, gainera. Ildo beretik, Ane Osaren aburuz, "piraguistentzat ez ezik, herriko emakume kirolari guztientzat da erreferentea, ikusi egiten zaiolako egiten duen esfortzua emaitzak lortzeko. Hala ere, esan behar dut nirekin jokatu izan duten eta gaur egun taldekide ditudan emakume guztiak ere badirela erreferenteak niretzat, egunero ikasten dudalako zerbait haietako bakoitzarengandik, bai futbol zelaian, bai bertatik kanpo. Taldekide izatearekin batera, zeregin garrantzitsua dute nire bizitzan".

Ereduekin lotuta, eta piraguara itzulita, Itxas-Gainen badute kirolean nahiko ezohikoa den egiteko modu bat: "Gizonek zein emakumeek batera entrenatzen dugu, eta kategoria askotakoak aritu ohi gara elkarrekin, gainera. Kadete mailatik hasten gara seniorrekin entrenatzen. Horrez gain, K2 mistoak ere indarra hartzen ari dira orain, eta pozgarria iruditzen zait, ederra delako gizonak eta emakumeak bikotea osatuta elkarrekin lehiatzeko aukera hori ere egotea. Distantzia Olinpikoko Munduko Txapelketan 2021etik antolatzen dituzte proba mistoak. Uste dut piraguan egiten dutela berdintasuna zaintzeko benetako ahalegina", adierazi du Molinak.

Azurmendik uste du, halaber, ereduak ez direla mugatu behar kirol jarduerara: "Herriko klubetako zuzendaritza batzordeetan emakume asko ari dira lanean, eta hori positiboa da. Gainera, sekulako lana ari dira egiten haurrek eta gazteek aukera izan dezaten kirola egiteko, baina, entrenatzaile eta teknikari postuetan emakume gehiago behar dira, eta iruditzen zait hor badagoela nolabaiteko erronka, gaur egun gutxi direlako eta emakumeek sinistu behar dutelako beraientzat ere izan daitekeela aukera bat. Emakume teknikariak izateaz eta kirolean ere genero ikuspegia txertatzeaz hitz egiten dugunean, oso gauza garrantzitsuez ari gara, zeren, kirolari eta entrenatzaileen arteko harremanak kiroletik harago doaz, eta, neska gazteek emakume entrenatzaileak izatea oso lagungarria da zenbait egoera normalizatzeko. Adibidez, neskek bularraldea ez estaltzeko, edo hilekoa dutenean, lasaitasunez joateko komunera".

Kexatzeak balio du

Hobetzeko dauden arlo gehiago ere identifikatu ditu kirol aholkulariak herrian bertan: "Indarkeriaren prebentzioan dago zeregin nagusietako bat, eta ez naiz ari emakumeen aurkako indarkeria sexualaz soilik. Psikologikoaz ere ari naiz, hainbat egoera asko normalizatu baitira kirol taldeetan adin txikikoekin sortzen diren harremanetan. Egia da gaur egungo legeak klub guztiak behartzen dituela protokoloa izatera adin txikikoen aurkako indarkeriaren prebentziorako, baina dokumentu batekin eta formakuntza batekin ez da nahikoa. Lanketa handiagoa egitea beharrezkoa da kirolari guztiak sentsibilizatzeko benetan gai izan daitezen identifikatzeko zer den onargarria eta zer ez, eta onargarria ez den hori identifikatzean norekin hitz egin behar duten argi izan dezaten".

Osaren ustez, emakumeak "gutxiengoan" daude oraindik kirolaren esparru orokorrean, "eta futbolean, zer esanik ez". Zumaiakoko kapitainaren hitzetan, gizonezkoak hartzen dituzte eredutzat denerako: "Ez naiz ari arlo ekonomikoaz soilik, detailerik txikienetan ere ikusten da disparekotasuna, baita herri mailan ere. Zumaiakoko talde guztien partidak iragartzeko kartelei erreparatu besterik ez dago. Senior gizonen lehen taldeak jokatuko duena da beti zerrendan lehenengoa agertzen dena, nahiz eta bi taldeok maila berean jokatzen dugun, Ohorezko Erregional Mailan. Are gehiago, gure taldea gizonezkoena baino maila bat gorago zegoenean ere, gizonezkoen partida zen zerrendan lehenengoa. Horrez gain, bi taldeek etxean jokatu behar badugu asteburu berean, gizonezkoen taldeak izaten du ordutegia aukeratzeko lehentasuna".

Hala ere, emakume kirolarien baldintzek izan dute onerako garapenik. Alderaketa egiteko atzera begirada bota du Azurmendik: "Oroitzen dut zein ordutegi izaten zituzten emakume futbolariek entrenatzeko. Okerrenak beti. Nik eskubaloian jokatzen nuenean, senior mailan, azkenak izaten genituen entrenamenduak, eta gaueko hamarrak aldera amaitzen genituen. Egia da gizonek ere antzeko ordutegiak zituztela, seniorrek beti entrenatzen dutelako azkenak, baina entrenamendutik gauez atera eta emakume futbolariak oraindik zelaian ikustean, neure buruari esaten nion: Hauek bai meritua. Horretan hobetu da bereziki, baliabideen banaketan".

Zumaiakoko kapitainaren esanetan, aldaketa horiek guztiak lortu badituzte izan da "borrokatu" egin dituztelako eta "asko kexatu" direlako, eta eztabaida baten adibidea ere eman du: "Joan den denboraldira arte ez dugu gainsaririk izan partidak irabazteagatik. Gizonek, aldiz, bazituzten gu baino maila bat beherago zeudenean ere. Gure desadostasuna adierazi genion zuzendaritzari, eta guk ere gainsari bat izatea onartu zuten irabazitako partida bakoitzeko. Guk ez dugu diru hori behar, baina iruditzen zaigu gizonek baldin badute, guk ere izan behar dugula. Dena den, gure gainsariak eta gizonenak ez du zerikusirik, 450 euro jasotzen dituztelako haiek, guk100 jasotzen ditugun bitartean. Argudioa da haien partidak ikusteko sarrera ordaintzen dutela zaleek eta tabernan ere gehiago kontsumitzen dutela, baina ez dut uste klubak partidako lortzen duen irabazian 350 eurokoa aldea dagoenik. Gainera, klubak Gipuzkoako Federazioaren laguntza jasotzen du emakumezkoen taldea edukitzeagatik. Oraindik ez gara berdin tratatuak sentitzen".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide