Jon Maia: "Herri proposamen bat da disko-liburua baino gehiago"

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 17a, 10:00

Jon Maia. (Utzitakoa)

Identitatearen gaia ardatz hartuta, Jon Maiak (Urretxu, Gipuzkoa, 1972) Kantu berri bat gara disko-liburua argitaratu du. Hamalau abestiz eta poema luze batez osatutako lan sakona jorratu du.

Kantu berri bat gara da zure azken lana. Berrituta zatozen seinale, ezta?

Bi norabidetan dauka zentzua disko-liburuaren izenak. Batetik, kantu berriez osatuta dago gehienbat lana, eta hori da aurreko lanarekiko ezberdintasun nagusiena; aurrekoak nik idatzitako kantu ezagunen bertsioak ziren, eta honetan, hamalautik hamar propio sortutako kantak dira. Bestetik, lan honen ardatz nagusia da transmisioa: identitatearen eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa, alegia. Horretarako, Bereterretxeren kanthoria hartzen dut abiapuntu; euskal kanturik zaharrena da, eta harrigarria egiten zait nola iritsi den bizirik Spotifyren garairano. Bitarte horretan, denetarik gertatu zaigu herri honetan, gure hizkuntza txikian. Nola da posible mirari hori? Bada, beti garelako kantu berri bat. Beti ari gara sortzen, beti egokitzen, mundualdi bakoitzean eta garai bakoitzean.


Bereterretxeren kanthoriarekin hasi eta Euskal Herria B abestiarekin amaitzen da lana. Tarte horretan abaniko zabal bat proposatzen duzu.

Hala da. Euskal Herriaren ikuspegi jakin bat eman nahi dut, neure ikuspegia; bai historikoa, bai geografikoa eta bai esentziatik oraingo euskal identitate berrietaraino, Zuberoako borda batean anonimo batek sortzen duen kantutik orain euskal identitate berri bat eraikitzen ari diren erdal eremuetaraino. Horrekin lotuta dago, nolabait ere, Sestaon [Bizkaia] izatea nire lehen kontzertua. Ikuspegi hori eman nahi du; izan ere, ba al dakigu zer esaten dugun ‘euskaldun berria’ esaten dugunean? Bakoitzak  geure txokotik hitz egiten dugu: Zumaiatik, Leitzatik [Nafarroa], Ondarroatik [Bizkaia]... Euskal Herriaren baitan, matriuska batean bezala, Euskal Herri asko daude, eta nik denak nahi ditut barnean hartu, euskal identitate baten ikuspegi orokorra emateko lan honekin.


Horregatik daude disko honetan ere presente Lauaxeta eta Garcia Lorca?

Bai, propio sartu ditut. Lehenago ere lan egin nuen bi pertsonaia horien bueltan, ELE. Lorca-Lauaxeta izeneko antzezlanean, baina honetara ere berriro ekarri nahi izan ditut, nire diskurtsoaren parte direlako. Azken finean, Lorcak eta Lauaxetak balio didate euskal identitate horren eraikuntzarako. Gainera, bien artean bada istorio bat: Lauaxetak  hitzordu bat eskatu zion Lorcari gutun baten bidez, eta, hain justu, gutun horrekin hasten da Hotel Torrontegi kantua.


Lan honetan abestu egiten duzun arren, bestelako erregistro edo teknika bat darabilkizu zenbait kantutan: spoken word delakoa. Hori ere berria duzu.

Nik uste dut nire estilora ongi egokitzen den teknika dela, erdi kantatua, erdi errezitatua. Nire testu motari ere ongi datorkio, pixka bat intimoa eta kolektiboa da, pertsonala eta historikoa uztartuz, eta errimaren erabilera librearekin. Hitz egin eta kantatzea da, barne erritmo bati jarraituta. Horrelakoak dira Lurpeko erreka, Kantu hau kantatu eta Euskal Herria B abestiak. Bestalde, Beti kantu berri bat izeneko poema liburua dago, eta horri guztiari buruz hitz egiten du. Asko biluzten naiz bertan: berriz ere, euskarari eta identitateari buruz ari naiz, intimoa eta historikoa uztartuz, errima librean, spoken word modura irakur daiteke poema.


Bertsolaritzako segidillaren tankera ere badauka.

Beno, azken finean, nire estilora ongi egokitzen den ildo horretan kokatuko nuke; iraupen luzeko testuak eta errimatuak, alegia. Segidillak egiten ditut Kantu bat garako zuzenekoetan ere; beraz, ongi datorkit, bai.


Kantu bat kantatu abestia, adibidez, biografia moduko pieza bat dela esan daiteke. Zalantzarik ez dago, behintzat, erabat biluzten zarela bertan.

Kantu hori duela hilabete batzuk atera genuen, eta hor abesten dut nire bizitzan nola edo zergatik iritsi naizen kantu hori kantatzera. Gernika ez balute bonbardatu, nik ezingo nuke kantu hori kantatu, ze beste bat izango litzateke gure hizkuntzaren egoera. Xabier Amurizak ez balitu bertso eskolak asmatu, ni ez nintzateke bertsolaria izango. Ez nuen bidaia hori egin, ez banintz han izan... Gure historia kolektiboaren eta nire historia pertsonalaren arteko txirikordatze bat da. Asko gustatzen zait hori egitea, antropologia hori egitea; hau da, zergatik garen garen bezalako eta naizen naizen bezalakoa. Batzuetan norberak nolakoa den ulertzeko ulertu behar du bere aurrekoak zer izan diren, eta aurretik gertatutako gauza guztiak.


Argi dago hausnarketa sakona dagoela disko-liburuaren atzean.

Disko-liburua baino gehiago da herri proposamen bat, herri ikuspegi bat. Nire kontzertuak ere hala izaten dira: emanaldietatik harago doaz nire zuzenekoak. Hori nire motibazio nagusia izaten da, bizi naizen herriari eta garaiari nire ekarpena egitea, eta nik jaso dudanak aurrera egitea. Nik ahal dudana egingo dut bide horretan. Ez da hainbeste nire helburua abeslaria edo poeta izatea, baizik eta edozein bitartekorekin eragitea.


Zure abestietan jende asko aipatzen duzu, omenaldi gisa, eta, halaber, kolaborazio hainbat izan dituzu. Zure ondoan jende ugari dago. Oso ongi babestuta aritu zara, beraz.

Egiten ditudan gauzak koralak izatea dut gustuko, parte hartzaileak eta irekiak. Nire sekretuetako bat da jende onez inguratzea, eta halako lagunez inguratzen zarenean, normalean gauza onak ateratzen dira. Kontziente naiz ni neu naizena jende askori esker naizela, eta jendartekoa sentitzen naiz, oso soziala. Kolaborazio asko egiten ditut, eremu askotan eta jende askorekin, eta horrek gero bueltan asko ematen dit niri. Jendeak bere besoak zabaltzen dizkit, eta eskuzabaltasunez nire proiektuetan parte hartzen du. Oso eskertua nago, gainera, nire bizitzako idolo askorekin lan egiteko aukera izan dudalako. Orduan, asko zor diet beraiei, eta gustatzen zait aitortza egitea.


Idolo hitza aipatuta, Nostalgia abestian Silvio Rodriguezek  parte hartu du, eta, gainera, euskaraz jarri duzu abesten.

Nire bizitzako bidaia lagun handi bat da Silvio. Ume-umetatik oso presente izan ditut bere kantak eta bere balioak. Orduak pasatu ditut amaren etxeko logelan bera  entzuten kaseta zaharretan, eta geroztik, zenbat kilometro autoan eta zenbat afalostetan lagunekin kantuan... Bere hainbat kontzertu ere ikusi ditut. Niretzat amets bat zen. Nire planteamendua da amets guztien bila joatea, nire buruari mugarik jarri gabe. Bazirudien ia ezinezkoa zela Silvio Rodriguezek euskaraz abestea ni bezalako ezezagun batentzat, baina amets egin nuen, ausartu nintzen eta lortu dut. Opari bat izan da, ez bakarrik niretzat, baizik eta Euskal Herrian dituen milaka jarraitzailerentzat ere bai.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide