A30 greba feminista orokorra

Zaintzaren aulki hutsak betez

Mireia Galarza Bastida, Urtzi Oteiza eta Gorka Eizagirre 2023ko aza. 23a, 10:00

Gizartea zahartzen ari da, geroz eta adineko gehiago egongo direla diote datuek, eta horrenbestez, baita zaintzaileak ere. Zaintzaile horien artean koka daitezke ordainpeko etxez etxeko langileak.

Zaintza sistema errealitate konplexua da. Asko dira ekosistema horretan sar daitezkeen taldeak, baina, zalantzarik gabe, pisu handia hartzen dute ordainpeko etxeko langileek. Beren kabuz edo enpresa batekin, batzuek egoiliar langile moduan jarduten dute, eta besteek gauez edo asteburuetan zaintzen dituzte adinekoak. Badira astegunetan ordu jakin batzuk aitona-amona horiekin egotea tokatzen zaien langileak, baita zeregin batzuetarako etxez etxe lan egiten dutenak ere. Horiek eta beste askok osatzen dute etxeko langileen kolektiboa, tartean Paula Gomezek (Azpeitia, 1993), Paola Muñozek (Kolonbia,1972) eta Beatriz Sulma Romerok (Argentina, 1962).

Romero Argentinan bertan hasi zen adinekoak etxeetan zaintzen, 2004an, eta harrezkero, hainbat lekutan aritu da lan hori egiten. Muñozek etxean zaindu behar izan zituen familiako kideak, lehenik ama –orain dela hamabost urte hil zena–, eta ondoren senarra, duela hiru urte zendu zena. Euskal Herrira iritsi zenean hasi zen etxeko langile moduan lanean. Gomezek bestelako lan batzuk eduki ditu orain gutxi arte, besteak beste, supermerkatuko langilea eta zerbitzaria izan da, eta otsailaz geroztik, Biharko adinekoentzako etxeko arreta zerbitzuko enpresan ari da lanean, etxez etxe. Besteak beste, otorduak ematea, adinekoak dutxatzea edo haiei konpainia egitea tokatzen zaio. 

Traturako trebetasuna

Hirurek azaldu dutenez, "gustura" daude arlo horretan lanean, "egunero zerbait ikasten delako". Horrez gain, hiru emakumeek diote atsegin dutela "jendearekin harremanak izatea", eta horretarako ez duela "edozeinek balio". Horri zera gehitu nahi izan diote Romerok eta Muñozek: "Latinoamerikarrak, gainera, oso irekiak gara, eta ez dugu inolako arazorik adinekoak maitasunez tratatzeko. Gauzak gustuz eta pasioz egiten ditugu". Bestalde, Romerok ez du ahaztu nahi izan adinekoek izan beharko luketen erabakitzeko askatasunaz. Izan ere, haren ustez, oso garrantzitsua eta beharrezkoa da zainduek nahi dutena errespetatzea: "Ni beti saiatzen naiz galdetzen adinekoari ea zer jantzi nahi duen edo nora joan nahi duen kalera irtendakoan. Ezin dugu ahaztu haiek ere pertsonak direla, eta garrantzitsua da haiei ere erabakitzeko ahalmena ematea".

Paula Gomez etxez etxeko langilea. (Mireia Galarza Bastida)

Hiru emakumeen ustez, beraien lana baloratzen da kanpotik, nahiz eta Gomezek garbi utzi nahi izan duen "denetik" dagoela. "Nik uste dut gizartea jabetzen dela gu aitona-amona horiei laguntzen ari garela, hori delako gure lana", dio Gomezek. Romerok esan du, gainera, beraiek "edozein egunetan lan egiteko prest" agertzen direla askotan, eta hori ez duela edozeinek nahi. "Guk lana ondo egiten badugu, erantzun ona jaso beharko genuke; ez dago besterik. Guri lana eskaintzen badigute lan egingo dugu, hori ez da lana lapurtzea", dio determinazio osoz Muñozek.

Beti zerbait hobetzeko

Arlo horretan lanean gustura ari diren arren, Gomezek adierazi du lan oso gogorra dela: "Azken finean, pisu askorekin ibili behar dugu, eta etxe guztietan garabiak sartzen ez direla kontuan hartuta, zaildu egiten da lana". Gainera, haren kasuan, etxez etxe mugitzeko autoa ere behar duela azaldu du, eta hori nominan ordaintzen dioten arren, ez dela nahikoa uste du. "Egia esateko, gehiago kobra genezake", gaineratu du.

Hala eta guztiz ere, bera baino egoera okerragoan dauden lankide batzuk aipatu ditu azpeitiarrak; egoitza batzuetako langileak, alegia. "Batzuek oso denbora gutxi izaten dute oinarrizko ekintzak betetzeko; egoiliarrak garbitzeko, adibidez. Dena den, nik ezin dut gehiegi hitz egin, ez naiz eta eremu horretan aritu", eman du aditzera. Muñozek ere aipatu du "errespetu falta txiki batzuk" jasan izana, baina ez direla gehiegizkoak esan du.  

Paola Muñoz eta Beatriz Romero etxez etxeko langileak. (Mireia Galarza Bastida)

Hobetzeko gauza asko egin daiteezkela jakitun izanda, azaroaren 30eko zaintza komunitario publikoaren aldeko Greba Feminista Orokorra "begi onez" ikusi dute etxeko hiru langileek; "beharrezkoa" iruditzen zaie. Izan ere, ELA sindikatuaren arabera, Euskal Herrian egiten diren lan guztien %61 zaintza lanak dira; batzuk ordainduak, eta besteak ordaindugabeak. LAB sindikatuaren arabera, 164.000 emakume inguruk egiten dute lan doan etxeko zaintzan urtero Euskal Herrian. Datu gehiago: iturri beraren arabera, Hego Euskal Herrian, esaterako, zahar etxe guztien %12 soilik da kudeaketa publikokoa.

Datuak datu, askotan ez da hain erraza greba egitea, eta hori gertatzen zaie Gomezi, Muñozi eta Romerori. Azpeitiarrak azaldu duenez, egun horretan lanik egingo ez balu soldata txikiagoa izango luke, eta hori ezin du "jasan". "Ama bakarra naiz, eta diru hori behar dut hilabete amaierara iristeko. Azken finean, ume bati jaten eman behar diot, eskolaz kanpoko ekintzak ordaindu... Magia ezin da egin", dio. Muñozek ere "ezinezkotzat" jotzen du egun horretan greban egitea arrazoi beragatik, baina azaldu du "ahal duten denak" animatzen dituela bertan parte hartzera. Romero, berriz, ez dago ziur, baina parte hartzea gustatuko litzaiokeela esan du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide